Makilak, zumeak eta lantzak, agintarien ikurrak

Makilak, zumeak eta lantzak, agintarien ikurrak –

Kuarrentak, Dantzan atarian.

.

Makilak, zumeak eta lantzak, agintarien ikurrak
Zume-bana eskaini die Errenteriko alkateak udal-batzako zinegotziei kargu-hartze ekitaldian. Argazkia: Eñaut Gracia.

Alkate izendapenekin batera agintea hartzerakoan udal batzuetan eta besteetan alkateek darabiltzaten botere sinbolo desberdinak azaleratu dira: aginte-makilak batzuetan, zumeak beste batzuetan eta lantzak gutxi batzuetan. Nondik norakoak dira aginte sinbolo horiek?

.

Aginte-makilak

Euskal udaletan zabalduena den ikurra makila da gaur egun. Makila dotoreak gehienetan eta euskal makilak zenbaitetan ere.

Zumeak

Makilak, zumeak eta lantzak, agintarien ikurrak
Altzagako alkatea XX. mende hasieran makila edo zumearekin. Argazkia: guregipuzkoa.eus

Euskal alkate askok darabilten aginte ikurra da zumea. Zume hori luze, zuzen ageri da batzuetan, baina gaur egun gehienetan borobilduta ageri da. Aginte onaren balioak biltzen ditu bere baitan zumeak: hautsi ezintasuna eta malgutasuna aldi berean. Neurria ere ematen zuen zumeak, sistema metrikoa indarrean ez zegoenean zumea izaten baitzen lurraren jabetza eta mugari buruzko gatazkak ebazteko erabiltzen zen neurria, eta agintariak izaten zuen neurri hori ematen zuen tresna, zumea, erabilera praktikorako, eta boterearen ikurtzat, biak batera.

Lantza

Udal gutxi batzuetan, durangaldean bereziki, lantza darabilte udal agintarien ikurtzat. Garai, Iurretan, Izurtza edo Zaldibarren ikusi ahal izan dira historikoki horrelakoak eta erabiltzen dira gaur egun ere alkateen aginte ikur moduan.

Antzinatetik gaurdaino

Egiptoko errege-erreginek, Greziako mitologiako jainkoek, enperadore erromatarrek, bizanziar agintari gorenek, Aro Modernoko errege-erreginek… Aro eta zibilizazio gehienetako agintariek erabili izan dituzte aginte ikurrak, eta antzekoak ageri dira guztietan. Gobernua agureen zeregina zenean agintari-makilak adinean aurrera zihoazenen nahitaezko laguntzaile izanik, adinaren eta boterearen ikur ziren aldi berean. Hain zuzen “zetroa”, “skeptron” grekotik eratorria, agureek ibiltzerakoan laguntzeko zerabilten makila zen antzinatean. Maiz, makilaren muturrean hosto edo fruituren bat jartzen zen, betiereko bizitzaren ikur moduan.

Erdi aroan, erregeen makilaren muturrean batzuk gurutzea jartzen zioten, beste batzuk hostoak, maiz lis lorea izaten zuten, zenbait errege-etxeren ikurra zena, eta beste batzuetan, hosto arteko fruitua gero eta handiago eta borobilago bihurtzen joan zen, bola handi baten tankera hartu arte.

Bolarekin loratutako makilek, maza izena hartuta ibilbide propioa egin dute eta gaur egun mazeroak izaten dira hainbat agintariren alboan, mazak eskuan dituztela.

Boladun makila eta mazeroen artean, beste aldaera bat danbor-nagusien buruzagi-makila da. Tradizio militarrean forma bereizgarria eta zuzentzaile erabilera hartu duena.

Euskal Herrian alarde eta danborradetan oso ohiko irudia da danbor nagusiak zuzentzeko darabilen aginte-makila.

Boladun makil apaindu hori bera Gipuzkoako dantzetan ere ageri da.

Informazio gehiago: Antxon Sorondo: Palos, bastones y makilas (Euskonews)
Makilak, zumeak eta lantzak, agintarien ikurrak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.