«Gure» arrantzaleak inoren uretan

«Gure» arrantzaleak inoren uretan –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzarako idatzi eta salabardoak Kalamuatik Txargainera blogetik jasoa.

«Gure» arrantzaleak inoren uretanBeti eman didate atentzioa zenbait komunikabidek eta politikarik erabiltzen dituzten berba eta esamoldeek. Hitz egiteko modu horietan guztietan, bi nabarmenduko nituzke: gure baserritarrak eta gure arrantzaleak. Gure. Posesiboa erabiltzea ofizio batzuekin. Euskaraz zein gaztelaniaz gertatzen da hori, gainera. Zenbatetan ez ote dugun entzun eta irakurri nuestros baserritarras, nuestros arrantzales, horrela, gordin-gordinik, euskarazko hitzekin. Baina gure irakasleak, gure igeltseroak entzun duzue inoiz? Inork ez ditu beste lanbide batzuk horrela aitatzen. Gure forjariak ere ez, nahiz eta forjariek geure fabrika kantatzen zuten; hori bai, sua emateko: “Ez badigu ematen arrazoia guri, ez badigu ematen behar legez ongi, su emango diogu geure fabrikari, eta nagusiaren etxe guztiari”.

Zergatik ote gureago arrantzaleak forjariak baino? Zein arrazoi misteriotsu dago horren atzean? Euskaldunon esentziak gordetzen ote dituzte ofizio bi horiek? Ala euskal imajinario horretako gizon (beti baitira gizonak) arketipikoa da arrantzalea zein baserritarra? Joanes artzaina bezalakoak izan behar dute, horratik, Txomin Agirreren Garoa eleberrikoaren deskripziokoak ote dira guztiak? “Ura zan gizona, ura! Zazpi oin ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zimel”. Gogorra, sendoa eta indartsua, gizon eredugarria.

Baina gure arrantzaleek euskal imajinario horretako esentzia gutxi dituzte oraintxe. Gogorrak, sendoak eta indartsuak dira, bai, baina horietako hainbat beltzak eta musulmanak dira, eta askok ez dakite euskararik. Senegaldarrak dira, gurera lanera etorritakoak. Hori jakinda, gure deituko diete politikari eta komunikabide horiek beroriek? Ez. Baina gureak dira woloferaz mintzo diren horiek, besteak bezainbeste.

Bestalde, gure arrantzaleek gure arrainak harrapatzen ote dituzte? Ez, bada. Egunotan, Europako Batasunak Marokorekin zuen arrantza akordioa berriztu egin du gureek han jarduteko. Hori gutxi balitz, itunak Mendebaldeko Saharako urak ere hartzen ditu barne, Marokok 1975ean okupatu zuelako lurraldea, eta, jakina, dagokion itsaso zatia ere bai. Ilegalki okupatu, eta ilegalki sinatu Marokok eta Europako Batasunak. Iazko urtarrilean Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak aurretik adostutako arrantza akordioa baliorik gabe utzi baitzuen, Mendebaldeko Saharako urak ere hartzen zituelako. Alferrik dabil auzitegia, baina, urtebetera berritu egin dutelako hitzarmena.

Otsailaren 27an 42 urte bete ziren Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuela Fronte Polisarioak duen lurralde liberatuan. Baina milaka saharar bizi dira Aljeriako Tindufeko errefuxiatu kanpamentuan, basamortuaren lekurik gogorrenean, hamadan. Beste batzuk, ordea, erbestean daude eta apatridak dira. Beste guztiak Marokok okupatutako Saharan, errepresioa eta bortxakeria jasaten.

Bitartean, gure supermerkatuetan errefuxiatu sahararren aldeko produktu bilketa egin da, eta euskal eurodiputatu bat abstenitu egin da akordioa berrizteko bozketan…

Justizia pikutara bidali dute, sahararrak abandonatu dituzte gure arrantzaren mesedetan. Denak balio ote du Europako Batasunean?

.

Felix Beristain margolariaren lana.
«Gure» arrantzaleak inoren uretan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.