Kalea
Kalea –
Twitter ez da kalea. Ez dakit denok hori garbi ote dugun. Erran nahi baita Twitterreko azpimunduan langile klasearen, herritarren, jendearen edo Herri oso baten izenean pontifikatzeko ausarkeria duten txiolari anonimoek ez dute kalea osatzen. Iritzi publikoa eta iritzi publikatua gauza bera ez diren gisa berean. Eta, gainera, kontuan izanik Twitterren arras jende gutxi ibiltzen dela.
Baina zer da kalea? Edozein eremu politiko edo sozialetan gauzak lortzeko instituzioetan eta/edo kalean borrokatu behar dela erraten delarik, zer adierazi nahi dugu “kalean” horrekin? Instituzioak zer diren argi dago, instituzioetan nola sartu behar dugun argi dugu, instituzioek zer egiten duten edo zer ez duten egiten aise identifikatzen ahal dugu. Baina “kalea”? Zer arraio da hori?
Andaluzian ultraeskuinak instituzioen boterea hartu eta gero hasi omen ziren kaleak astintzen herritar kezkatuak. Beranduegi, noski. Kaletar eskuindarrak hauteskunde egunean mobilizatu baitziren masiboki. Eta hori?, “kalea” da? Hau da, hautetsontzi batean boto-papera sartzeko milioika herritar mugiaraztea, Espainiako batasunaren alde edo Kataluniaren independentziaren alde, hori “kalea” ote da? Eta kontrakoa? Alegia, “kalea” da jendeari eskatzea hautetsontzi batean boto-paperik ez sartzeko?
Andaluzian gertaturikoa ikusita eta hemen, Nafarroa Garaian, gauza bera gertatzen ahal zaigula jakinda -gure ultraeskuin lokala oso indartsua baita-, “kalea” astindu beharra dagoela pentsatu dute batzuek eta iragan larunbatean manifestazioa egin zuten Iruñean, askatasunaren alde eta faxismoaren kontra. Ez zen oso jendetsua izan -nik espero nuena baino gehiago, hori bai-, baina hala ere, “kalea” ote ziren kalera atera ziren horiek? Ala “kalea” ote dira “kalea” sakralizatu bai baina egun horretan etxean gelditzea erabaki zutenak? Ala benetan “kalea” ote dira kaletar borrokalarien arteko mokokadak barrez lehertzen ikusten dituzten horiek?
Neuk, bederen, ez dakit.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko otsailaren 26koa]