Nazio umiliazio bi
Nazio umiliazio bi –
Madrilgo oskoletik atera, eta Bartzelonara joan da misioetara Espainiako Ministro Kontseilua abenduaren 21ean. Kaleak irakiten jarri ditu berriz Bartzelonan, bor-bor. Sare sozialetan handik eta hemendik ibili da ez ote zihoazen Olibaresko Dukeak Filipe III.ari emandako aholkuko 3. puntua betetzera. Ciudadanosek kristal bola atera du, eta aldez aurretik prestatu du Torra presidentaren kontrako kereila, badaezpada, 21ean gertatuko bide ziren istiluengatik. Laranjek, baina, ez zuten oso ondo eramango biharamuna, tentsioa bai baina urriak izan baitira liskarrak (egon dira, ordea, poliziak, katalan atxilotuak; egongo dira epaileak, auziak eta epaiak).
Sanchez eta Torra elkarrekin hizketan ikusi ditugu, formatu batean edo bestean: P2P, nik zuri, edo zuk niri. Batera edo bestera, topaketa hori, baina, gehiegizkoa izan omen da, onartezina, Espainiako PPulistentzat eta buru biko laranjentzat (Rivera-Arrimadas bikote kosmetikoa). Espainiar nazionalismo populistako ordezkarion irudiko, zeinek bere hitzekin adierazita, “nazio umiliazioa” izan da katalan presidentearekin elkartzea. Bilkura horren albistea ez ezik, beste zerbait ere eskaini (ezarri) du Sanchezen Kataluniako lurreratzeak: Prat aireportua, aurrerantzean Tarradellas deituko da, Ministro Kontseiluak hala aginduta (langile aritu dira, gero, ministroak!).
Bestetik, Prat-Tarradellasetik bi orduko hegaldian, Gatwick aireportua dago Londrestik hegoaldera. Anabasa nagusitu da bertan, eta egundoko zalaparta sortu da Ingalaterran: dirutan ehun milaka pound (milioika ere, diotenez) galduta, milaka herritar aireportuko atakan bi gau eta gehiago, zergatik eta dron batzuek, Loiuko putreen pasadizoaren bertsio mekanizatuan (eraginkorragoan…), hegazkin trafiko guztia hankaz gora jarri dutelako. Istiluak hautsak harrotu ditu hango prentsan. LBC Londresko gai orokorren irrati nagusian hitz eta pitz jardun dute: “nazio umiliazioa” izan da.
Hegazkinak eta zeruan uzten duten ke marrak gehiago edo gutxiago gustatuko zaizkizu, bai, baina nazio umiliazio bat aukeratzera emanez gero, brexitak brexit, ez nuke dudarik zeinekin geratu. Orain inoiz baino beharrezkoagoa, kontsulta bidez aukeratzea. Hor dago koska.