Beganismoaz (II)

Beganismoaz (II) –

Duela aste batzuk Enbatako zutabe batean Andde Sainte-Marie begoanismoaren aurka ari zen. Bere argudioak irakurri ondoren, erantzun bat egiteko gogoa izan dut. Ni ez naiz laboraria (laborari biloba baizik, hortik ditut laborantzako nere ezagupen zuzenenak), ez naiz ere beganoa, baina abererik gabeko laborantzaren gaia interesatzen zait, batez ere gaur ditugun erronka haundien aurrean (klima aldaketa eta erresilientziaren beharra) garrantzitsua iduritzen baitzait gure ereduak zorrotzago begiratzea, eta ausnartzea zer duten sendo eta zer hobegai.

Zein laborantza ereduaz ari garen

Erraten zinuen 1960etako laborantza iraultzak agronomia sortu zuela, eta ondorioz hazkuntza erregulatuak lurrarentzat oinarrizko hazkurri den ongarria produzitzen hasi zela. Barkatuko didazu hortan bi gauza pixkat oker ikusten ditudala.

Agronomia askoz lehenago sortu zen, eta XVIII mendean jadanik ulertzen hasten ginen ongarriak landuriko lurretan nolako eragin ona izaten ahal zuela, lekadunekin batera (hirusta, luzerna eta bertze). Hortik aurrera, Europeko mendebaldean ez da egon gosete masiborik uzta txarrengatik (baina bai klima edo arrazoin politikoengatik, zenion bezala).

Aldiz XX. mende erdiko “iraultza ferdea” ez dator batere ildo beretik, eta gure ikuspegitik (hots Euskal Herriko laborantza iraunkor baten alde ari garenak) ez zait iduri zinez erreferentzi hori atxiki nahi dugunentz, delako “iraultza” hori ze testuinguruan sortu den, zenbateraino jasanezina den, eta noren interesera egin zen jakinik.

Delako “iraultza” honek hiru zutabe zituen: mekanizazioa, ongarri eta pozoin kimikoak, eta modu industrialeko hazien eta arrazen selekzioa (landare F1 hibridoak eta ondoren genetikoki eraldatutako organismoak, eta baldintza industrialetan gehio ekoizteko hautatzen ziren arrazak).

Hainbertze petrolio erabiltzen duen, hainbertze lur kaltetu (golde sakonegiek, nitrato likidoek eta pestizidek xixareen biomasaren %90a akatu dute) edo betirako galdu (Estatu Batuetan adibidez lur erabilgarrien %75a desagertarazi dute bi mendetan), hainbat laborariri beren haziak hautatzeko ahalmena kendu dituen laborantza eredu hori ezin dugu babestu, ezin dugu erran honi esker zerbait iraunkor lortu denentz (are gutiago Euskal Herrian, giza eskalako etxaldeko laborantza atxiki dugularik, industrializatze logika horien aurka). Ez dut uste adibide gehio ematea pena merezi duenentz, nahiko argi dugu denek Euskal Herrian eredu jasangarri baten alde ari garenek. Badakigu argi mundua elikatzen duena ez dela laborantza industriala, baizik eta etxalde ttikiak nagusiki (ikus Vandana Shiva, “Who really feeds the world?: the failures of agribusiness and the promise of agroecology”).

“Iraultza ferdeak” sorturiko laborantza eredua, hau bai dela epe luzerako mehatxu haundia, hau elikadura artifizialera kondenatzen gaituena, hau baliabideak modu jasanezinean ustiatzen dituena, hau landa eremuetatik milioika pertsonak hirietara mugiarazi dituenak, beren elikadura burujabetza xehatuz, etab. etab. Zerrenda luzaz segitzen ahalko nuke baina badakigu zein den mehatxatzen gaituena: elikaduraren artifizializatze eta industrializatzea, gure bizien industrializatzea bezala. Eta industrializatze hori ez da gaur hasi beganoekin, aspaldi hor dugu tartean. Ez diezaiogun beganismoari leporatu bere erruzkoa ez dena, ez gaitezen etsaiaz trunpa.

Nork artifiziala egiten du elikadura?

B12 bitamina hainitzetan aipatzen da beganismoari dagokionez, animalietan baizik ez omen baita aurkitzen. Baina gu ere animaliak gara, orduan zergatik ez dugu gure gorputzean sortzen B12 bitaminarik? Hain zuzen ez baitute animaliek sortzen, baizik eta irensten, lorzuroko bakteria batzuekin batera. Bakteria horiek dire B12 bitamina ekoizten dutenak. Eta zer gertatzen zaie lurrarekin loturarik gabe hazitako abereei? Ez dute B12 bitaminarik jaten ahal, eta B12 pastilak hartu behar dituzte, bertze antibiotiko eta erremedioen artean. Gizaki higienikoak eta industriako abereak, même combat. Hortan arazoa ez da beganismoa, baizik eta gure laborantzaren eta bizimoduen industrializatzea.

Berdin gaur egun “in vitro” haragia ekoizten bada, zer axola haragirik jan gabe ederki bizi diren beganoei? Produktu horiek haragijaleentzat eginak dira, mundu artifizial batean pozik bizi diren haragijaleak, arkumea jaten duten baina arkume bat hil zela aitortu nahi ez duten (bertzela arkumaren heriotzaren penaz jateko goga galduko luketen) haragijaleak. Industriari merezi duen kritika egin diezaiogun, baina ez ditzagun nahas industrializazioa eta beganismoa, bertzela gorren arteko elkarrizketa antzu batean eroriko ginateke, denen kaltetara.

Lurraren emankortasuna: abereen esku?

Matizatu nahi nuen bigarren gauza ongarriaren garrantzia da. Ongarria, orekatua baldin bada eta ongi doituz erabiltzen bada, egia da oso ona izaten ahal dela lurrentzat. Baina ongarria zer da: belar diseritua (abereen tripan), landare idor batekin (lastoa, iratzea, otea…) nahasia, eta behar bezala konpostatzen utziz. Hots, begetala nahasia bertze begetal batekin, bere ontzea bakteria eta onddoen esku delarik. Nahiko argi ikusten dugu abereak hortan ez direla premiazkoak, eta antzeko emaitzak errex izaten ahal dira anomalirik erabili gabe.

Joan den mende bukaeratik goiti, gero eta eta gehio ulertzen ari gara onddoen eta zuhaitzen funtsa, lurraren emankortasunean. XX. mende erdiko delako “iraultza” honek lurzorua xurga hil bat bezala baizik ez zuen ulertzen: lurrari ongarri kimikoa bota, eta landareak hortik hurrupatu. Ikuspegi honek, ezagutzen ditugun sekulako albo kalteak sortu zituen. Gaur alta, eta espero dezagun ulermen hori garatuko dela gehiago, ulertzen hasten gara gu baino lehen eta milioika urtez lurzoruek beren emankortasuna sortzen zutela, hiru zutabeetan oinarrituz: lignina, onddoak eta xixareak. Azken horiek bereziki interesgarriak iduritzen zaizkit, biomasa animal haundia baitute, gure lurrentzat sekulako garrantzia baitute, eta era berean guziz ezikusiak eta xehatuak dira, inor gutik hortaz kexatu gabe, nahiz eta gure baserrietako animaliak izan ere. Hor ikusten dugu animalietaz dugun kezka ez dela denentzat berdin: gugandik hurbil (fisikoki edo gurekin biziz) ez direnak, axola guti.

Abereen izenean guk nahi duguna erran

Zure ustez abereek gurekin bizi nahi dute, guk haiekin bizi nahi dugun bezala. Ni hortaz ez naiz batere segur, eta ez nuke erranen abereek libreki eta ondorio guziak argi ezaguturik hautatzen dutenentz gurekin bizitzea. Hasteko, denak gatibutasunean jaio zirelako eta ez dute bizi basatia zer den jakiteko paradarik inoiz izan, ezta izanen. Baina afera hasieratik hartuz: domestikatu eta abere bihurtu ziren lehen animaliek, hautatu ote zuten, libreki gizakiarengana joan ote ziren, edo gizakiak engainatu, atxilotu eta behartu? Dakidanez, libreki gizakiarengana joan ziren bi espezie bakarrik: otsoa (gure zakurra bilakatu zena) eta basakatua (gure katua bilakatu zena). Lehena, gizakiarekin elkartuz ihizan eraginkorragoa zelakotz. Bigarrena, gizakiak zituak metatzen zituen guneetan lursaguak, arratoinak etab ihiztatzeko parada baitzuen, baita lehorrean lo eta esne pixkat izateko ere. Otsoa eta basakatua harrapariak dira, ez zuten gizakiaren hainbertze beldurrik. Bertze guziak harrapakinak dira, eta gizakiak domestikatu baino lehen ehiztatzen zituen denak: basauntza, mufloia, basoiloa, uroa, basahatea etab. Ezin dut irudikatu animali horiek noizbait gizakiarekin bizitzea libreki eta ondorio guziak jakinik erabaki zutenentz. Hain zuzen, gizakiarengandik ihes egiteko arrazoin hainitz zituzten.

Etxean bortz oilo ditut, sukaldeko soberakinak eta ogi zaharra jaten dituzte (baina arto pixkat erosten diet ere), arroltzeak haien erritmoan egiten, eta haien kaka baliatzen dut baratzeko aza eta porruentzat. Baina haiekin sortu ziren hainbat xito har, oilasko gisan jateko hil ziren, ez dakit zein baldintzetan, eta honek kezkatzen nau. Oilo horiek nere menpekotasuna pentsatzeko duten ezintasunak kezkatzen nauen bezala. Bertzaldetik nere baratzeko biomasa animal haundiena eta garrantzitsuena ez da bortz oilo horiea, baizik eta lehen erran bezala xixareena. Bortz oilo horien azkena hilko denean, ez dakit ea gazteak hartuko ditudan, edo horien partez xixare gehio izateko baldintzak sortu, hots goldatu gabeko lur eremu zuhaiztun bat bilakatu.

Laborantzan animaliei tokia utzi

Hainitzetan aipatzen da “hazkuntza abandonatuz gero, animali arraza guzi horiek desagertuko dira”. Horri bururatzen zaidan lehen erantzuna, lehen aipatzen ginuen agribusiness da: XX. mendetik laborantzaren bioaniztasunaren desagerpenaren lehen errua, beganoak aipagai izan baino lehen.

Nere iritziz bai gure laborantza sistemetan tokia utzi behar diegula animaliei, eta lehenik laborantzaren gatik hiltzeko zorian dauden animaliei. Irudi hontan laukitxo bakoitzak mamifero milio bat tona ordezkatzen du. Begira dezagun nolako mundua egiten ari garen gaur bezalako abere hazkuntzarekin: piztiei (laukitxo ferdeak) tokirik ez. Laborantza totalitario bat da nagusi, mundu artifizial batean pozik bizi diren haragijaleei baizik ez diena tokirik uzten, bertze guzia baztertuz.

Eta mamiferoetaz haratago, (berriz ariko naiz sekulako garrantzia duen gai honetaz) edozein abereri baino lehen, xixareei. Horiekin bai lotu behar dugu gizakiaren historian sekulan egin ez dugun harremana, gaur gure biziraupenerako ezinbertzekoa baitugu.

Beganismoaz (II)

Lapurdi eta Bortzirietako baratzezaina. Klima, ekosistemak eta burujabetza jasangarrian interesatua.

Zer duzu buruan “Beganismoaz (II)”-ri buruz

  • Ganbaratxotik 2019-02-17 11:21

    Beganismoa aukera bat da. Zilegia noski. Baserritar-abeltzain txikiok larritzen gaituena piska bat. Bai, kezkaz bizi dugu. Izan ere gazteek erakargarri dakusate, transgresore, eraldatzaile, iraultzaile…
    Nik erantzun gisa ikusten.dut animalia-proteinaren gehiegiketiaren aurreko erreakzio logikoa. Okela onarri duen dieta baten zentzugabekeria begibistaratzen duen mugimendua. Beraz, nere ongietorria.
    Besstetik zuri-beltzen arteko eremu osoa erakusten digu beganismoak. Alegia, grisak marrazteko aukera ematem digu.
    Edozelan ere, elikadura-ereduez baino pertsona edo norbanakoetaz ihardutea ez littzateke hobe? Esan nahi da, inguruak, ekologiak, fisiologiak, ofizioak…moduko faktoreek beharko luke erabakiorra zer jan eta zet ez erabakitzerakoan. Eta norbera burujabe eta kontziente egitea horren politikoa eta munta handikoa den autua egiten denran moda bat edota elikagaien industriaren titere izan gabe.