Erabakia eta aterabidea (I)
Erabakia eta aterabidea –
Atzerakoiak, arraziztak, xenofoboak, gobernu eta media espainiarrek, baita ere zorigaitzez Frantziakoek, ez dute aski adjektibo gutiesgarririk katalandarren itxura zikintzeko iritzi publikoaren aintzinean. Hona hemen egia alegiatik bereizten duen artikuluaren lehen zatia.
Katalanak populu ideki eta ainitza dira, errotik europazalea, errepublikanoa eta aurrerakoia. Batzuk hala uste badute ere, ez da Katalunian populismo xenofoborik, antimigranterik edota eurofoborik. Betidanik europar hauteskundetan parte hartzea Espainiar estado osoan baino ainitzez goragokoa da Katalunian. Jendartea dinamikoa da eta kultura ainitzekoa izanez, Kataluniak urtero uholdeka erakartzen ditu turistak baita molde ezberdineko inbertsioak ere. Startup delakoak onddoak baino errexago sortzen dira, kreazio artixtikoak edota antzerki-dantza-musika festibalak bezala funtsean.
Ez da Katalunian
populismo xenofoborik,
antimigranterik
edota eurofoborik.
Jendartea dinamikoa da
eta kultura ainitzekoa.
Katalunia herri solidarioa da ere. Espainiak azkenik sufritu duen krisia ekonomiko denboran, legebiltzar autonomikoak bozkatu zituen funtsezko lege sozialak krisi imobiliarioa eta energiaren gorakada pairatzen zutenak zaintzeko. 2017ko migranteen lehen uholdeak ezagutu zirenean, manifestaldi erraldoi batek bete zituen Bartzelonako karrika guziak Alderdi Popularraren migranteen kontrako posturak goraki salatzeko.
Hegemoniarik inposatu gabe
Katalandar hizkuntzaren promozio boluntarista batek egin du Katalunia herri arrunt elebiduna, molde hortan kohesio soziala indartuz. Hizkuntz edo kultur hegemonia bat inposatu gabe, gobernu autonomo guziek ahalbidetu dute katalandar hizkuntzaren reabilitazioa, elebitasun egiazko bat errealitate sozial bat bilakaraziz. Funtsezko elebitasun hori jendarte katalanaren egiazko idekidura marka bat da dudarik gabe. Beren kulturaz eta hizkuntzaz harro, beti lehenetsi dute etorkinen integrazioa. Ez da harritzekoa beraz azken 10 urteetan 1,7 milioi kanpotiar instalatu badira Katalunian eta gauregun 40 bat hizkuntza mintzatuak badira. Nola esplikatu kontestu hortan gutti gora behera katalanen erdiek bat egitea errepublika independente baten nahikari irmoarekin ? Seguraski ohartu direlako arrunt ezinezkoa zela Espainia eta Kataluniaren arteko pakto autonomikoa modernizatzea edo arraberritzea frankismo denboran idatzia izan zelako. Mende laurden bat berantago “Estatut” berri bat adostua izan zen, lehenik parlamentu autonomoan ta gero Madrileko Cortesetan eta azkenik, aski ez balitz bezala, erreferendum bidez Katalunian bertan. Legitimitate demokratiko azkarra ukanikan ere, Estatut berri hori Alderdi Popularrak zalantzan eman zuen eta 2010an Auzitegi Konstituzionalak erabat indargabetu zuen, oinarrizkoak ziren puntu nagusiak legez kanpo emanez.
Mugimendu zibikoa eta demokratikoa
Borondate demokratiko eta herrikoi baten kontrako saldukeria gisa hartua izan da ostokada hori Katalunian. XXIgarren mende hastapenari egokitua izan nahi zuen Espainiako modelo autonomikoaren arramoldatze huts egite nazkagarri horrek du zapartarazi eta errotik indartu Katalunian independentzia osoaren aldeko mugimendu zabala. Gauregun katalanen %80ak bat egiten du erabakitze eskubidearekin eta %50ak sustengatzen du mugimendu independentista (duela 10 urte soilik % 15). Erran daiteke ainitzez tronpatu gabe, independentziaren aldeko uholde hori, mugimendu zibikoa, ez bortitza eta osoki demokratikoa bilakatu dela, sozialki sustraitua. Azken urteetako burujabetzaren aldeko manifestaldi guziak Europa osoan egin izan diren haundienak izan dira, aldi oroz milioitik gora jende bilduz giro alaitsuan. Mugimendu zibiko horren oinarria sakonki demokratikoa da: katalanen gehiengo zabal batek, izan independentista edo ez izan, bere herriaren geroaz erabaki nahi du libreki.