Bertso bati hesiak (zentsura ETBn)

Bertso bati hesiak –

Bertso bati hesiakAurten ere, ezin izan dut Arabako Bertsolari Txapelketaren finala bertatik bertara ikusi. Horregatik, iragan martxoaren 30ean, ETBko gaueko albistegietara itxaron behar izan nuen leihaketako irabazlea nor izan zen jakiteko. Telebistako berri-mailearen bidez, beraz, jakin izan nuen Iñaki Viñaspre izan zela zorioneko txapelduna. Esatariak halaxe iragarri eta jarraian Abetxukokoaren azken agurraren irudiak jarri zituzten. Bertso egitura xelebre batean Viñasprek hurrenez hurren zerrendatu zuen nori ez zion txapela dedikatu behar, eta zergatik; eta azken punturako utzi zuen sorpresa: nor izango zen dedikatoriaren onuraduna. Baina orduan, nire harridurarako, telebista publikoko errealizadoreak, modu nabarmenean, moztu egin zuen bideoa; eta ezin izan nuen misterioa argitu. Ez zitzaidan gehiegi kostatu, baina. Sare sozialetara jo eta segundu batzuen buruan asetu nuen nire jakinmina. Bertsolariak preso dauden bi bertsozale gasteizterri eskaini zien saria: Iratxe eta Ekaitz. Horixe izan zen ETBko arduradunek ezkutatu nahi izan zutena.

Bertsolaritza ondo dago, arin-arin dantza leihaketa, Erriberako jota txapelketa, edota Falcesko entzierroa bezala ikuskizun folkloriko hutsa denean; baina bertsolariek mezu subertsiboren bat darabiltenean guraizea sartzen diete hedabide publikoan.

Bertso txapelketatik egun batzuetara, eta antzokitik metro gutxitara, Mikel Saenz de Buruaga Hala Bedi irratiko kazetariak epaile aurrean deklaratu behar izan zuen Eusko Jaurlaritzak ezarritako salaketa batengatik. Honi artazia bakarrik ez, mozal legearen pisu osoa jaurti nahi izan diote zama gainera. Erreportaria Errekaleor auzoan zebilen Ertzaintza sartu eta auzuneko argindarra mozteko ahaleginetan ari zela, oldarraldiaren berri zuzenean ematen. Kazetari bakarra zen une eta leku hartan eta arma arriskutsua zuen esku artean: sakelako telefonoa. Polizia autonomikoak ekidin nahi izan zion gertakizunen testigantza jasotzea, harek eman zezakeen mezua ere subersiboa zelakoan.

Bertsolariari azken puntua moztu nahi izan ziotenak komunikabide libre bati informatzea galarazi nahi izan dioten bertsoak dira, telebista zein indar errepresibo publikoen gainean ardura politikoa daukatenak, eta ezeroso suertatzen zaien edozein mezu guraizekadaz desagertarazi nahi dutenak. Baina alferrik ari dira. Beti izango da zirrikitu bat azken mezu horren berri izateko. Ez bertso bati ez uhin hertzianoei, ezin zaielako hesirik jarri.

Bertso bati hesiak

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak

31 pentsamendu “Bertso bati hesiak (zentsura ETBn)”-ri buruz

  • Niri eskandaluzkoa iruditzen zaidana hauxe da, bertsolaritza ezker abertzaleko bozeramailez kutsatua egotea eta beraiek ETAko presoei egiten dizkieten kantak entzun behar izatea, hiltzaileen ordez heroi ikutuezinak izango balira bezala. Bertsolaritza, zoritxarez, aspaldi dago mezu politiko merkez kontaminatua eta ezker abertzaleko sokakoak ez garenontzat benetan gogaikarria iruditzen zaigu hori konprobatzea. Kontuan izan dezagun Euzkitzek jasan behar izan zuen kanpaina ezker abertzaleko lorito izan nahi ez zuelako. Halazta, nik utzi izango nukeen Viñaspre delako honen bertsoa eta ondoan jarriko nituzke preso heroiko horiek egindako ekintzen zerrenda. Orduan informazioa benetan objetiboa izango litzateke.

  • Peru_Gabiriko 2019-04-12 11:51

    APA ZU, BENTAZAR JAUNA,

    Esan behar dizut zure iruzkinak irakurtzen gogaitu xamarrik aurkitzen naizela. Idazten dituzun gauza askorekin bat egiten dut sarritan, eta orain egin dezun analisiarekin ere nahiko ados nago.

    Egia da ezker abertzaleak txapuza asko egin dituela gure herrian bere ohiko ildo salbatzailea muturrera eramanez. Bale, horra arte batera goaz iritzietan.

    Kasu honetan ETBko “zentsura” inozo hau egin duena txotxolo hutsa izan da. Ados horretan ere zurekin. Kontrako efektua lortu du gainera.

    Baina aspergarria da behin eta berriz egurra ematen nola ibiltzen zeran ikustea. Nahiko obsesionatuta ikusten zaitut. Hizkeragatik Oiartzun-Errenteria aldekoa dirudizu, eta Batzokiko usaina darizu. Benetako abertzaletasun sanoaren salbaguarda edo zaindari-papera egiten zabiltzala ematen du. Hara:

    Ezker abertzaleko hauek, beren akats eta guzti, euskaldunak dira, gure familiakoak (bai, ados, internazionalismoz mozorrotuta joan arren). Beraz, egurra ETXEKOEI partitzea gustatzen zaizula ematen du. Ba hori, Bentazar jauna, ez da abertzale sanoa izatea.

    Lehenago lau katu bagara, eta gainera, gure artean ostikoka ibiltzen bagara, esango didazu zer etorkizun izan dezakeen proiektu abertzale batek.
    Ni BIlboko ezker aldean bizi naiz, eta esan diezazuket hemen EAJri botoa ematen dioten gehienei bost axola zaiela Independentzia edota euskararen etorkizuna. Sinets nazakezu.

    Zure kasuan, barneratuta daramazun amorru horrek ez du gerora begira ezer eraikitzen uzten, gure arteko harreman pozoindua areagotu besterik ez.

    Hori gainditu egin behar duzu, Bentazar. Zure osasunerako ere ez da ona-ta. Beraz, ondo segi, adixkidia.

  • Peru_Gabiriko 2019-04-12 12:31

    Eta Bentazarri hau idatzi eta gero, beste zerbait erantsi nahi nuke:

    Egia da bertsolari hauek nahiko “pelmak” izaten direla beren presoen aldeko Angelus-ak errezatzen. Azkenean nekagarriak bilakatzen dira horrenbesteko karga ideologikoarekin.

    Bertsoak freskoa izan behar du beti, ona izango bada, eta ez sermoia edo homilia baten kutsuko diskurtsoa.

  • Eskerrik asko zure aholku terapeutikoengatik, Peru. Baian niri osasuna izorratu nauena ez da hemen idazten dudana baizik eta nire herrian “etxeko” delako horien partetik jasan dudan tratu itxuragabea, erasoa, mehatxua eta insultoa, eta nire alderdikideek -eta beste alderditakoek- jasan behar izan dutena. Nire bizitzaren ez-zoriontasunaren parte handiaren arduraduana izan da ezker abertzalea, eta ez modu abstraktuan, nire herriko kaletatik pasian ikusi baititut beren matoi eta ahobero piurekin bere kideak. Derrota politiko-militarrak apaldu ditu eta ikusi behar da orain ze sinpatiko ageri nahi duten. Izorratu daitezela, gure herria (ni barne) izorratu duten bezala.
    Horrek ez du esan nahi ezker abertzaleko guztiak berdinak direnik, inondik inora: famili artean baititut ezker abertzaleko kideak eta lagunak ere, jende maitagarria, eskuzabala eta idealista. Eta foro honetan badira horrelakoak ere. Baina bigarren honek ez du lehenengoa kentzen. Eta Viñaspre jaunaren dodekafonia entzutean zure errepikakor baina niri beharrezko iruditzen zaidan mezua botatzera deliberatu nau.
    EAJn klase askotako jendea dago. Ez dakit izango duzun Bilboko ezker aldean dagoen jendearen soziologiaren berri, baina ez da Gabirikoaren antzekoa. Euskaldunok askotan aski dugu erdaldunak gure etsai ez izatearekin (hemen Gipuzkoan bertan euskararen kontrako jende asko ezaguna baitut, batzuk abizen guztiak euskaldunak dituztela). Eta independentzia, ni aldekoa naiz, baina jende askok pentsatzen du ezker abertzalea dela independentismoaren gailurra (kaka besterik ez diote bota independentziaren kausari, hori da nire iritzia).
    Eskerrik asko baina orain ezker abertzalearen derrota ikusita oso pozik bizi naiz. Orain dator benetako esperantza benetako abertzaleentzat.

  • Peru_Gabiriko 2019-04-12 15:39

    “Eskerrik asko baina orain ezker abertzalearen derrota ikusita oso pozik bizi naiz”

    Nik ez nuke esango ezker abertzaleak porrot egin duenik, Bentazar. Hilaren 28an konturatuko zara horretaz, berriz ere boto pila bat izango baitu.

    Baina ETAren proiektuak bai, horrek benetan, eta zorionez, beheko erreka jo du, kaka egin eta gero.

    Espero dut zure mezuak irakurtzen jarraitzea. Batzuetan poztu egiten nau zurea bezalako ahotsak hemen entzuteak. Lehenago esan dizudan bezala, gustatuko litzaidake zure mezuetan barneko amorru hori gehixeago gordeko bazenu, suntsitzailea eta mendeku gosez egindakoa dirudielako, baina tira. Agur bat Bilbotik!

  • Azken portu 2019-04-12 19:33

    Bertsolari bat presoen aldeko bertsoa botatzen
    ETB zentsuratzen.
    Bakoitza bere paperean.
    Ze herri prebisible eta aspergarri garen!

  • Gaizki ulertu ez badut, bertsolari gehienak ezker abertzalekoak direlako, bertsolaritza kontaminatua dago. Azaldu beharko da bertsolaritzak beti izan duela eduki politikoa, eta historikoki karlista eta jeltzalea izan dela. Xenpelar, Txirrita, Lopetegi, … bertso politiko ugari botatakoak dira. Beti egon da bertsolaritza politikaz “kontaminatua”.

    Barka baina, zuek duzuen arazoa da EAJko bertsolaririk apenas dagoela. Karlistaren bat bada, Leitza aldean, oker ez banaiz. EAJko hainbaten deserosotasuna agerikoa da, ez dagoelako beren ideiak bertsotan zabaltzen dakienik. Eta horren errua ez dute ezker abertzaleko bertsolariek, ez ezker abertzaleak. Begira beza “Alderdiak” etxe barruan, ea zergatik ez duen bultzatu hori.

    Argi eta garbi esango dut, nik ere nahi nituzke nik EAJko bertsolariak entzun, eta poztuko nintzateke gertatuko balitz. Baina Euzkitzez geroztik….

    EAJren boto emaileen %28 da euskalduna, EHBilduren %78. Begiratu datu horri bertsolaritzan ezker abertzalearen ahotsa entzunago dela-eta purrustaka hasi aurretik.

    (Datu horiek buruz atera ditu, eta ez dut jatorria aurkitzen, duela urte pare bat edo argitaratu zen nonbait. Horren ordez, hona hemen 2009an eginikoa. EAJko %44k egiten zuen erreztasunez euskaraz, EHAK-ko %67k eta Aralarreko %90ak)
    https://sustatu.eus/1235025222

  • Peru Gabiriko 2019-04-13 20:36

    Erraza da zuri erantzutea, Ba Ote
    Begi aurrean ditut garrett-en loturako estadistika zenbakiak, bozketarien euskara gaitasun-maila. EAJko %26,6k ongi menperatzen zuten euskara 2016 urtean, eta %10,6k nahiko ongi. Eta? Zer da horrekin? Zifra hauek zer daukate ikustekorik egungo bertso-saioetako ezker abertzalearen presentzia ideologiko erabatekoarekin? Ez ba. lagun, gauza batek ez du bestea zuritzen. Hiztunen zifrek eta zenbakiek ez didate niri ezer esaten gai honetan.

    Kontua ez da bertsolariak ezker abertzalekoak direlako bertsolaritza kontaminatua dagoela, alderantzizkoa baizik: bertsolaritza kontaminatua dagoelako bertsolariek ezker abertzalekoak izan beharra daukatela herri honetan. Bai edo bai. Badakizu zer dagoen bestela: EUSKITZERENA…

    Honen adibide konkretuak, hipokresiaren erakusle, Txapelketetan ikus daitezke ongienik. Hain zuzen ere horregatik ateratzen dira gaur egun horrenbeste bertsolari “ildo ofizialak” markatzen duenarekin klonatuta. Odolki-muturrak bezala, bata bestearen antzekoak ateratzen dira jarraian, edo oso antzeko kontsignak zabaltzen… Ildo ofizialak feminismoa bultzatu beharra dagoela erabakitzen badu, hor ikusiko dituzu guztiak zein baino zein feministago, gaur egun modan dagoelako eta hala tokatzen delako.

    Plazetan, bazkarietan eta abarretan ere antzeko kontsignak zabaltzen direla esango nuke. Bertsoak gozatzera joaten bazara, Ideologia jan beharra daukazu, baldin hala tokatzen bazaizu. Egia esan, niri ere ez zait asko inporta txuleta-kozkor bati heldu bitartean txalo batzuk jotzen aritzea. Inor ez da hil horregatik… ulertzen didazu.

    Aizu, Ba Ote, oraindik Leitzako karlista horri deitu beharko ote diogu bi hankak lurrean dituela benetan pentsatzen duena sano-sano kanta dezan??

    Bide batez, gustatuko litzaidake zein den jakitea. Zein da bertsolari hori?

  • Eta bentako abertzale horrek zenbat liburu irakurtzen du urtean euskaraz?

  • Bentako ala Benetako? Ez dakit zer esan nahi duzun…

  • Batenbatzuk, Nagore, eta zure euskal estiloari dagokionez, zu baino gehiago, ikusten baitut ez zarela oso airoski moldatzen. Bertsozalea naiz, gainera, eta Lizaso semea eta Peña asko gustatzen zaizkit. Baina, noski, ez nago zu bezala akondizionatua, preso eta ezker abertzaleko mezuen tabarrari etengabe eusteko.
    Portzierto, gaizki ulertu du hor goiko batek. Bertsolaritza kontaminatua dago ezker abertzaleak bere domeinu politikoa ezartzen duelako bertan, gidoitik ateratzen direnak boikoteatuz eta txistukatuz (Jon Sarasuaren kasua hor dago ere horren eredu).

  • Xalbadorri ere txistu egin zioten bere garaian, eta ez zuen irakurketa politikorik auziak. Bertsolaritzak ere kritikaren menpe egon beharlo du, edo?

    Erreza da besteei errua botatzea, eta bertsolariak ezker abertzaleko izatera behartuta daudela salatzea, baina ez ezkutatu horren atzean.

    Konparazio bereziki ergel bat: Ertzaintzan ezker abertzaleko gutxi daude, egonez gero, eta ez da polizia oso jeltzalea delako edo presio ikaragarria dagoelako ezker abertzaleko bezala ez aitortzeko norbera. Ezker abertzaleak ez du interesekin ertzaintzan eta EAJk, argazkitik at, ez du interesik bertsolaritzan.

  • Barkatu bi iruzkinetan egitea, nahi gabe eman diot botoiari.

    Eta Jon Sarasuaren kasua aipatzen duzunean, Bentazar, eliza katolikoaren baitan emandak sexu abusuei buruz esandakoengatik jasotako kritikez ari zara, edo beste momenturen batez?

    Lehenengoa bada erantzuna, mesedez, ez ditzagun gauzak nahastu.

  • Ulertzen dut Ba Ote gauza askotaz hitzegin nahi duzula, Ertzaintzari buruz, Elizaren sexu abusuei buruz, baina ez duzula hartu nahi ankatik Jon Sarasuak salatu zuena bertsolaritzan, batzuei txistu eta bestei txalo egiten zitzaiela arrazoi politiko hutsez. Hemen jarriko dizut salaketa hori:

    “Kargudunek erregalo./Zein jator zein txorimalo/bereizi ezean, malo./Lasai jo batzuei txistu/ta beste batzuei txalo”. “Sari banaketan doa/min subliminal mordoa/baezpare itxi ahoa.” “Aberriaren genoma/ezkerraren melanoma/Estilo ezagun baten/ustelduraren sintoma”. “Mini-faxismo boladak/dira gure txistukadak./Porrot historiko baten/azkenengo ostikadak”.

    Bertsolaritzan ezker abertzaleak egindako markajeaz mintzo garenean putre eta banpiroetaz hitzegiteak suposatzen du gaian sartu nahi ez duzula, Ba Ote. Gauza ergel eta despista-arazleagorik ezin baituzu aurkitu, arazoaren mamia ekiditeko. Ezker abertzaleak bere ildoa inposatu nahi izan du eta Euskitze eta Jon Sarasua jarri zituen jopuntuan beraiek isilarazteko. Hori da egia, irentsi nahi ez duzuna.

  • Pello Urquiola naiz. Ze paasten da emen? 2019-04-16 16:21

    Leitzeko seme nazue Pello Urquiola
    napar garbi-garbie baita española
    asko yendek ez do au konpreintzen iñola
    maiz kontestatzen naute sue dariola
    Egik esaten ttut nik kaben dediola
    entzun nai eztonari or konpon deriola

    Arizan baziñazte lanen bai gaztetan
    gu bezela basoan paguen mozketan
    ikasiko ziñuten sufritzen benetan
    nik amaike lezio artu nittun bertan
    eskolaik eztot biño badakit izketan
    etziñazten gaur aiko gezur apainketan

  • Harrigarria iruditzen zait oraindik horrelako jendea existitzea…puf

  • Hemen da erantzuna piska bat errena
    Leitzako semeari zuzen doakena
    Izan zaitez nahi duzun aita-amarena
    errespetoa zor zaizu eta miresmena
    gogor eutsi ezazu euskaldun izena
    bertsogintza lanetan ez zara azkena.

    Lagun bat bazenuen gauza da jakiña
    hiltzaile gaizto batzuk bonbaz leher egiña
    sartu zizuten sakon arantza samiña
    bene benetazkoa da kristau dotriña
    sufritu izan zenun Jaunaren adiña
    Joxe Jabier zeruan dago poz egiña.

  • Eta Zuzeuko moderatzailea non dago? Bi troglodita hauek jasan behar al ditugu hemen ika-mikan?

  • Irati modernilla, zentsuraren alde
    ahoa tapatu nahi eta bere galde
    errepresio latza duzu asko maite
    denak zure antzeko izan behar gerade
    bestela, badakigu, guri tira dale
    troglodita euskaldun puronak dirade.

  • Peru Gabiriko 2019-04-17 09:22

    Bentazar,
    uste dut nahiago zaitudala prosista moduan…

  • Nire bertsozko maila
    duzu gaztigatzen
    eta zure bertsoa
    ez didazu ematen
    errexa bestearena
    horrela juzkatzen
    bota zazu hobea
    Hain ba zara gailen.

  • Peru-Gabiriko 2019-04-18 12:41

    Barkaidazu Bentazar, ez nago batere zaildua gauza hauetan.
    Ez daukat nik zure talentua,
    baina yake heldu nahi didazun, torizu ale bat bueltan:

    BENTAZAR JAUNA EKIN DIDAZU
    NAHIKO KOPETA BELTZAKIN
    BIZKARREKO EMANGO DIZUT
    SALUDATZEKO AITZAKIN
    PERTSONAJE BAT EGINDA ZAUDE
    ERRENTERIKO BATZOKIN
    TXIKITEOAN IBILTZEN ZARA
    HANGO AITONA BATZUKIN

    Ummm… ez dut uste nire tiroa oso oker doanik..
    halaxe imajinatzen zaitut

  • Bentazar: Zu, etzaitut fidagarri; zu badaezpadako bat zera.

  • Zergatik?

  • Irakurri ezazu berriro zuk zeuk idatzitakoa eta ostean ongi hausnartu…..eta badaezpadako bat lez ikusten ez bazera gehituko nizuke inozoa ere bazerala.

  • Ene Sabin, oso listoa zara, españolez esaten da, harria bota eta eskua ezkutatu, itxura horietakoa, gauzak esan eta ez frogatu, irainaren puzkar usaina utziz bestea zipristindu nahiez arrazoiketarik egin gabe.

  • Bentazar: kiratsa dariozu. Agur

  • Peru_Gabiriko 2019-04-20 19:17

    Kaixo Bentazar, hementxe nago berriro.

    Lehenik eta behin, ez dut uste nre aurreko bertsoa (beno, dena delako hori) gaizki hartu didazunik. Bertsolarien giroa piska bat ezagutzen baduzu, badakizu ziria eta broma ohikoak izaten direla, inori minik eragin gabe.

    Ez dakit nor izan litekeen oraingo Sabin hau, bere hitzetan ez dirudi oso dotorea. Ez kezkatu. Jakin ezazu idazten duzun gauza bat baino gehiagotan zurekin nahiko sintonia aurkitzen dudala. Egia esan, txikitatik ezagutu izan ditut zure antzeko mentalitatea zeukatenak. Haietako bat edo beste nahiko pertsona maitagarria, gainera.

    Ez dizut esango %100 ados nagoela zurekin, baina arazorik gabe uler ditzaket argitaratzen dituzun kexa batzuk. Errenterikoa zarela, hori nire irudipena izan da, zure hizkeragatik hala iruditu izan zaidalako. Auskalo nongoa zaren zu benetan…

    Beraz esango nizuke kasurik ez egiteko Sabin izenarekin presentatu den elementu honi. Seguruenik abertzaleen artean ezker muturrekoa da, eta iraindua sentitu da gauzak gordin esateko duzun joera honengatik…

    Eta defendatzen zaitudala ikus dezazun, hor doa beste bertso bat gure lagunari dedikatuta:

    Gonbidatu berri bat
    gurekin badugu
    ondarrutar itxurak
    eginez, seguru.
    Jendea iraintzea
    baduzu helburu
    ez zara Etxaburu,
    baizik Eltzeburu

    Ondo izan…

  • Ene Peru, barkatu, bertsoa ondo zegoen, demostratzen du manejatzen zarela euskal bertso eta ironian (ez gure Sabin inkisidorea bezala, hain urruti dagoena bai asmoz eta izatez Abandoko Sabin maitagarri horretatik).

    Ene Peru laztana
    jator ta gaztea
    dabilkizu lumatan
    hitza dotorea
    ez Errenterikoa
    Oarso aldea
    nire sortetxea da
    eta paisajea
    agur bero zuretzat
    laguna maitea

    Sabin etxaburutaz
    zara gogoratu
    gizon zeken xamarra
    doilor eta izu
    hurkoari iraina
    nahi dio leporatu
    euskaldun jendearen
    nobleziarik ez du.