Giza eskubiderik gabe ez dago bizikidetzarik

Giza eskubiderik gabe ez dago bizikidetzarik –

Bizikidetza: elkarrekin bizitzea. Neska jipoitu etxean edo kale bazterrean eta zer esaten digute? Bizikidetza urratu digutela. Bizikidetza? Politikari horiek ez dute lotsarik. Emakumeen aurkako biolentzia bizikidetza arazo gisa erakutsi nahi digute, emakumeak kaltetutako ondare publikoa bailiran. Akaso ezabatu daiteke emakumeen aurkako biolentzia Bizikidetzaren Udal Ordenantzaren bitartez?

Hondarribiko ez-ohiko udalbatzak (2018-10-29) onetsi zuen hiritarren bizikidetza, ondasun publikoak zaintzeari ere eremu publikoaren garbiketa, okupazioa eta erabilerari buruzko Udal Ordenantza. Gerora, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (2019-02-29) eta orduz geroztik indarrean dago. Ea nork aurkitzen duen udal ordenantza horretan emakumeen aurkako biolentziaren konponketa!

Hondarribiko Alardearen auzia bizikidetza arazoa omen da. Emakumeen aurkako biolentzia bizikidetzaren arazoa omen da. Bazterkeria eta xenofobia bizikidetza arazoak omen dira. Jendartearen lasaitasuna urratzen duen oro bizikidetza arazoa omen da. Aski da!

Giza eskubiderik gabe ez dago bizikidetzarik

Giza eskubideak urratzeak bizikidetza puskatzen du, jakina, baina bizikidetza puskatzea baino askoz larriagoa da. Emakumeei, biztanleriaren erdiari, berdintasuna ukatzen bazaie bizikidetza egunero urratzen da, uneoro. Tamalez, gehiengo zabala egon daiteke emakumeen giza eskubideak ukatu eta urratzen dutena, tartean emakume batzuk ere. Baina gehiengo izateak ez dakarkie giza eskubideen urraketa arintzen ezta arrazoia ematen ere. Ezagutu genuen diktadura, ezagutu genuen nola jendartearen gehiengo zabalak diktadura onartu eta defendatzen zuen. Gutxi izan ginen diktadura garai gorrinenean haren aurka matxinatu ginenok. Bagenekien jakin bizilagunak, edozein lagun urkok, sala gintuzkeela, bagenekien gutxi ginela, bai, baina eskatzen genuen askatasuna eta justizia soziala kausa zuzenak ziren.

Nolanahi ere gaur egun aukera badago, askeak izan gaitezke. Aldaezina zirudiena aldagarria da, alda dezakegu. Alda dezakegu, bai, baina inolaz ere neska lagunik gabe. Bestelako mundua posible ez eze bestelakoa izatea beharrezkoa da mundua izango bada. Baina ez da mundua izango andrerik gabe. Hankaz gora jar dezakegu mugiezina zirudiena. Bai, baina alabarik gabe ezin. Jaietan, algaran burrunban atera gaitezke elkarren ondoan. Bai, baina ez gara erabat zoriontsu izango maite ditugunek gure ondoan egoterik ez badute.

Begira iezaiozu begietara neskari eta esan berak ezin parte har dezakeela neska delako. Eutsiozu begirakuneari eta esan, tradizioaren izenean, bera ez dela gauza egiteko zuk egiten duzun hori, emakumea izateagatik. Esaiozu, bizikidetzaren izenean, gauzak horrela direla eta bere horretan onartu behar duela.

Gure XXI gizaldi hau emakumeen mendea da. Berdintasuna lortuko dugu, lortzen ari gara, dudarik ez daukagu. Berdintasuna, berez, bizi-iraupenaren kontua da planeta guztion etxe txikia delako, denona, eta elkarren artean bizigarri egin behar dugulako. Parekidetasunean, berdintasunean.

Giza eskubiderik gabe ez dago bizikidetzarik

Zer duzu buruan “Giza eskubiderik gabe ez dago bizikidetzarik”-ri buruz

  • Azken portu 2019-05-21 17:43

    Oso gaizki Xabier! Hauteskunde kanpainia egiten giza eskubideen aitzakiarekin. Oportunismo merkea hirea!