Zenbat euskañol egiten duzu?
Zenbat euskañol egiten duzu? –
Aurten Euskal Herriko hainbat lekutan ibiltzeko aukera izan dut. Baita bertako hiztunekin solasean aritzeko aukera ere. Inoiz baino gehiago entzun dut euskaraz… baina harrigarriena zera da: zenbat gaztelania tartekatzen den! Zenbat euskañol egiten den!
Zerbait adierazteko, euskarazko hitz edo espresioa ezaguna egonda ere, hiztunek nahiago dutela erdarazko bertsiora jo. Hona hemen bildu ditudan espresio horietako batzuk:
-
- sin mas – beste barik
- tocando las pelotas – potroak ukitzen
- tontolaba – babalore/artaburu
- está cojonudo/de puta madre! – itzel dago!
- hay que joderse! – jasan behar be!
- no me jodas – ez izorrau
- como los chorros de loro – pinpirin dago
- del copon de la baraja – kristolakoa
Harrigarria badirudi ere, euskaldunberriek erreparo handiagoa dute erdara “besterik gabe” sartzeko, euskaraz ari direnean. Txarto egiten duten sentsazioa dute. Euskal hiztunek normaltasun osoz tartekatzen dute, ordea. Baina harrigarriena zera da, euskararen “aldarria” egiten duten askok ez dutela ahaleginik euskañol gutxiago egiteko eta euskara txukunean egiteko. Ez dute, ezta hitzak “euskaratzen”, baizik eta zuzenean gaztelaniaz bota.
Adibidez, “escoba” esaten dute “erratza” ordez. Ez dute ezta “eskobie” edo horrelakorik erabiltzen.
Beste aldetik, ordena gaztelaniaren arabera egiten da. Gaztelaniazko pentsaera edo eskema mentala buruan duen batena egiten du jende pilo batek: “Hemen, mahaian dago” esan ordez, “Dago hemen mahaian” entzuten da.
Gaztelaniaren hitzez hitzezko itzulpen literala da: “Está aquí en la mesa.”
Gaztelaniaz norbaitek “Aquí, en la mesa está” esango balu, erdal hiztun batek automatikoki zerbait arraro detektatuko luke. Agian konturatuko litzateke “euskarakada” esan duela, euskararen ordenaz jakitun bada. Antzineko euskaldun petoek horrela hitz egiten zuten. Izan ere, euskararen ordena buruan zuten eta gaztelaniaz egitean, euskaratik itzulpen literala egiten zuen. Gaur egun, ordea, gutxik egiten dute. Are gehiago, batzuek horrela egiteagatik besteen trufak entzun behar izan dituzte. Euskararen ordena traketsaz ez da, aldiz, jendea konturatzen. Esan daiteke normalagoa dela “erdararen kalkoa” entzutea, euskararen jatorrizko ordena baino (non aditza, oro har, bukaeran egoten den).
Baina harrigarriena euskara irakasle batzuen aldetik datorkigu. Ikasleen aurrean etengabe zuzentzen daude, baina gero beraien artean, erdia ere, erdaraz egiten duten irakasle batzuk ikusi eta entzun ditut. Horretaz konturatu nintzen hainbat irakaslerekin elkartu ondoren. Ez dakit kontzienteki edo ez-kontzienteki egiten duten (agian, pertsonaren arabera). Euskara irakasle bati konpromisua eta militantzia suposatzen zaio. Euskara irakasteko, benetako bokazio sendoa izan behar duzula uste dut.
Ulergarria da jende askok erdarakadak sartzea -nik neuk egiten dut, baina normalean ez dakidalako euskaraz esaten eta saiatzen naiz alternatiba txukunagoa bilatzen-. Baina irakasle batek arreta gehiago eduki behar duela suposatzen zaio. Batez ere euskara irakasleen artean, non biek ezagutzen duten zer den “zuzen” hitz egitea eta “elkar ezulertzeak” ez diren egongo euskaraz egiteagatik. Beraz, esan daitekeutzikeria nabaria dela.
Eta zuk, zer uste duzu?
Zuk zeuk zenbat euskañol egiten duzu? Erdarazko hitzak, espresioak edo egiturak sartzen dituzu? Nahita edo nahigabe?
Oharra: Ni neu barakaldarra naiz eta nire guraso eta lagunak ez dira euskaldunzaharrak. Nire giroa ez da euskalduna. Nik neuk etengabe ikasi behar eta ikasten dut. Asko dut ikasteko oraindik, eta ziurrenik inoiz ez dut euskaldunzahar peto bat bezain polito eta natural hitz egingo, baina beti egingo dut aurrera eta gogotsu ikasiko dut, bizitza osoan zehar, egunez egun.
Zenbat euskañol egiten duzu?
Hain ondo deskribatzen dituzun sintoma horiek arrunt normalak dira galbidean dagoen edozein hizkuntzatan, eta agintari euskaltzaleak bagenitu, zehatz eta sakon aztertuko lirateke egoera soziolinguistikoaren osagarri oso adierazkorra eta aintzat hartu beharrekoa delako. Hizkuntza bat galtzen denean, hiztun kopuruaren murrizketarekin batera, kalitatearen murrizketa gertatzen delako ezin bestean. Baina tamalez, hizkuntza politikaren arduradunek nahiago dituzte poziktibity eta kopuru puztuak errealitate gordina baino. Den-denak gorde gaitzala!
Gai honetan batua eta euskalkien liskarra tartean dagoela sumatzen dut. Nire iritziz, euskañola kaleko mintzaira bihurtu denez euskalkidun askok euskañolizatu den euskalkia jatorra dela uste dute.
Juaninaziok ituan eman du. Euskañola eta euspañola, euskararen ordezkapen prozesuaren adierazpen ozenak dira. Baina Bascauntryko euskalgintza beste lan batzuetan murgilduta ei dabil, eta alderdi abertzaleentzat euskara zama bilakatu zen aspaldi. Nortespañismora goaz buruz behera.
Oro har, ados nago esaten duzunarekin, bai eta goiko iruzkinekin ere. Dena den, batzuetan, gauzak ez daude hain argi.
Euskaldun askorentzat “eskoba” euskal hitz garbia da, gutxienez “zapata” eta “arbola” bezain.
Hitz-ordenari dagokionez, ikusi Peru Abarkako adibide hauek:
– Daukadaz seme bi ta beste ainbeste alaba.
– Daukaz buruba, bularra, ta sabel beekua.
– Dakustaz nik iru ta lau etxaguntzaren jaube dirianak, zoorrez beteta, bururik jaso ezinda, gosia emoten deutseela euren ume ta ogitukuai.
– Ni nas iru etxaguntzaren jaube.
– Darua agoia urtzalliak mallutzarpeti gabi-igunaren azpira.
– Badakit orain nor dan agure kantore au. Da ordi pusiga etxe guztija ondatu dabena.
– Nabil batetik ta bestera ardi ta auntzak erosten.
– Dira sona, dulabre, ta askotakuak. [Emakume euskaldunak]
Horra euskaldun elebakar peto batzuen ahotan jarritako esaldiak. Esango zenuke erdarak eragin diola hitz-ordenari?
Gogoratzen dut aspaldiko denbora bat nun Uztaritzeko euskaldun zaharrek, karrikakoek behintzat, asmatu zuten jada euskañol edo euskantses bitxi bat nun solasaldi baten esaldi guzi-guziak hasten zituzten euskaraz, erdiraino, eta den-denak frantsesez bukatzen zituzten. Eta hau solasaldiko esaldi guzietan. harrigarria zen, irringarria bainan horrela zen.
Zergatik ba joera bitxi hau euskara eta frantsesa biak untsa zakizktelarik, eta egiten ahal zutenean aldi bartean dena euskaraz eta bestean dena frantsesez?
Beharbada denbora piskat lehenago frantsesez hitz egiteko joera zuen bati trufaz erraten ziotelako “frentximenta”
Nahi duzuna Garrett, Mogel literatur lan bat sortzen ari zen eta ni ez naiz lizentzia horietan sartuko, baina “dira oso egokiak” esaldia OKERRA da. Iratik arrazoi du espainieraren sintaxia asko, edo gehiegi bederen, sartzen ari dela gure hizkuntzan
Nahi duzuna Garrett, Mogel literatur lan bat sortzen ari zen eta ni ez naiz lizentzia horietan sartuko, baina “dira oso egokiak” esaldia OKERRA da. Iratik arrazoi du espainieraren sintaxia asko, edo gehiegi bederen, sartzen ari da gure hizkuntzan
Aurreko iruzkin bikoitzari erantzunez, tentuz ibili behar da hain kategorikoki esatean, bereziki hitz-ordenari gagozkiola, zerbait OKERRA dela. Hona Bittor Hidalgoren aipu luzetxo bat, kontu honetan argi apur bat egingo duelakoan:
** Eta gure autore gehienengan aurki ditzakegu aditz trinkoak ere zuzenean emanak esaldi hasieran, segidakoon antzekoak:
– …eta DAUCAT asmo sendoa ez zu berriz ofenditceco seculan. (F. A. Aguerre, Oikiako Dotrina, 1759 -1987-, 532)
– CIJOAN beñ Jesus Galileara. (J. B. Aguirre, Eracusaldiac I, 1850, 40 or.)
– DEITZOT, Ama, gudarik dan edo eztan ziartu eztakigula,… (Tx. Agirre, Auñamendiko Lorea, 1897 -1966, I-, 14)
– …; urrutira dijoana ezkontzera, edo DA engañatua edo DIJOA engañatzera. (Tx. Agirre, Garoa, 1912 -1966-, 115)
– …, eta DATOR ondoren jende pilla bat. (T. Alzaga, Burruntziya, 1931 -1990-, 125)
– …ZAGOZ pobre, bearturic, cer jan ta janci ez dozula;… / DOZU senar bat jocolaria,…; DAUCAZU senar bat edan charrecoa,… DAUCAZU emazte bat ernegaria, bicia,… / DAUCAZUZ seme alaba deunguero aciac, muquerrac,… /ZARA otseiña, serbitzaria,…; DOZU ugazaba ta ugazabandre bat guztiz estua,… / DAUCAZU faltaren bat gorputzean;… ; edo ZAGOZ beste penaren bategaz;… / DACUS neque pena baga egonic galduco ciñatequela:… (P. A. Añibarro, Nekea Arindurik, 181? -ASJU, 1986- 221-3 orr.)
– …, aitcitican DA escola bat becala, (P. Argaiñaratz, Devoten Breviarioa, 1665 -1910-, 2)
– …(Farreguizu, farreguizu, milla mingañec baño zure farrac gueyago esaten dit eta.) DA esaten baciñit becela -Ez negarric eguiñ, arnacho,… (G. Arrue, Bravanteco Genovevaren…, 1885, 39)
– (…konparazino bat…) Eta DA konparazinoa: (Gizon batek erein zuen bere landan hazi ona,…) (P. Axular, Gero, 1643, -1976-, 133) / (…arrazoin ona…) Eta DA arrazoiña: (Prometatu zerauen, igurikiko zerauela ehun eta hogoi urthez,…) (135 or.) / DIO doktor hunek ezen behin gizon saindu batek ikhusi zuela bere espirituan,… (277 or.)
– (¿Zer da guztientzako Erabagia?) DA Erabagi agiri bat,… (R.M. Azkue, Baionako Dotrinaren itzulpena, 1897, 6) / EUKAN seme bat azkarra, zolia ta ona;… (Grankanton arrantsaleak, 188? -Euskera,1988-, 382) / ITZAN [ZEN] Mari’nasi (Mari Manun alaba zarra) amasei urteko neskatila bat gorputzez ederra ta arimaz ederragoa. (Peru Matraka ta Pedr’anton, 1889-90, 56) / (…Diputazinoiak aintzat eta ontzat artu dau, Donostiako euskalzale batzuk eginiko eskaria;) eta DA, Gipuzkoako kale erdalizendunai euskerazko izena ondoan ezartea. (Euskalzale, 1897, 7) / (…embajadoreak paper bat emon dautsa Turkiako agintariari,) eta DIRAUTSA entzun daizala beste errietako bialkinen eritxiak,… (Euskalzale, 1897, 7) / …; eta DIO Lamiak, ibiltzean, oinatz (rastro) biribila uzten zutela. (Lamiak Euskalerrian, Euskera 1927, 96)
– ZAN egun bat eguzkirik gabea. (A. Campion, Okendoren eriotza, 1883 -Leiendak, 1990, EEE-, 136)
– (…, gauza miragarri, ta ecin ucatucodan bat arquitucodu,) eta DA, Euscaldun bacoizac bere Izquera ceñera, ta armonía ederrean gordetcen duen,… (A. Cardaveraz, Eusqueraren Berri Onac, 1761, 12)
– Ai, ene semea, NAGO heian buru gogorra duzunetz. (J. Duvoisin, Laborantzako Liburua, 1858 -1986-, 95). / DIOZU ez duzula ikhusten arbolajorratzerik. (178)
– DIO Caton cuhurrac:… (J. Etcheberri, Laburdiri escuararen hatsapenac, 1712 -1907-, 89) /(Cerda verboa?) DA perpausaren parte bat ceina… (…escuarazco hatsapenac latin ikhasteco, 1712 -1907-, 282)
? NAGO, hain baitzen ona, egarri ginen baino ardurago ez ginuenez hurrupatzen;… (J. Etchepare, Buruchkak, 1910 -1980-, 84). / DAUKAT ez dela gizonik galde hoitarik bakar bati ihardets dezakenik. (109)
– DIRADE gure fedearen misterioric principalenac,… (J. l. Guerrico,
Cristau Doctriña 1, 1858, 31)
– …, eta ZERITZAN Jacob. (F. I. Lardizabal, Testamentu zarreco…, 1855-1887-, 36) / DACUSU zartu naizala,… (39) / CIOTSAN, bada; Het-en alabac vicitzez asperturic naucate,… (41)
– Edo DA biotzecoa, edo ez da;… (M. Larramendi, San Agustin eguneko sermoia, 17?? -1990-, 69) / DIOT bada aren santutasuna are andiagoa dala aren argia baño. (69)
– …, serren DAUCAT gaurr asco sereguin. (R. Micoleta, Modo Breve de aprender la lengua Vizcayna, 1653 -1897-, 23)
– DAUCAT Jangoicuac emonda emazte otzan, baquetsu,… (J. A. Moguel, Peru Abarca, 1881, 92) / DAUCADAZ seme bi ta beste aimbeste alaba. (93) / DACUSTAZ nic iru ta lau echaguntzaren jaube dirianac,… (93) / NUA vidia edeguitera… (132)
– …, eta DAUCAT confiancia ceure ontasun, eta misericordija chito andijan,… (B. Olaechea, Dotrina Cristianea, 1763 -1848-, 11)
– Bagnan CIREN sodomaco Iendéac gachtóac eta haguitc bekhatóreac Eternalaren contra. (P. Urte, Biblia, Ethorquia, 1700 -1894-, 23)
Egia da esaldi hauek ez direla inoiz izan euskaraz, estatistikoki, kopuru nahikoa txiki bat baino. Zergatik, ordea, gaitzetsi erderismoaren estigmarekin, Azkue-Altubez geroztik egin den bezala? Berriro ere nahikoa da gure belarriak pixkaren bat irekitzea, konturatzeko, zenbateraino diren halako esaldiak, usuzkoak ahozko euskaran, hiztun hoberenarengan ere.
Zuhurtziaz ikasi behar genuke, aditz trinkoak ere hainbateko maiztasunez agertzen direla euskaraz esaldi hasieran; eta, batik bat, aditz perifrastikoak bezalatsu: galde-erantzun jokoetan (Dotrina gaitzetsietan horren maiz bezala); entendimentuzko aditzen kasuan (Diot, Nago, Daukat, Dakuszu,… eta kidekoak); maiz kopula bera (da, dira), edota antzeko aditzak, oso testuinguru zehaztu baten ondoren, esplikatibo modura (Gauza bat esan nahi dizuet, eta da…; Esango dizuet non dagoen. Dago…, modukoak); baita ere, nahiz nahikoa bakanago, beste nolanahiko aditzak, goiko adibideen artean suma litekeen bezala. Eta, berriro, halako erabilera bat zilegiztatzeko, nahikoa dirudi, aditz perifrastikoen kasuan bezalaxe, aditza galdegaiarekiko multzo foniko independiente batean
ematearekin, eta gorantzako entonazio bat gordeaz, iragartzen ondoren emango diren prediku-zatien garrantzia. Berriro, azterketa estatistiko zabalago batek lagundu beharko liguke hobeto ezagutzen, esaldi hauen maiztasun konparatiboa, nola euren erabileraren testuinguru zehatzagoak.**
Bittor Hidalgo: “Euskal joskeraren mito kaltegarriak (eta III). Aditza maiz euskaraz esaldi hasieran”
Literaturatik ateratako adibide interesgarri horiek ahaztu gabe, nago guztiok bat etorriko garela ” es ke zara la.ostia tio euskanoltzat jotzerakoan. Dena den pixkanaka garatzen den edozein aldabidean lez, errazago anzematen dira muturreko kasuak erdibidekoak baino. Esaterako, hemen proposatzen diren euskarazko hainbat itzulpen nahiko euskanol egiten zaizkit. Tocando las pelotas, zirikan edo alukeritan itzuliko nuke. Hay que joderse, hori ere!. No me jodas, alde egin ezak hemendik! Como los chorros del oro, mirua egondako haitza bezala. Guztiak itzulpen litareletik urrun, guztiak euskaldun ahotan neronek natural entzundakoak, baina auskalo zenbatentzat ezagun.
Hemen duguna, nire ustez, garbi eta aratz, giputzaren espainolaren ezagutza eskaxa baino ez da. No me jodas eta alde egin ezak hemendik horiek ez dute antzik ere, Porque vete a tomar por culo y no me jodas son dos cosas muy diferentes, giputzak ez dakizkienak. Hoa apapa, hoa zakurraren ipurdira, horiek bai. Bestalde, “·Ez etorri koplekin” ´” Behar da gero! Zirikan¿? Nafarroan badakigu hori zer den, hitza geronena baita, zirikiatu, eta tocar las pelotasetik ez du deus ere, bueno , zer entenditzen den. Fastidiar, incomodar, hori bai, zer hemen hori ez dugu esaten eta, hemen beti ere “tocar los huevos” eta tocarse los huevos bi kontu arras ezberdinak baitira. Eta bestela giputza nor den segituan atzemanten baitugu. Zer giputza izatea oso gauza nekeza baita.