Izan ginen eta izango dira
Izan ginen eta izango dira –
ITZIAR ZUNZUNEGI, GAIZKA ARANGUREN, ANE ZURUTUZA, ALEX MARAÑON, ANE MORALES, IBAI REDONDO ETA OIHANA ETXEBARRIETA*
IKASLE ABERTZALEAK ERAKUNDEKO KIDE OHIAK
.
Idazki hau izenpetzen dugunok Ikasle Abertzaleak antolakundeko militanteak izan gara, 1988an egindako asanblada sortzailean, aurretiko urratsetan eta gerora egon diren kongresuetan eta ibilbide oparoan. Gutako askori IAk eman zigun lehen esperientzia militantea. Gure gaztaroaren zati bat, gure energien eta gogoen zati bat IAri emandakoak gara. Beste edozein militantzia-eremu kolektibotan gertatzen den bezala, eman bai baina trukean ere asko jaso genuen. Ez da esajeratua esatea IAk arrastoa utzi zuela gugan, egin egin gintuela pertsona eta militante bezala. Hezi egin ginen ikasle mugimenduan, hezi eta hazi adiera zabal eta sakonean.
Ikasle eta abertzale ginen. Euskal Eskola Nazionala eta Euskal Unibertsitatea amesten genituen. Euskal Herriaren askapen prozesuari berebiziko ekarpena egiten ari ginela sinisten genuen; non eta hezkuntzaren alorrean, pertsona kritiko, aske eta emantzipatuak sortzeko estrategikoa den eremu batean. Helburuari soilik ez, bideari ere erreparatu genion eta Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko aliantzak bilatu genituen. Denboran nahiko hurbil dauden erreferentzia batzuk aipatzearren, Euskal Curriculumaren sortze prozesuan edota Oinarrizko Hezkuntza Akordioan IAren sinadura ageri da. Hezkuntza mugimenduko eragile asko eta ezberdinen artean jositako egitasmoetan ikasle ahotsa mahaigaineratu genuen. Kaleak eta instituzioak bete genituen ikasle ahotsez, ahots abertzale ezkertiarrez.
30 urte beteko dira aurten Ikasle Abertzaleak sortu zenetik. Urteurren borobila, gustura ospatuko genukeena, ehunka lagun berriz elkartzeko aitzakia polita litzateke. Belaunaldi berriekin batera IAren iraganari eta etorkizunari gorazarre egiteko momentu polita litzateke. Zaila gertatuko zaigu, ordea, gaurko IAren diskurtsoan eta praktika politikoan ez baitugu guk ezagutu genuen antolakundearen arrastorik aurkitzen. Beste zerbait bihurtu da, hamarkadetako ibilbide historikotik deslotu dena.
Erakunde honen izaera, diskurtsoa eta lan ildoak 1991n eginiko lehen Kongresuan definitutakotik nabarmen urrundu dira. Hastapen horretan marraztu ziren helburuak, oinarri ideologikoak eta estrategiak; funtsean, Euskal Irakaskuntza Nazionala eraikitzera begira ikasleen gehiengoaren erreferentziazko tresna izateko asmoz sortu zen IA. «Ikasleek arazoak planteatzeko gugan erreferentzia puntu bat aurki dezatela», jarri genuen xede bezala hastapeneko ponentziatan. Horretarako, «erakunde abertzale eta aurrerakoi» eta «masa erakunde» bezala definitu zen IA, eta bere praktika ikasleon problematikan lehentasunez zentratzea erabaki zen. Euskal ikasle mugimenduaren ikuspegi zabal, ez apropiatibo eta adierazpen ugarikoa zuen eta errespetuzko interlokuzioa planteatzen zuen adierazpen ideologiko guztiekin. «Metatzeaz ari garenean ez ditugu soilik gure oinarriekin %70-80-90ean ados dauden militante berriak lortu nahi, gure artean nahi genituzke baita ere, ideia ezberdinak izanik ere beraien erreibindikazio ezberdinak defendatzeko eta gurekin lan egiteko loturak sortu eta mantentzeko prest dauden ikasleak», «apaltasunez sentsibilitate ezberdineko sektoreetara zabaldu behar dugu, eskematismoak eta egia santuak baztertuz»; gisa horretako esaldiek argi adierazten dute zein zen filosofia. Lehen kongresutik bosgarren kongresura mantendu eta berretsi den filosofia, hain zuzen.
Lehen kongresuko ponentziei begiratzea nahikoa da konturatzeko zer nolako umiltasun eta autokritikaz kokatzen zen estrategiaren erdian indar ezberdinen biltzea. Nola ghetto edo kuadrilla itxiak bihurtzeko arriskua ekiditeko planteamendu irekiak eta pluralak lehenesten ziren. Nola ikasleen arazoen tratamenduari ematen zitzaion garrantzia: «Ikasle sektore zabalen erreferentzia-puntu izatearen papera berreskuratu nahi badugu, ikasleei bereziki dagozkien gaiei lehentasuna eman behar diegu». Nola desitxurapen partidistak eta hiperpolitizatuak alboratzen ziren eraginkorrak ez zirelako. Nola aktibismo hutsaren eta grebaren erabilera okerraren kritika egiten zen, eta masa borrokak, mobilizazioetatik harago, ikasleek beren problematikarekiko kontzientzia hartzean pibotatu behar zuen. Nola ikasle asanbladak zaindu, kalitatez hobetu eta benetan parte hartzaileak bilakatu nahi ziren. Nola ikasgelan eta ez kanpoan zentratu behar zen lana ikasleen arazoekin kontaktu zuzena izateko. Nola ez zen «a priori jarrera anti-instituzionaletan erori behar» eta lan instituzionala bultzatu behar zen. Nola diskurtsoak ikasleriaren gehiengo batekin kontaktatzeko modukoa eta erakargarria izan behar zuen. Aspaldian idatzitakoaren arabera, «azalduko dugun estiloa eta diskurtsoa oso garrantzizkoa da. Argumentatu behar dugu etengabe, egia absolutuak eta erabateko afirmazioak bota gabe… gure berezko diskurtso bat lortu behar dugu, bai terminoen, baita ideien aldetik ere». Nola IAren analisiaren arabera, nazio askapen prozesuari egin ziezaiokeen ekarpen handiena ahalik eta indar plural gehien euskal eskola nazionalaren alde jartzea zen.
Tristuraz diogu gaur egungo Ikasle Abertzaleak erakundearen izaera, praktika, diskurtsoa eta estrategia ez datozela bat bere jaiotzan eta hamarkadetan izan dituenekin. Eta zilegi da belaunaldi berriek beste norabide bat ematea guk ezagutu genuen antolakunde hari. Zilegi da, noski, beste izaera, estrategia, diskurtso eta praktika bat definitzea, baina zintzoki galdetzen dugu: Ez al da beharrezkoa IAk historikoki izan duen ezaugarritzeari jarraipena emango liokeen adierazpen antolatua gaur egun ere? Ez al da behar indar pluralak biltzea? Hori lor al daiteke Ikasle Abertzaleak erakunde marxista iraultzaile sozialista (edo komunista, batzuen arabera) bezala karakterizatuz? Ezker abertzalearen traiektoriatik erabat aldentzen den diskurtsoa, «mintzaira eta mezu sasi-marxista» (horixe leporatzen genion bere garaian Sindicato de Estudiantes erakundeari) erabiltzea ikasleriaren gehiengoaren erreferente bilakatzeko bide eraginkorra al da? Ala, uko egin zaio oinarri abertzale eta aurrerakoien inguruan gehiengoak artikulatzeari?
Hezkuntzak zutoin ezinbestekoa izaten jarraituko du Euskal Herriaren eraikuntzan, ezbairik gabe; inoiz baino gehiago, esango genuke. Batetik, hezkuntza estatuen inboluzio autoritarioaren jopuntuan egongo delako; eta bestetik, herri gisa jauzi bat emateko premia inoiz baino larriagoa delako, eta herri ikuspegia duen hezkuntza mugimendu ahaldundu, plural eta kohesionatua behar dugula uste dugulako.
Ziur gaude bidea egingo dela, belaunaldi berriak batuko direla hezkuntzaren eremutik Euskal Herriaren eraikuntzara. Gutako bakoitza, gaur gauden lekutik, bidelagun izango gara, gorputzez eta bihotzez.
.
*Ikasle Abertzaleetako kide ohi hauek ere artikuloa sinatzen dute: Andrea Aiape, Eñaut Aiartzaguena, Urko Aierbe, Ioritz Alberdi, Aitor Anda, Julen Antsotegi, Martin Arrasate, Ikoitz Arrese, Peru Azpillaga, Gorka Elejabarrieta, Idoia Fernandez, Joseba Garmendia, Kizkitza Gil de San Vicente, Galder Gonzalez, Izaskun Guarrotxena, Ane Izquierdo, Andoni Lariz, Oibar Legarra, Beñat Leunda, Aritz Lili, Oihana Llorente, Ane Lopez de Letona, Ainhoa Mendibil, Haizea Moreno, Amaia Muguruza, Arkaitz Otazu, Pello Otxandiano, Asier Otxoa, Olatz Perez de Viñaspre, Nerea Redondo, Ibai Ripodas, Juan Carlos Tapia “Papi”, Miren Zabaleta, Zaloa Zenarruzabeitia, Igor Zulaika eta beste hainbat kide.
Lehengo IAen deskribapen bat egin duzu eta egia esatea nahi baduzu, nik ezagutu nuena eta zure deskribapena ez datoz bat, inondik ere. Testu hau irakurtzen ari nintzela honako hau pentsatu dut: “deskribapena egiten ari da edo urteak pasa ondoren, burua zertxobait asentatuago izanik, garai hartako IAk nolakoa izan behar zuen planteatzen ari da?”. IAn dabiltzanen adinagatik, bai garai batean eta bai gaur egun, munduko modak eta joerek influentzi handia dute. Zuen garaian ere hortxe ibiltzen zineten palestinarren zapiarekin, Che Gevararen irudiarekin etab denbora galtzen. Oraingoak berriz, 2000. urtez geroztik jaiotakoak dira. Zer ezagutzen dute? Innguruko modekin bolo-bolo ibiliko direla pentsatzen dut: gizarte patriarkal zuri matxistaren gizartea eraisten eta horrelako kontuekin… Bai lehen eta bai orain ez zarete oinarri-oinarrizkoan zentratu: euskara eta euskal kultura. Gaztetxeek kulturguneak izan beharko lukete, euskal kultura zabaltzeko guneak: idazleak, margolariak, musikariak, abeslariak, bertsolariak, artisauak… Eta horren ordez, nik beti ikusi dudana, zikin-tokiak direla. Edo ez? Nork izaten du ataria ikusita barnera sartzeko gogoa? Auzolana… ahoan bai, ataria apur bat atondu eta edertzeko golpezorrik jotzeko asmorik ez.
IAtik atera badira, zertara dator eraso fundamentubako hau? Zer nahi dute, IA ere kontrolpean eduki?
EAko aparatua urduri da, iada ez dute kelean lehen zeukaten botere absolutua eta gazteriak ez du diskurtso progrea irensten. EAJren kopia txar batean bihurtzeak horrelako ondoioak dakartza