Maitasuna politikoa da

Maitasuna politikoa da –

Maitasuna politikoa da
Maitasunaren ideologiak gure buruak, harremanak eta espazioa nola eraikitzen dituen aztertuko du jardunaldiak.
Mari Luz Esteban, Lorea Agirre, Oihane Ruiz, Leire Milikua, Nora Salbotx, Ula Iruretagoiena eta Jone Minerrek hartuko dute parte, besteak beste.
Usurbilen egingo da uztailaren 11n eta 12an. Izena emateko epea zabalik.

.

Maitasunaren ideologiak gure buruak, gure harremanak eta gure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen aztertuko du aurtengo Jakin Jardunaldiak. Horretarako, antropologoak, arkitektoak eta hezkuntza arloko adituak elkartuko ditu Usurbilen, uztailaren 11n eta 12an.

Jakin, UEU eta Usurbilgo Udalaren elkarlanari esker antolatu da jardunaldia. Programazioa aurkezten izan dira gaur Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoan Lorea Agirre Jakineko zuzendaria, Kepa Sarasola UEUko zuzendaria eta Xabier Arregi Usurbilgo alkatea.

.

Maitasuna deseraiki eraikitzeko

«Maitasuna politikoa da ideologia bat delako eta bizikera eta bizileku eredu jakin batzuk eraikitzen dituelako», ziurtatu du Lorea Agirre Dorronsoro Jakineko zuzendariak eta jardunaldiko hizlariak. «Maitasuna ulertzeko dugun moduak gizarte harreman eta gizarte antolamendu jakin batzuk eratzen ditu eta horiek berekin dituzte botere harremanak eta menderakuntza moduak. Harremanen arkitektura horrek guztiak bere hirigintza eta bere arkitektura ditu». Horregatik, proposamena: «Ikus dezagun nolakoa den maitasunaren ideologiaren eraikuntza eta sortzen duen arkitektura. Eta saia gaitezen ikusten ea maitasuna beste modu batez ulertzeak bizikera eta bizileku bizigarriagoak eta berdinzaleagoak eraikitzea ekar lezakeen».

Hain zuzen ere, Lorea Agirre Dorronsoro arduratuko da jardunaldiari sarrera orokorra egiteaz. Ikuspegi antropologiko batetik, maitasunaren ideologiaren oinarriak aletuko ditu, horiek sortzen dituzten gizarte egiturak agerian uzteko. Mari Luz Esteban Galarzak, maitasunaren ideologian aditu nagusietakoa den antropologoak, berriz, maitasunaren ideologia deseraiki eta erdigunetik ateratzea planteatzen du, bestelako balioak erdigunera ekartzeko, adiskidetasuna edo justizia nola, eta horien baitan gizartea berrantolatzea proposatuko du.

Oihane Ruiz Menéndez eta Leire Milikua Larramendi arkitektoek espazioari lotuago jardungo dute. Lehenik, maitasuna ulertzeko modu jakin batek hiria nola antolarazten duen utziko du agerian Ruiz Menéndezek, hiritarren mendekotasuna ere errotzen duela oroitarazteko. Bigarrenik, desiraren eta sexuaren ertzetik begiratuko dio espazioari Milikua Larramendik. Gorputzaren eta espazioaren harremanaz jardungo du, desira eta sexualitatea espazioan nola baimendu eta ezkutatzen den hausnartuz.

Ideia horiek praktikara eraman dituzten ekintzaileen lekukotzak jasoko ditu ondoren jardunaldiak. Herri hezitzaileen Elizondoko esperientzia ezagutzera emango du Nora Salbotx Alegria NUPeko hezkuntza irakasleak. Ula Iruretagoiena Busturia EHUko irakasle eta arkitektoa, bestalde, Bakioko udal plangintza parte hartzaileaz arituko da, kolektiboan eta afektibitatean oinarritutako hirigintza azaltzeko. Jone Miner Aginaga Usurbilgo Udaleko arkitektoak herriko Txirikorda belaunaldien arteko bizikidetza sustatzeko etxebizitza proiektua aurkeztuko du. Azkenik, Donostiako Abaraska kolektiboak tailerra eskainiko du etxebizitzaren eredua ezbaian jartzeko.

.

Elkarlanaren emaitza

Jardunaldi hauek hirugarrenez antolatu dira UEUren, Usurbilgo Udalaren eta Jakinen elkarlanari esker. Xabier Arregi Usurbilgo alkateak ekimenaren garrantzia azpimarratu du: «Usurbil hitzaren eta gogoeta pausatuaren topalekua izan dadin nahi dugu». Bat dator Kepa Sarasola UEUko zuzendaria, Udako Ikastaroak horretarako abagune ezin egokiagoak direla gogoraraziz: «UEUren zereginen artean dago topaguneak eskaintzea: ezagutza eta euskara zabaltzeko, hausnartzeko eta eztabaidarako. Udako Ikastaroak helburu horiek guztiak bideratzeko toki ezin aproposagoak dira, bai eta elkarlana sustatzeko ere».

.

.

PROGRAMAZIOA

IZEN EMATEA: www.ueu.eus

.

UZTAILAREN 11, OSTEGUNA

09:15-­09:30 Ongietorria

09:30-­10:15 Lorea Agirre Dorronsoro (Jakineko zuzendaria): Maitasunaren ideologiaren eraikuntzak eta deseraikuntzak

10:15-­11:00 Oihane Ruiz Menéndez (arkitektura feministako ekintzailea): Maitasunaren ideologia eta hirigintzaren arteko lotuneak

11:00-­11:30 Kafe tartea

11:30-­12:15 Leire Milikua Larramendi (arkitektoa): Arkitektura, desira eta sexualitatea

12:15-­13:00 Saio irekia 13:00-­15:00 Bazkaria

15:00-­17:00 Esperientzien plaza: Elizondo, Bakio, Usurbil

    – Nora Salbotx Alegria (NUPeko hezkuntza saileko irakaslea): Umeak herriak eraikitzen (Elizondo)

    – Ula Iruretagoiena Busturia (hirigilea eta EHUko irakaslea): Transbertsalitatea eta afektuak udalerri plangintzan (Bakio)

    – Jone Miner Aginaga (Usurbilgo udal arkitektoa): Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa (Usurbil)

.

UZTAILAREN 12a, OSTIRALA

09:00-­09:45 Mari Luz Esteban Galarza (antropologoa): Maitasuna erdigunetik kanpo

09:45-­10:30 Abaraska kolektiboa: Etxebizitza eredua auzitan jartzen (Donostia)

10:30-­12:00 Tailerra eta kafea: Etxebizitza parekidea eta kooperatiboa nola eta nondik?

12:00-­13:00 Partekatzeko saioa

13:00-­13:30 Bea Egizabal Ollokiegi: Klownklusioak

.

Maitasuna politikoa da Maitasuna politikoa da Maitasuna politikoa da

6 pentsamendu “Maitasuna politikoa da”-ri buruz

  • Are gehiago. Maitasuna materialismoan oinarritzen da.

  • Hitzaldi guztiak entzuten dituen orori, azterketarik egin gabe “Postmodernismo toxikoan aditua” titulua oparituko zaio.

  • Jar, jar ,jar!! ” postmodernismo toxiko euskal kultu guai” titulua,alegia.

  • Erres Petua 2019-05-19 22:42

    Errespetu apur bat entzuleei mesedez. Psikea suntsitzeko gai den hitzaldi sorta hau jasateko gai direnek Iron Man edo Altzairuzko Potro titulua jaso beharko lukete.

  • Harrigarria kolpe zorrik jo ez eta kontutik bizitzeko batzuek egiten dutena. Denon diruarekin, gainera. Aurpegia behar da gero

  • Jar, jar,jar…tira,tira. Amodioa politiko- materalista dela baieztatzea edota euskara politiko- materalista baieztatzea, pelikularen denbora honetan, ba kostatu zaie denbora franko listx- azkar hauei oinarrizkoa den horretaz ohartzeko. Tira baina hobe berandu, inoiz ez baino