Hausnarketa(k) merezi du

Hausnarketa(k) merezi du –

Hausnarketa(k) merezi duNafarroan ariketa erraza da “euskaltzale” agertzea. Aski baita UPPN-PSN eta enparauen diskurtso amorratu eta gorrotoz betea arbuiatzea. Hori bai, baina beste ezer ez ohi dute egiten “euskaltzale” nafar askok eta askok euskararen alde. Egon bai, antza, baina egin apenas.

Aldaketaren Gobernuaren jardunari ere erreparatu beharko litzaioke gertuagotik, eta gutxiago argitaratutako adierazpenei eta antzeztutako prentsaurrekoei. Euskarari egindako maitasun aitortza platonikoek, erasoen aurreko indignazio-plantak eta “Euskadiko” Jaurlaritzarekin eta Iparraldeko Elkargoarekin batera burututako agerraldiek ezkutatzen dute Barkosen gobernuaren jardun pobrea, egitasmorik eza, eta diskurtso beldurtia. Iruñeko Udalaren hizkuntza politika ere, ez da ausartagoa, baina bego hurrengo baterako.

Miguel Izuk (IUko kidea bera) argitara eman du oso datu esanguratsu bat Noticias de Navarra egunkarian, UPPNren akusazio absurduei erantzuteko asmoz. Antza denez, 2011. urtean, UPN-PSN gobernua agintean, aztertu zuen Foru Administrazioan zenbat lanpostutarako eskatzen zen euskara: lanpostu guztien %9,3 ziren (horietatik %90 irakasleenak). 2018an aztertu du berriro kopuru hori, “aldaketaren” gobernuaren agintearen laugarren urtean: Foru administrazioan euskara beharrezkoa duten lanpostuak %8,3 baino ez dira egun. Unionistekin baino puntu bat beherago.

Tabua

Izuk datua argitaratu ez balu ez genuen egoeraren berri zehatza izango, Administrazioan Euskaraz taldearen salaketa ugariek nahikoa lorratz eman diguten arren. Aldaketaren kudeaketaren akatsak ez dira aipatzen gure inguruan. Larrienak ere ez. Eta UPPN-PSNren ingurutik datozen etengabeko eraso eta kritikei entzungor egiten diegu, halabeharrez.

Etsaia etxean

Izquierda/Ezkerra-CCOO bikotea omen dago honen eta oro har gobernuan euskaldunoi jarritako traba gehienen atzean. Baina gobernuaren egonkortasunaren mesedetan ez da jokabide horren salaketa publikorik egiten, eta bien bitartean, galtzaileak betikoak gara, euskaldunak.

Ez gara talde abertzaleentzat lehentasuna; giza-talde sakabanatua eta menpekotasunari ohituak gara, akonplexatua gehienbat, gure menpekotasunaz ohartu ere ez gara egiten sarri… Hortaz, egoera ustelduz doa egunetik egunera, eta kontakizun politikoki xuxenak iragartzen duen euskararen berreskuratzea urruntzen.

Ez dut UPPN-PSN gobernurik nahi, inondik ere. Aldaketaren gobernuko taldeetako bati eman diot bozka, zer erremedio, baina uste dut hausnarketa egin behar gorria dagoela gobernu horren baitan astelehenetik aurrera, irabazten badugu.

Hausnarketarako aukera berrituko ote da!

Hausnarketa(k) merezi du

Oinezkoa

3 pentsamendu “Hausnarketa(k) merezi du”-ri buruz

  • Nago nolako erresultak izango zituzketen aldaketaren alderdiek atzoko bozetan, hobeak ala okerragoak, baldin eman baliote prioritate handiagoa euskarari azken lau urteetan.

  • Eta zertarako nahi ditugu emaitza “onak”? Unionisten politikei jarraitzeko?

  • Euskaldunok ez geunden noski aldaketalarien agendako puntu nagusien artean; bagaude ordea espainolisten lehenetariko prioritate batean: behingoz konsumatzea euskal etnozidioa Nafarroako provinzian.