Arrisku nuklearra

‘Arrisku nuklearra’

2011ko apirila

Fukushimako zentral nuklearra planeta osoaren zaintzapean dago joan den martxoaren 11ako Japoniako lurrikara handiaren osteko tsunamiak zentrala kaltetu zuenetik. Hilabete pasa da eta egoerak ez du onera egin: ihes erradioaktiboak, eztandak, isuriak itsasora, erradiazio maila altuegiko elikagaiak… Ordutik, Greenpace gero eta ozenago ari da energia nuklearraren arriskua salatzen eta energia mota horrekin behin betiko amaitzea eskatzen du energia berriztagarriei bidea emateko.

Energia nuklearraren arriskuaz jabe gaitezen, energia mota horren aurkako irudiak eta mezuak (“Arrisku nuklearra”, “Danger”, “Fukushima gehiagorik ez”) proiektatu dituzte Espainiako zentraletan. Bideoa ederra bezain beldurgarria da eta inpaktu handiko irudi eta mezuen bidez agerian uzten du Espainiako zentral nuklearren funtzionamendu arriskutsua.

Izan ere, Espainiako parke nuklearra bere bizitza erabilgarriaren azkenetan dago (29 urtekoa da batez beste) eta segurtasun arazo larriak ditu, batez ere Garoñako zentralak, erreaktorearen ontziaren zenbait osagaik korrosio arazo larriak baitituzte.

FORATOMek (Europako lobby nuklearrak) onartu duen bezala, Espainiako zentral nuklear batek ere ez luke bidaiari-hegazkin baten inpaktua jasango, ezta misil batena ere. Gainera, Fukushimako istripu nuklearraren ostean, argi geratu da Garoña edota Cofrentes zentralak, -Fukushimaren diseinu berekoak- ez direla uraniozko nukleoaren hozketa bermatzeko gai energiarik gabe garatuko balira.

Fukushima, Chernobilen maila berean

Japoniako gobernuak hilabete behar izan du Fukushimako egoeraren arrisku larria onartzeko. Gaur goizean Tokioko gobernuak onartu du Fukushimako ezbeharra istripu nuklearren nazioarteko eskalako (INES) 7. mailan kokatu beharko litzatekeela (orain arte 5.ean mantendu dute); hau da, maila altuenean, Chernobileko ezbeharraren maila berean.

NDk1MQ==

Irudia | Energia nuklearraren aurkako proiekzioak | Greenpace | LGPL