Ongizateak molde egokia beharko luke
Ongizateak molde egokia beharko luke –
Emaize Sexologia Zentroak Alea agerkarian.
.
Gorputza gure ongizatearen oinarria da. Baina honen zaintzeari hainbeste garrantzia ematen diogun garai honetan, hura sarri ahaztu egiten dugu.
Gorputza maite dugulako eta hala mantendu nahi dugulako zaintzen dugu? Gorputz ezberdinak onartzen ditugu? Gorputza hamaika aukerako elementu gisa ulertzen dugu?
Gorputza besteon aurrean aurkezteko pasahitza balitz moduan hautematen dugu maiz, eta norbaitekin harremanetan aritzean kanpo itxurak bere garrantzia duela ez dugu ukatuko. Lehen begiradan pertsona batekin zein bestearekin pizten zaizkigun sentsazioak ezberdinak dira, eta horrek neurri batean sortuko ditugun harremanak bideratuko ditu.
Sakelako telefonorako erabiltzen ditugun pasahitzek, ordea, ez dute patroi bakarra jarraitzen eta zenbakiak, hizkiak, handiz zein txikiz eta hauek guztiak nahi moduan nahastu ditzakegu. Gorputza pasahitza bezala erabiltzean, zergatik jarraitu behar dira patroi estuak? Zergatik patroi zorrotz horiek jarraitzeko gorputza eraldatu? Zenbatetan kirola argal edo gihartsu egoteko helburuaz egiten dugu bakarrik? Zenbatek jotzen dugu dietara elikadura orekatu eta osasuntsua lortzearren eta ez soilik pisua galtzeko asmoz?
Gorputz guztiak patroi berean sartu nahi izatea, Procusto-ren modura aritzea da; pertsona guztiak tamaina bereko ohean etzan eta sartzen ez duenari hankak eta besoak indarrez luzatu edo oinak, burua zein eskuak moztu molde horretan sartu ahal izateko. Egun ez dugu gorputz atalik mozten, baina balioa kentzen diegu zenbait patroiri egokitu ezean. Hori gutxi balitz, gorputz guztiek ematen digutenari muzin egiten diogu bere balioari erreparatu gabe.
Gustuko usaina, laztan leunak, musu hezeak, kilimak, maitemintzearen zirrara, eszitazioaren taupada azkarrak, mihiz egindako laztanek eragindako hotzikarak… hauek guztiak gorputzean sentitzen ditugu, baina ez hori bakarrik, gorputzari esker sentituko ditugu. Gorputza da hamaika sentsazio bizi ahal izateko iturri aberatsena. Sentsazio horiek gozatzeko libre diren gorputzak beharko ditugu.
Aske izateko gure gorputza ezagutu eta onartu behar dugu. Gustura sentitzea ekarriko digu: ongizatea. Procusto modernoen ohean etzan ordez, gorputz bakoitzari moldatzen zaion ohea aukeratzea dugu aukera onena, eta bertan gure gorputzari eskertu eskaintzen dizkigun laztan goxoak