Tomate saltsaren afera
Tomate saltsaren afera –
Leire Narbaizak Kalamuatik Txargainera blogean.
Udako misterio txikia
Abuztu honetan, oporretan, gauza bitxi bat gertatu zait. Jatorduak prestatzeko aukera izanda, eta etxetik ia guztia eroan arren, beti falta da zeozer. Kasu honetan, arroza kubatar erara egiteko tomatea ahaztu! Pote bat erosteko asmoarekin dendara joan nintzen.
Inguruan janari denda bakarra zegoen, txikia, udatiarrendako supermerkatutxo bat. Ez dut esan, baina mugaz beste aldean nengoen, Frantziako errepublikan. Denda txika izan arren, ez nuen aurkitu tomate-saltsarik, tomate frijiturik. Ezta tomate natural kontserbarik ere. Dena zen tomate boloniar erara, napolitar erara, tomate arrabiata… Italia oso presente apal zati hartan, baina arrozarekin nahasteko, ez oso egokia.
Arraroa egin zitzaidan, baina pentsatu nuen super txiki bat izanda, produktuak falta izatea normala izan zitekeela. Baina irudipena nuen zeozer arraroa zegoela.
Jakina, ikertu nahi nuen (eta arroza prestatu). Beraz, hurrengo egunean, herri batera joandakoan, zentroko beste denda batera joan nintzen. Hau ere ez zen oso handia, baina eguneroko premiak asetzeko baino askoz gehiagorako ere bazuen apalategietan.
Saltsen atalera jo, eta han aukera oso zabala, baina tomate-saltsarik ez! Italiako guztiak, baina tomate frijiturik (edo naturalik kontserban) ez! Aurkitu nuen bakarra tomate coulis bat izan zen, zati barikoa, behar nuena ordezka zezakeena.
Bada, erosi eta kozinatu nuen arroz hura. Egia esatera, ez zuen esperotako gustua, baina ez zegoen gaizki.
Halere, kontuak kuriositatea piztu zidan. Ez nuen ezer ulertzen. Guretako tomate egina (gurean horrela esaten zaio) eguneroko jakia da –hozkailu-hondoa modaren hizkera erabilita–, ia edozein plateretan agertzen zaiguna, goarnizio. Oso tradizionala, plater askotan erabiltzen den osagaia, gainera. Intrigak gora egin zidan.
Betikoa da tomate egina gurean, amamak udazkenero prestatu, potetan sartu, eta kontserbak egiten zituelako urte guztirako: tomate egina eta piper erreak. Bizitza guztiko kontu bat. Baina norbaitek esan lezake: zer da bizitza guztia? Beharbada, lehenago ez zen halakorik egiten-eta.
Horretarako ere amamaren historia bat daukat, beti kontatzen ziguna tomate-entsalada jatean, batez ere. Baserrikoa zen, baina aita marinela, munduan zehar ibilitakoa lanean, eta beste mundu bat ere ikusitakoa. Birraititak tomatea gordinik jaten zuen, eta sekulako higuina eragiten zien gure amamari eta familiako beste kideei, eurek beti kozinatuta (saltsan/frijituta/egina) jaten zutelako. Beraz, ez da atzo goizeko kontua tomate-saltsarena.
Hori guztiori buruan jira-bueltaka nerabilen hipermerkatu bateko tomate apaletara joan nintzenean, jakin-nahia asetze aldera. Eta harridura handitu baino ez zitzaidan egin. Eskaintza oso zabala zen, italiarra, ordura artekoa berretsi baino ez zidana egin. Halako baten, bazter batean “tomate frito” etiketa zuten flaskoak aurkitu nituen, gaztelaniaz etiketatuta, denak marka espainiar ezagunak zirelako.
Orduan nire galdera da tomate saltsa hutsa produktu espainiarra da? Estatu espainiarrean gurean beste erabiltzen da? Hego Euskal Herrian askotan jaten bada ere, Iparraldean produktu arrunta da? Ala piperradarekin nahikoa dute?
Norbaitek “tomate-saltsaren afera” honetan lagundu baliezadake, benetan eskertuko nioke!
Tomate saltsaren afera
Ba zure ikerketatxoari erreparatuta, litekeena da latako tomate frijitua jaki espainol-espainola izatea, internazionalak direla oker uste dugun beste gauza asko bezala: gabonzaharreko mahatsak, persianak, eguzkilore hazi xigortuak (pipak)… Ez dago “Espainiatik” irtetea bezalakorik horretaz konturatzeko. Iparraldeko euskaldunen laguntzaz ez litzateke oso zaila zerrenda bat osatzea.