Egin klika, korrika

Egin klika, korrika –

Egin klika, korrika
Marisa de Simon, Ezkerrako legebiltzarkidea. Korrikan parte hartu zuen (Arg: Noticias de Navarra)

Ohiko moduan, hasieratik bertatik emozioak borborka jarri dizkit KORRIKAk. Hunkitu ninduen Garesko hasierak; hunkitu ninduen antolaketan herriko laurehun biztanlek auzolanean jardun zutela entzuteak; hunkitu ninduen duela ia 20 urte hizkuntza-bazterkeriaren ondorioz zendu zen Adrian Martureten ama besarkatzeak; hunkitu ninduten bertan ikusitako irribarreek, bai eta malkoek ere.

Larunbatean ere KORRIKAn ibili nintzen Iruñean zehar. Berriz ere emozioak pil-pilean. Sarasate pasealekuan Gobernua sustengatzen duten lau alderdiek batera hartu zuten lekukoa Parlamentuaren izenean. Eta, hara, legegintzaldian zehar euskararen gaian hainbat oztopo jarri duen Izquierda Ezkerrak txio txundigarria zabaldu zuen horren karira: Euskaraz ikastea, lan egitea eta bizitzea Nafarroako herritar guztion eskubidea da. Egia esan, hori irakurritakoan, burutik pasatutako lehen ideia zerrenda bakarrarena izan zen, baina, tira.

Halere, jar gaitezen aurrera begira. Gogoan izan dezagun klika egitea konpromisoa hartzea dela, zeinek bere erantzukizunetik urratsa egitea. Hartara, klika egitea herritar guztiak berdintasunez hartuko dituen lege bat onartzea da. Txioan jasotakoa egia bihurtzeko urratsa egin bezate, hitzetatik ekintzetara, egin bezate klika … ahal dela korrika!

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko apirilaren 9koa]

Egin klika, korrika

Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUko idazkari nagusia

2 pentsamendu “Egin klika, korrika”-ri buruz

  • Egunotan egundoko itxurakeria festa gertatu ohi da. Nazkatuta nago euskaraz egun on ere esateko ohiturarik ez dutenak, klikaren irudia guatxapean jarrita, edo Korrikan parte hartzen biharamonik ez balego bezala ikusita.
    Hainbat politikari abertzalerena, bereziki EAJkoena, itxurakeria ariketa gorena da. Bada, hortik behera pentsa.
    Eta IUko kolono hauena, zer esan… lotsabakokeria galanta; baina gure eusko-onkeriaren izenean ezin da salatu, “euskarari kalte egitea” bailitzateke. Eta horrela gabiltza, urteak joan, urteak etorri.

  • euskaldun bat 2019-04-12 19:51

    “Klika” delako lema hori ezin hobeto datorkio gaur egungo jende “moderno” zein likidoari. Egoera berrira egokitzen dira, klika egiten dute. Korrika puri-purian dabilela… klika egin eta korrikaren alde, hortik ere bozka batzuk jasotzeko, IU bezala. Tontoa behar du izan euskaldun batek amarruan erortzeko. Korrika amaitu dela… klika egin eta bizitza erdaldunari ekin euskararen inposizioaren aurka. Klika uneoro, klika, klika, klika… bidailagun izateko fidagarritasun gutxiko jendea!