Beherapenak

Beherapenak –

BeherapenakAzken urteetan, Euskal Herria eta euskara sutsuki defendatzen zituzten zenbait eragile, beherapen aroari gero eta emanagoak daudela dirudi. EAJn aspaldi hasi ziren, baina ezker abertzalean ere, oinarri ideologikoak “berrikusteko” garaia heldu da antza.

Aste honetan bertan, Eusko Ikaskuntzaren “Gure Jendeak: Aniztasuna eta Kohesioa” delako proiektuaren zuzendari zientifikoa omen den Julen Zabalori elkarrizketa luzea egin diote Garan. Elkarrizketaren edukia eta hedabidea ondo egokitzen direla esan daiteke…

Euskarak zentratzen gaitu? Galdetu dio bere buruari Zabalok, eta jarraian erantzun: “Urte askoan egon gara hori defendatzen,… baina ikuspuntu akademiko batetik… herri gisa hausnarketa egiteko elementu batzuk erabiltzen dira, eta ez halabeharrez hizkuntza.

Gure kasua oso berezia da, hizkuntza hori gure-gurea delako, bertakoa delako, beste inon hitz egiten ez delako, estimu handia diogulako, harrotasuna erakusten dugulako gure hizkuntzarekiko eta abar, baina ez dezagun ahaztu gatazka-iturri ere badela hizkuntza. Orduan, ikuspuntu akademiko batetik ezin dugu esan euskara denik herri baten ardatza, mamia edo muina, eta hortik jarraituta ezin dugu esan duela berrehun urte Euskal Herria euskaldunagoa zenik. Euskarari begiratuta, orduan bai, baina ez herriaren ikuspuntutik…

Euskal Herria birpentsatu beharra dugu, bai arlo politikoan eta bai barrura begira, euskal herritar gisara aritzeko beste modu bat pentsatu beharra daukagu”.

Ez dakit zergatik ezin den esan Euskal Herriaren ardatza euskara dela “ikuspuntu akademiko” batetik. Azalduko digute hori patxada handiagoarekin, zeren eta Herri eta Estatu askok hizkuntza baitute euren komunitateen eta antolamenduaren ardatz. Ez dago urrun joan beharrik hori ikusteko.

Espainiak eta Frantziak mendeak daramatzate espainiera eta frantsesa erdigunean jartzen eta inposatzen; eta euren menpeko lurraldeetako hizkuntzak, euskara tartean, desagerrarazteko jardunean.

Espainiera eta frantsesa inposatzeko erabili dituzten tresna eta neurriak “gatazka-iturrien” adibide bikainak eta askotarikoak dira. Ikerketa-gai oparoa aurki dezake hor Eusko Ikaskuntzak, gura izanez gero.

Hizkuntza kontutan euskaldunak ez gara horren bereziak, bistan denez. Zapaltzen gaituztenen aldean txikiak, jipoituak, tresna eraginkorrez hustuak, konplexuz beteak eta etsitzen hasiak, beherapenetan. Haiek indarrez inposatu dizkiguten hizkuntzak “gure egiten” aspaldi abiatuak.

“Euskal Herria birpentsatzeko”, akulturazioan sakontzeko eta herria zeharo urtu eta desegiteko ez daukagu inongo “eusko akademiaren” beharrik.

Badugu auzoetatik zer ikasia hala ere. Hara zer dioen ia erabat “kohesionatutako” frantsesen konstituzioak: “La langue de la République est le français… La République participe au développement de la solidarité et de la coopération entre les États et les peuples ayant le français en partage”.

Eta ez dirudi gaizki joan zaienik… Horra hor beste ikerketa-lerro posible bat, lagunak!

Beherapenak

Oinezkoa

32 pentsamendu “Beherapenak”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-11-04 23:00

    Argudio baten balioa neurtzeko interesgarri da batzuetan, izen pare bat aldatuta berridaztea zer tankera hartzen duen ikusteko. Esate baterako “herria” edo “Euskal Herria” ordez “genero harremanak” eta “hizkuntza” edo “euskara” ordez “berdintasuna” idatziz egin dezakegu saio guztiz zilegia, Euskal Herria euskaran oinarritzen dugun bezala, genero harremanak berdintasunean oinarritzen ditugulako. Ea nola geratzen zaigun testua.

    “Urte askoan egon gara hori defendatzen,… baina ikuspuntu akademiko batetik… genero harremanez hausnarketa egiteko elementu batzuk erabiltzen dira, eta ez halabeharrez berdintasuna. Gure kasua oso berezia da, berdintasun hori gure-gurea delako, bertakoa delako, beste inon baino zabalduagoa delako, estimu handia diogulako, harrotasuna erakusten dugulako gure berdintasunarekiko eta abar, baina ez dezagun ahaztu gatazka-iturri ere badela berdintasuna. Orduan, ikuspuntu akademiko batetik ezin dugu esan berdintasuna denik genero harremanen ardatza, mamia edo muina, …..
    Genero harremana birpentsatu beharra dugu, bai arlo politikoan eta bai barrura begira, genero harremanak antolatzeko beste modu bat pentsatu beharra daukagu”.

    Sinatuko al luke Amerika deskubritzaile berri horrek?

  • euskaldun bat 2018-11-05 11:02

    Oso ona, Hartsuaga!

  • Eta euskara ez bada, zer da zentratzen gaituena? Pintxopotea?

  • euskaldun bat 2018-11-05 16:30

    Ezker abertzalearen ustez, zentratzen gintuena sozialismoa zen eta orain berriz feminismoa eta ekologismoa edo horrelako zerbait. Baina huts egin du erabat. Sozialismoaren bueltan kolonoak eta indigenak batu egingo ginela uste zuen, euskarak ez baitzuen batzeko balio. Baina sozialismoa pikutara joan denean, ez sozialismoa eta ez euskara. Zeren, zerbait garbi baldin badago hauxe da: kolono maketoek inoiz ez dute bere egin euskal kultura eta ezta egingo ere. Aniztasunaren kontzeptua ezin hobeto bereganatu dute, herria anitza omen da. Eta mundu guztia engainu horretan erori da. Aniztasuna, indigenak akabatzeko modu “zibilizatu” berria da.

  • Beñat Castorene 2018-11-05 18:52

    Bai, aniztasuna da kolonoentzat arma ideologiko bat bikaina, beren ikuspuntutik oso ongi ulertzen dena
    Aldiz gutariko gehienentzat aniztasuna da, inozokeria, ilusio suizidarioa.
    Tamalez, alde honetan bederen, gure politikarien aldetik izan daiteke hiprokrisia oportunista oso kontzientea.

  • Ados egon ala ez (eta batzuk ez gatoz bat haren planteamenduarekin), egia da Julen Zabalok (Onintza Odriozolarekin batera) oso era AKADEMIKO SENDOAn garatu zuela goian aipatutako tesi hori 2017an JAKINen argitaratu zuten “Eredu aldaketa euskal nazionalismoan? Demokrazia kontzeptuaren garrantzia” izeneko artikuluan (219. zenbakian).
    Han garatutakoaren haritik datoz oraingo adierazpen hauek ere.

  • Eta Aquinoko Santo Tomasek era AKADEMIKO EZIN SENDOAGOAN demostratu zuen Jainkoaren Grazia zer zen eta zertarako balio zuen. Ala ez?

  • Don’t try to compare…

  • eta artikulua irakurri

  • Ez, ez dut irakurtzeko asmorik eta ez dut irakurtzeko beharrik, zalantzan ez dudalako inoiz jarri era akademiko sendoan idatzirik dagoenik. Aquinoko Santo Tomasen Summa Theologiae irakurtzeko asmorik edo beharrik ez dudan hein berean, hura ere, zalantzarik gabe era akademiko sendoan idatzirik dagoelako. Eta bai, konparazioa arrunt zilegia da, kasu batean zein bestean gakoa ez delako zenbateraino dauden era akademiko sendoan idatzita, zer tesi zabaldu nahi den baizik. Mota honetako gaietan, tesi bat sustatu nahi denean, beti idatzi daitekeenez era akademiko sendoan, bost axola zait era akademiko sendoan idatzita egotea.

  • Dena den, jakin nahi nuke zure iritziz zergatik ez den zilegia egin dudan konparazioa. Ideiak trukatzea beti da aberasgarri eta.

  • Nire iritzia? Esango nuke gauza bat dela ideiak trukatzea eta beste bat, argudio gisara, konparatu ezinak direnak aurrez aurre jartzea.
    Kristauek diotena diotela, adi-mugaz bestaldeko eraikuntza teoretiko oro eskolastikoki sendoa izango da baina ez akademikoki sendoa, Akademia, zorionez, arrazoiaz baliatzen baita, ez fedeaz.
    Eta arrazoia baliatzen du artikuluak ere, ez fedea. Eta zertarako? Ba, pare-parean duen arerioari egokiro aurre egiteko eta lubaki-kideekin estrategia erabakigarriena diseinatu ahal izateko.
    Merezi du, beraz, arreta pixka bat eskaintzea (hori besterik ez da artikulua irakurtzea), eta ez hark dioena ezagutu aurretik inor tiroka hasi dakion. Zeren eta arrisku handiegia dugu euskaldunok, lubaki-kideak eta arerioak bereizi gabe, edonora eta edonori tirokatzeko. Baita geure buruaren aurka ere.

  • Ez naiz sartuko idazkiaren muinarekin, Julen Zabaloren adierazpenekin, nahiago gaiaren desbideraketan sakondu:

    Edozerk gainditzen du peer review prozesua. Edozerk! Nik nire paperretan gehituriko literaturatik soilik iturri BAT kendu behar izan dut, iturri horren ondorioak goitik behera okerrak baitziren. Ba “artikulo zientifiko” hori, munduko aldizkari prestigiotsuenean zegoen argitaratua, Naturen. Naturetik hartu nuen iturri BAKARRA oker zegoen. Noski, gutxi iraun zuen aldizkarian.

    Beraz soilik esango dut lan akademiko batek eta edonork edozer lekutan egindako lanak balio bera dutela.

  • “Akademia, zorionez, arrazoiaz baliatzen baita, ez fedeaz”. Ez. Are gutxiago gaur egun.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-11-06 10:52

    Herri-eraikuntzaren ardatzetik hizkuntza kendu nahi duena ez da nire lubaki-kidea. Eta herri eraikuntzaren ardatzetik hizkuntza kentzea ez da grabitatearen legeak agindua, ez da ezinbestekotasun akademiko edo zientifikoak behartutako errealitatea. Zeharo eta arrunt, borondatezko eta hautazko kontua da eta borondatezko eta hautazko kontuez dihardugularik, ERA AKADEMIKO SENDOA esateak, ondoren datorrenari autoritas kutsua emateko baino ez du balio. Horregatik diot dioena eta horregatik egiten dut egiten dudan konparazioa. Halere, nire lehen premisatik hasita oker banago eta tesiaren asmoa ez bada herri-eraikuntzaren ardatzetik hizkuntza kentzea bere garrantzia gutxietsiz, orduan dena gaizki ulertu dugu debate honetan egurra partitzen gabiltzan guztiok eta arrazoi emango dizut artikulua irakurri behar dudala kritikatu baino lehen.

  • Eztabaida lerroa berreskuratuz, finean, artikuloak dio euskal nazionalismoak demokrazia eta lurraldea hartu behar dituela ardatz, biztanle guztien parte hartze demokratiko iklusiboa hartu behar dituela ardatz. Hortaz nazionalismoak nazionalista izateari uztea itxuraz behintzat, biziraun ahal dadin, ideia hau hegemonikoa delako Europan. Bere argudioa hori da, indarrean dagoelako gure inguruan.

    Hori esaten du, idazten du. Idatzita dago, euskara batuan. Baina ez dut bertan inolako arrazonamendurik aurkitzen. Agian zuzen dago, agian oker. Baina ez du bere tesia arrazionalki demostratzen, eta akademian egin ohi den modura, ez du zertan egin ere. Diodana da arrazoimena ez dela akademian ia erabiltzen, ezta artikulo akademiko horretan ere. Eta ez du zertan hala egin behar Zabalok, hau ez da harenganako kritikarik.

  • Nik momentuz bereizten ditut arerioak eta lubaki-kideak.
    Eta ez dut arerioen artekotzat gure Herriaren etorkizunaz kezkatuta, ariketa intelektual sakona (eta AKADEMIKOki sendoa, ezer izatekotan, pentsamenduaren garalekua baita Akademia) egiteko eta plazaratzeko adorea eta ausartzia dituen jendea.
    Ez du ezer inposatu; analisia eta proposamena da Zabalok egindakoa
    Eta apaltasun guztiarekin aitortzen dut, ados egon ez arren, ez dudala nik haren artikuluaren parekorik argitaratu. Eta nik dakidala, ez beste inork ere.

  • Eztabaida aberasteko, esan nahi dut

  • Orduan meredith, zein da arazoa? Akademikoki Sendoa denez ezin egin kritika? Akademikoki Sendoa zer den argitu gabe eta Akademikoki Sendoa dela demostratu gabe.

    Nik Zabaloren lana txalotzen dut, irakurgai interesgarria da. Baina ez dakit zer den antzuagoa… norbaiten lana hemen Zuzeun arinkeriaz kritikatzea edo norbaiten lana ezin kritikatzea akademiak arrazoia baliatzen omen duela eta Akademikoki Sendoa dela esatearekin. Kalzadore batekin zerbait sartu nahi digutelako irudia ematen du.

  • Duela urte batzuk eztabaida gartsua izan nuen, eremu babestu baten baitan bere lursailean etxe “ohiz kanpoko” bat eraiki nahi zuen batekin. Kexu aldarrikatzen zuen ozen, berea zuen sailean zernahi eta nolanahi eraikitzeko eskubidea, baina badaezpada ere, hori ez zuen egiten besteek bera baino lehen zernahi eta nolanahi eraikitako eremu batean, arau zorrotzek zoragarri kontserbatutakoan baizik. Antzeko irizten diot motozaleak natura basatiaren isiltasunean murgiltzen direnean, hain gustuko duten inguru hori gainerakoei izurratzeko. Batzuk eta besteek gogora arazten didate komuna bazkaltzeko platera bezain garbi aurkitzea esijitzen dutenak, gero dena txizaz zipriztintzeko. Hizkuntza baztertu, eta demokrazia eta lurraldean oinarrituriko herria eraiki nahi duenak ere, eremu galanta du Oskatik hasi eta Atapuercaraino, bere teoriak lantzeko. Hortxe du euskararik gabeko Euskal Herri ohi zabala. Doazela hara horrela pentsatzen dutenak eta utz gaitzatela bakean euskararen azken txoko honetan, hizkuntza herriaren ardatz nahi dugun jendea, denentzako nahi beste landa bada-eta (haienean batik bat). Era akademiko hain sendoan idazteko kapaz den jendea ohartuko baita,- ezta?-, proposamen horiek heda arazi dezaketen eragin etsipengarriaz. Ala ez dute horretan pentsatu? .

  • Olgetari laguna,
    NIK EZ DUT ESAN Zabaloren lana EZIN DELA KRITIKATU edo EZ KRITIKATZEKO, alderantziz baizik, argi baino argiago adierazi baitut EZTABAIDAren aldekoa naizela
    Eta uste dut garbi azpimarratu dudala prentsan agertutako azalpen huts batzuen atzean LAN INTELEKTUAL SENDO ETA INTERESGARRIA DAGOELA, ados egon ala ez! ETA egokiro baloratzeko, HARTARA JO BEHAR DELA LEHENDABIZI ETA
    I R A K U R R I B E H A R D E L A
    egiatan zer dioen jakiteko.
    Irakurri gabeko anatemak ez dira onargarri, joku inkisitorialaren ildoko zerbait baizik.
    Eta ez gaude horretan denbora galtzeko.

  • Nire ustez Zabalo jaunak eta berak bezala pentsatzen dutenek Euskal Herria (nazioa) eta Euskal Estatua izan daitekeena-edo nahasten dituzte; Euskal Herrian (toki geografikoa) euskaldunak (euskal nazioa osatzen dugunak) eta euskaldun ez direnak (beste nazio batzuetakoak direnak) bizi gara. Zergatik kostatzen da hainbeste Euskal Herrian hainbat nazio bizi garela onartzea? Asko euskaldunak garela, beste asko espainol eta frantsesak, beste asko zer diren ere ez dakitenak, eta beste batzuk munduko hainbat tokitakoak… euskaldunok euskara dugu ardatz, eta geure lurraldean gutxituta bagaude ere ez dezagun inola ere gure buruarekiko errespetua gal!!!! Euskara arazo iturri dela esatea onartezina da. Ez dezagun inola ere ahaztu gu hemen geundela. eta euskaraz bizi ginela besteak etorri baino lehen, eta gutxituta baina oraindik ere hemen gaudela, eta euskaraz jarraituko dugula, euskara geu garelako. Espainol batek imajina dezake bere burua espainolez egin gabe? Bere hizkuntza gatazka iturri dela entzun eta normal-normal hartuko luke? Hizkuntzak ez dira inoiz gatazka iturri, herrialde batera joan eta bertakotzen ez direnak dira gatazka iturri, inor izatekotan.

    Beste kontu bat litzateke inoiz euskal estatu bat egin ahal izatea non Euskal Herri geografikoan bizi direnen nazio aniztasuna eta hizkuntz aniztasuna onartu eta arautuko genituzkeen elkarrekin errespetuz bizi ahal izateko; tamalez oso urruti gaude askori nor garen eta gure hizkuntza zein den ahaztu egin zaie-eta!

  • Ez dut uste adierazpen bati buruz iritzia emateko beharrezkoa denik iritzi emailearen lan guztiak irakurtzea. Hala ere, Jakinen argitaratutako testu pare bat irakurrita, esan dezaket artikulu horien maila akademikoa, teorikoa, oso pobrea dela. Gehiegi akademiaren (ze akademiaren?) izenean hitz egiteko ausardia izateko.
    Teoria hitza erabiltzen du eten gabe, bere gerturaketarako inolako atzekalde teorikorik eskaini gabe. Ahazten du, bestalde, gure foru sistema ere izan dela, euskaraz gain, egitasmo politiko euskaldun eta euskaltzaleetarako lehen euskarria.
    Ausartegia Zabalo jauna, hain lan pobrea eskaintzeko.

  • Nik itzuliko dizuet tipo hauek diotena gure hizkuntzara. Basikoki, gure herriaren kultura eta hizkuntza baztertu behar ditugu,baina aldi berean euren txiringitoa mantentzeko, euren alderdi politikoak esistitzen jarraitzeko,autonomia moduko batek esistitzen jarraitu behar du,era misteriotsu eta utopikoan koesionatutako giza talde batekin, kultura eta hizkuntza propiorik gabea, indigeneena ezta ere,baina autonomia edo erkidego bat justifikatzo ainako berezitasunen batekin.
    SORRY MEREDITH, WE DONT BUY IT.
    Hemen herri zahar bat zegoen ,kultura eta hizkuntza propio batekin,hau desagertuta ez det ikusten autonomia edo erkidego baten esistentzia justifikatzen duen ezer ere ez.
    EAJ eta E”abertzaleari”: Ezin duzue herri baten bizirauteko ametsekin jolastu eta aldi berean SOROS, Kissinger, Rothchildarren kulturarik eta herririk gabeko gizarte globalizatu eta esklabizatuaren proiektua defendatu.Garaia da kartak mahai gainean jarri eta argi hitzegitekoa herritarroi.

  • Azkenaldian joera honetako sasihausnarketa ugari topatzen ari naiz. Bai EAJ eta bai EHBren barnetik. Intentzionalitate politiko iluna aurkitzen diet, ikusiz gainera zein diren firmatzaileak (akademia eta kultur arloko profesionalak). Baten batzuk alderdien barnetik abertzaletasunaren oinarriak puskatzen ari da esplizituki, eta inork ez die aurre egiten barnean. Usain txarra

  • Jose Inazio Luzuriaga 2018-11-07 19:49

    J.J. Agirreren artikulua eta gaurko Berrian agertu den Ibai Iztuetarena irakurrita Euskal Herria oraindik oso bizirik dagoela pentsarazten dit. Hemen bertan agertutako iruzkinek, batez ere Juan Inazio Hartsuagarenek are gehiago indartzen dute ideia hori. Zorionak denoi!!

  • Benat Castorene 2018-11-07 23:20

    Zorigaitzez alde honetan, dudarik gabe moda doa Zabalo jaunaren aldera; batez ere delako “Elkargo”an berziklatu diren abertzale ohietan.
    Normal da, zeren eta, bizi behar baitute eta horrentzat egokitu behar baitzaizkio BABko gehiengo frantsesari.
    Izan ere nola orai erran gehiengo horren aurrean euskara elkargoaren ardatza dela, Euskal herriaren ardatza zela erraiten ahal ginuen bezala gure artean.
    Hautua egin behar da eta Zabalo jaunaren dizipuluek egin dute. Aniztasunaren laudorioa iturri beretik dator.
    Guri dagokigunez bederen , ez naiz Jose Inazio bezain baikor.

  • Iztuetaren erantzunaren pasarte hau, biribila iruditzen zait:
    “Egiazki, ikuspuntu akademikoak eman, Zabalok adierazitakoa baino gehiagorako ematen du: berak dioena esateko, berak dioenaren kontrakoa esateko eta, are, aurreko biak uztartzeko.”
    Amen.

  • beste hau bezainbeste:
    “Eta honezkero hau ere esan beharko dugu, ikuspegi akademikoaz ari garenean norberaren posizio ideologikoa ezkutatzea iruzur egitea dela, alegia. Zeren eta gauza bat baita egoera bat ulertze aldera egiten den analisia, eta bestea analisi horren aurrean hartzen dugun kokapen politikoa”.

  • Euskal Tell 2018-11-17 10:11

    Zer-nolako Euskal Herria nahi dugu? Hortxe dago kontua. Euskal Herria? Euskalerria? Euskal Erria? Euzkadi? Euskadi? Eusko Errepublika? Euskal Errepublika? Pais baskoa? País Vascoa ? Zabalok nahi duena, antza denez, nolabaiteko Euspaña, Irlanda eredua izanik. Zertarako da independentzia, Euspaña eraitzekoa baldin bada. Zabalo jaunak euspañoltasuna hezurmuinetaraino sartuta dago. Nik neuk nahiago nuke Euskandinavia bat Euspaña bat baino. Euspaña eraiki nahian dabiltzenek porrot egingo dute, inolako zalantza izpirik gabe, herriak benetako produktua, txarra bada ere, nahiago baitu: Espainia/ España. Egitasmoa Euskandinavia eraikitzeko ahalegina baldin bada, errazagoa izango da benetako burujabetasuna lortzea, ez Zabalo eta enparauen burugabetasuna.

  • Euskal Tell 2018-11-17 10:15

    Erratum
    Sartuta dauka, ez sartuta dago

  • Bada niri Julen Zabaloren horiek Autonomia Estatutuaren argitan irakurtzea gustatzen zait, 1. eta 2. artikuluen argitan.
    Kopiatu eta pegatu egingo ditut, hausnarketarako balio dutelakoan:
    Euskal herriak, bere naziotasunaren adierazgarri eta autogobernua (sic) iristeko, Autonomia Erkidego gisa eratzen du bere burua Espainiako Estatuaren barruan, Euskadi zein Euskal Herria izenez, Konstituzioarekin eta oinarrizko erakunde-arau duen Estatutu honekin bat. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak dute, Nafarroak bezala, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoa osatzeko eskubidea.

    Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoek, gaur egungo probintzien muga berberetan, osatuko dute Euskal Herriko Autonomia erkidegoaren lurraldea; baita Nafarroakoak ere, baldin eta Konstituzioaren Aldibaterako Laugarren xedapenean finkatutako jardunbideari jarraituz partaide izatea erabakitzen badu.
    Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Espainiako 13/1982 Lege Organikoa edo Nafarroako Foru Hobekuntza legeak eskualde euskaldunetaz hitz egiten du.
    Euskal Elkargoak, badu nahiko lan Errepublikako agintariei zein herritarrei asmoen berri azaltzearekin.

    Bueno berdin da, okerrena da ez dakigula (dakidala) zeri buruz ari garen (naizen) ere, dagoeneko mareatu baititugu (baititut) denak! Gora Euzkadi psikotikoa! Gora Euskal Herria fetitxista! Eta Gora Euskadi neurotikoa! Euzkotarren aberia (sic) globala baita! Mundiala nahiago baduzu! Viva el Pueblo Vasco! Vive le Pays Basque!, e.a.

    … bada euskaldunoi ez bazaigu interesatzen nori interesatuko zaio? Eta, nola azaldu auzokoei, hurbilekoei zein urrutikoei? Errioxako (La Riojako) sozialistek egin dute ahaleginen bat ere aipamenen bat egiteko; eta bai Hartsuaga jauna, Garona ibaitik Atapuercaraino… mundu osoan zehar! Ez al dira hizkuntza guztiak humanitatearen ondarea?

    Amaitzeko. “Eta hemendik aurrera, zer?” dokumentuaz bizkorregi ahaztu garela irizten diot. Oraingoz besterik ez.