Europar Batasuna eliteen tresna
Europar Batasuna eliteen tresna –
Europar Batasuna (EB) aurrerapena eta aberastasunarekin lotu ziguten, Espainia 1986an sartu zenetik. Diktaduraren itzala atzean uzteko gure inguruko herrialde guztiz demokratikoekin nahastea bide bikaina zela esan ziguten, eta etorkizunean Amerikako Estatu Batuei hegemonia politikoa kenduko zion europar erakundearen parte ez izateagatik, mundu berriaren eraikuntzan (Ekialdeko Blokea erortzear baitzegoen) baztertuta geratuko ginela mehatxatu gintuzten. Nola ezetz esan horrelako aukerari? Gauzak horrela, Felipe Gonzalez Presidentea zela, Europar Batasunean, nahiz eta momentuan Europar Komunitatea deitu, sartu ginen.
33 urte pasa dira hartatik, baina hitz polit guzti horiek ez ziren inoiz bete. Demokrazia nahi genuen, eta erakunde erdi-demokratiko batean sartu ginen. Hauteskundeak genituen, baina horietatik ateratzen zen Europar Parlamentua botere politika errealik ez zuen, eta erabakiak presidenteek eta lehen ministroek osatutako batzar itxi eta opaku batean hartzen ziren. Erabaki gehienak, ekonomikoak bereziki, elite ekonomiko eta finantzarioen onura bilatzen zuten beti; hala ere, horrek ez gintuzke harritu behar. Azken finean, elite haiek sortu zuten EB, eta haientzat sortu zuten.
Argi dago, eliteen interesak lehen momentutik azaldu zirela EBren historian zehar; honen adibide ugari ikustea oso erraza baita. Europar integrazioaren lehen urratsa merkatu komuna sortzeko proiektua izan zen. Europako Ekonomia Erkidegoa (1957) eta Europako Akta Bakarrarekin (1986) muga-zergak kendu eta zirkulazio askatasun osoa eman zitzaion pertsona, produktu, zerbitzu eta kapitalari. Hau da, merkatu nazionalak dituen erraztasunak EBko kideen lurralde osora zabaldu ziren. Batetik, enpresa handi eta finantza erakundeentzat mozkina eta merkatua handitzeko izugarrizko aukera zen merkatu komuna. Bestetik, enpresa txiki eta ertain asko itxi behar izan zuten; atzerritik etorri ziren enpresa handiekin lehiatu ezinean.
90eko hamarkadan Ekialdeko Blokeko herrialdeek EBra sartu nahi zutenean, erakundearen norabide ekonomikoa aldatzeko arriskua ikusi zuren elite ekonomikoek. Herrialde horiek ekonomia sozialista batetik zetozen; hori dela eta, baldintza neoliberal oso gogorrak ezarri zieten: merkatu ekonomia izatea, zerbitzu publikoak pribatizatzea eta gastu publikoa txikituz defizit publikoa ikaragarri murriztea. Ekialdeko herrialdeek neurri guzti horiek hartzean, jadanik zituzten krisi ekonomikoen efektu negatiboak areagotu ziren, eta beti gertatzen den moduan, populazioaren eskala baxuenean izan zituen ondorio latzenak. Letonia adibidez gastu publikoa %20 gutxitzera behartua izan zen; honek, osasun zerbitzuetan,hezkuntzan eta enplegu publikoan izan zituen efektuak ikaragarriak izan ziren, Ongizate Estatua suntsitzeko adina.
2008ko krisi ekonomikoak Europar Batasunaren aurpegi neoliberalena erakutsi zuen; estatuek zituzten defizit arazoen aurrean austeritatearen bidea ezarri zen. Elite ekonomikoentzat aukera bikaina zen zerbitzu publikoaren aurrean pribatua indartzea; horrela, enpresa handien mozkina areagotzeko. Taktika horrekin kalte gehien jaso zutenak langile klasea izan dira; lan baldintzak okertu dira, eta zerbitzu publikoen okerragotzea ekarri du.
Ondorioz, argi dago Europar Batasuna goian daudenen tresna bat izan dela hasieratik. Elite hauen onura bilatzeko sortu zen, eta edozein aukera erabiltzen dute beraien aldeko neurriak herrialde kideei ezartzeko. Erakunde honetan ez da kontuan hartzen gizartearen interes orokorra; ez zen helburu horrekin sortu, eta eliteek ez dute bere erreminta borrokatu gabe galduko.