Arte[faktua] 42: Harkaitz Cano ‘Fakirraren ahotsa’, Juantxo Zeberio, Anje Duhalde
Arte[faktua] 42: Harkaitz Cano ‘Fakirraren ahotsa’, Juantxo Zeberio, Anje Duhalde –
Harkaitz Cano idazlea da aste honetako gonbidatu nagusia Arte[faktua] literatur saioan. Twist nobela plazaratu eta zazpi urtera argitaratu du lasartearrak Fakirraren ahotsa nobela, Imanol Lartzabal kantariaren biografia fikzionatua. Bost urte eman ditu lan horretan eta Imanol Lartzabal ezagutu zutenen artean 30 bat elkarrizketa egin ditu dokumentatzeko.
Cano Zuzenbidean lizentziaduna da baina ez du inoiz legegizon gisa lan egin. 17 eta 18 urterekin jaso zituen lehen literatur sariak eta 20 urterekin plazaratu zuen lehen narrazio liburua. Euskadi Literatura saria bitan jaso du: 2005ean eta 2012an. Liburuak idazteaz gain, antzerkirako, telebistarako, zinemarako eta komikietarako idatzi izan du eta hainbat musika talde eta kantarirentzako letrak egiten ditu.
Bere gonbidatua Juantxo Zeberio tolosarra da. Musika sortzailea, Donostiako Musika Eskolako irakaslea, Tenpora taldeko kidea eta Benito Lertxundi kantariaren piano jotzailea da, besteak beste. Bere zenbait kantuk Harkaitz Canok eginiko letrak daramatzate.
Irakurlearen tartean, Larraitz Idarreta Donostiako Ernest Lluch Liburutegiko arduradunak Oskar Aranak itzulitako J.M. Coetzeeren Lotsaizuna liburuaz hitz egingo du.
Galdetegian Idurre Eskisabel, Joxean Agirre eta Elixabete Garmendia idazleek euren liburu kuttunen berri emango dute.
Aste honetako “Apalategia” ataleko protagonista Anje Duhalde kantaria izango da. Grabazioa Baionan egindakoa da.
Gasteizko Armentia Ikastolako Ekhi Mantzizidorrek Harry Potterren liburuak hartu ditu gaitzat berak egin eta Arte[faktua]ra bidalitako Booktubean.
Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek, eta Baionako Elkar, Garoa, Karrikiri eta Hitz liburu-denden gomendioak daude. Harkaitz Canoren “Epilogoak” itxiko du saioa.
Hau guztia, larunbatean, 15:00etan, ETB1en.