Herri ikasia, agintari zintzoak eta lege zuzenak
Herri ikasia, agintari zintzoak eta lege zuzenak –
Duela zenbait aste, gertakari eta datu batzuk eskaini nizkien irakurleei, oraingoz herenegun deitzen duten «horrekin» lotutako kontuak hartzen ari diren itxura ikusita. Gure historiako atal luze bat izango den kontrolatzeko eta bertan eragiteko grinaz, batzuen eta besteen artean sortutako liskarraren aurrean, «lanaren» partzialtasunaren eta ustezko zorroztasun zientifikoaren erakusle.
Beharbada ez da egokia «eragiteko» gaitasuna ahalmen bat dela pentsatzea, -guztiz adimentsuak- direnen aukera ematen dien, besteak beste, «gizarte-masaren» ezagutza eta iritzia bideratzeko, historiaren bilakaera baldintza dezaketen egoera eta gertakarien inguruan. Batzuk historia hori eguneratzen saiatzen ari dira, «biziarazten». Beharbada ez genuke interesen arteko liskar horretan, epidermis «sendoa» besterik ez dagoen horretan, substantzia grisa bilatu behar.
Proposamen hori irensten laguntzeko asmoz, herenegun izendatzea erabaki dute. Onartu behar da Historia deitzea gehiegitxo izan daitekeela, Francoren garaiko metodologia berreskuratuz izaera ofiziala eman eta testuliburuetan sartuta. Historiako mende erdi luze bati buruzko atal eder bat. Beste bat gehiago.
Badira kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk ere. Naiz lan hori prestatu duten «teknikarien» maila intelektuala kontuan hartu, ukaezina da XXI. mendeko bigarren hamarkada erretzen ari garela, eta, honaino iritsita, esperientziak erakusten digu sare sozialen zabalkundea, gizabanako bakoitzari aktiboki esku hartzeko aukera ematen diona, baztertzen ari dela egia objektiboak existitzen ziren antzinako «ustea».
Nire ikuspuntutik, ez da gutxietsi behar mundu honetan nork bere egia izateko helburua duela, gertakarien inguruko bere bertsioa, «jakintzaren hierarkiei» garai batean zor zitzaien errespetua alde batera utzita eta gertakarien indarraldiari ere muzin eginez.
Historia sakonki ezagutzeko grina dutenak badiren bezala, badira Historia komenientzia hutsez beren asmoak oinarritzeko erabiltzen dutenak ere, esaera zaharrari men eginez: “oraina kontrolatzen duena iragana kontrolatzen saiatuko da”.
Esplizituagoa izanda, esan liteke «Historiaren» erabileran eta abusuan, zinismo asko dagoela, gehiegi ere bai. Egia da historialari direnen artean dauden iruzurti batzuek hartzen dituzten «bidezidorretan» Memoria eta Historia nahasteko ahalegina egiten dela. Hain zuzen ere, esperientzia, oroitzapena eta nahi pertsonalak nahaspilatuz, gizarte osoa ispiluaren aurrean jarri behar lukeen kontakizun batekin.
Gaur egun dastatzen dugun nolabaiteko “indarkeriarik eza”, ezin baita izan oroitzapenik ezaren baliokide. Ezin da, iraganeko zauriak ixteko aitzakiarekin, edozein kontakizun ontzat eman. Ezin diogu iruzurrari zirrikiturik utzi. Zauriak ez lirateke horrela sekula itxiko, eta jarraitu egingo luke sufritu duten eta sufritzen jarraitzen duten guztien oinazea.
«Unitate didaktikoa» ospetsu hori, EITBko Las huellas perdidas sailean dago oinarrituta. Bost bideo dira guztira, bakoitza hogei minutukoa. Lan horren bidez, Euskal Herriko azken urteotako historia (1960-2018) irakatsi nahi diete 15 eta 18 urte bitarteko ikasleei.
«Alegazioak» aurkezteko epe bat jarri izanak (azaroaren 16an itxiko da epea) erakusten du, nire ustez, oso arriskutsua dela –eta azpimarratu egiten dut, egiaz hala iruditzen baitzait– borondateak uztartzeko asmoz «aurrera» egitearren «Adituen Batzorde Paritario» moduko bat sortzera iristea, Euskal Herriko azken mende erdiko kontakizun ofiziala agertzeko. Sentitzen dut hau esan behar izatea, baina, antzekotasun handia, pulpitu katolikoetako mezu unilateralarekin.
«Oroitzapen asko dituenak gezur asko esaten ditu» esaerari begiratuko bagenio, nora iristeko gai izango ote lirateke «memoriaren» bertsio zehatz bat inposatu eta bertsio hori historia bilakatu nahian dabiltzanak? Izan ere, ematen du ustezko «nagusitasun moral» batean lebitatuz egia objektiboaren jabe direla uste dutenek ahaztu egin dutela politikagintzan funtsezkoena ez dela nork bere burua nola ikusten duen, besteek norbera nola ikusten duten baizik.
Bistan denez, gai zaila da hau. Ez bakarrik historikoa izan nahi duen dokumentu-kontakizun bat «eraikitzeak» duen konplexutasunagatik, baizik eta gerora horri emango zaion erabileragatik, daukan helburuagatik.
Herenegun kontakizunaren izaera gatazkatsua eta bere erabilgarritasun pedagogikoa ikusita, garatzeko «tempo administratibo» bat behar dela pentsa liteke, gaia berriro aztertzeko. Batzuen ustez hauxe da une egokia eta ez dut nik hori ukatzeko arrazoi sendorik ikusten, baina aurkezten ari zaigun entsalada misto honek «gozagarri» gehiago behar ditu.
Gaur iritsi da, baina bihar irits zitekeen. Eztabaidaezina da, ordea, gizarte batek iraganeko kontuak argitzeko beharra sentitzen duenean, diziplina zientifiko bezala agertzen dela Historia. Kasu honetan, ikastetxeetan sartzeko formula egokia unitate didaktiko bat da, eta horrek hezkuntza-prozesu bati buruzko lan-proposamen bat izan behar luke, ikasteko «helburua» duena. Dena den, Patrick J. Geary historialari amerikarrak esan bezala, iraganaren memoriari buruzko asmo guztiak zerbaiterako memoria izaten dira, eta zerbait hori politikoa izaten da halabeharrez.
Artikuluak izenburu ederra duenik ez didazue ukatuko. Asmoen adierazpen betea da. Nolanahi ere, hitzak ez dira nireak, Marko Tulio Zizeronenak baizik. Egia esan, harrigarria ere bada, hainbeste mende igaro eta gero, nola litekeen oraindik, Zizeronen helburua bete ezinezkoa. Zergatik ote?