Zubiak ere dantzan egin zuen…

Zubiak ere dantzan egin zuen… –

Edo berdin-berdin esan genezakeen “Zubiak dantzan ere egin zuen” Abenduaren 16an izan zen, Portugaleteko Zubi-Alde  kiroldegian. Bertan antzeztu zen portugaletetarrez betetako eszenatokian ZUBIA izeneko ikuskizuna, herri-antzerkia … pastorala? Horrelaxe bete ziren duela pare bat urte jarrillero koadrilla txiki bat piztu zitzaien ametsa: Portugaleten  pastoral bat egitearena. Apurka-apurka, ideia mamitzen joan, eta azkenean hirurehundik gora herritarrek hartu zuten parte ekimen honetan.

ZUBIA izeneko ikuskizunean Bizkaiko Zubia dugu protagonista (aurkikuntza ederra eta handia izan den Nahikari Yuberok errepresentatua). Hamar ekitalditan banatutako ikuskizunean, 125 urtetan (2018an bete zituenak) lekuko izandako jazoera historiko garrantzitsuenen kontaketa egiten digu zubiak: eraikuntza bera eta inaugurazioa; gerra eta diktadura; langile-borroka, berpizte kulturala, euskararen suspertzea … eta horrela gaur egunera arte ailegatuta.

Pastorala izatearena argi ez badago ere (keinu bat baino gehiago egiten dizkio pastoralari: pertsonaia antagonistak, beraien arteko elkarrizketak kopla kantatuen bidez …), argi dute ikuskizunaren arima izan direnek herri-antzerkiarena. Izan ere, hasieratik bertatik sortu, prestatu, garatu eta antolatu du herriak ZUBIA. Aurkezpenean zioten moduan, Portugaletek Portugaleterentzat prestatu eta ondutako ikukizuna. Agerian azaldu ziren aktore eta figuranteen lanari gehitu behar zaio ixilean, ilunean egindako beste askoren lana: arropak lortu eta josi zutenena, atrezzorako materiala eskuratu eta egin zutenena, makilajeaz eta ile-apainketaz arduratu zirenena, dirulaguntzak lortzen hamaika kontaktu eta harreman lortu zutenena … Horrela, 338 lagunen lana, ahaleginak eta ilusioa batu, lotu eta ehundu arte.

Esan bezala, arrakasta totala izan zen. Herritar asko eta asko ikusi gabe geratu ziren. Hori dela eta, bigarren emanaldi bat eskaintzeko aukera ari dira aztertzen. Eta ez hori bakarrik: horrelako ikuskizun bat egiteko gai izan badira, zergatik ez ausartu beste batekin? Zer kontatua badago. Nork kontatua ere bai. Ikusiko dugu …

Zubiak ere dantzan egin zuen...Zubiak ere dantzan egin zuen… Zubiak ere dantzan egin zuen… Zubiak ere dantzan egin zuen…