Udako hondarrak haizeak badaramatza
Udako hondarrak haizeak badaramatza –
Udatik udazkenera aldatu gara asko ez dela. Goiz goiztiarrak eta arratsa berantiarrak ilundu zaizkigu eta gorputza eta aldartea neguaren hotz, hezetasun eta iluntasunerako prestatzen-edo ari zaizkit, niri behintzat.
Azken artikuluaren datari begiratu eta ekainean egindakoa dela ikusi dut. Orain bai tarte zabala geratu zaidala! Ordua da, beraz, ikasturte berriko kontuei heltzeko. Artikulu eta proposamen berriekin hasi baino lehen, hala ere, hona hemen udak matematikatik eman dituenak nire inguruan:
HH eta LHko irakasle talde bana elkartu ziren Arizmendiko Almenen matematiken inguruan jarduteko, eta bertan izan ginen. Beste egun batean lurrean bolardo bat ikusi genuen. Bolardoan 1, 12, 2, 13, 3, 9 kopuru-segida ageri zen. Patroi honen zergatien inguruko hipotesiak botatzeko proposamena egin zuen Tocamates.com helbidean jarduten duen Jose Ángel Murciak. Baita amuari hainbatek heldu ere! Telebista eta egunkarietan agertzera ere iritsi baitzen.
Hona hemen sortu zen hariari begiratua emateko lotura. Irribarre eta barreren bat ere piztu zidan hipotesi andanak. Denetarik topatuko duzue bertan! Sare sozialak horrelakoak dira. Tour lasterketa ikusten geunden bitartean hura zuzenean ikusten zenbat jende zegoen estimazioak egiten aritu ginen twitterren.
Sare sozialekin bukatzeko, Maria Antònia Casals Gironako Unibertsitateko irakasleari egindako elkarrizketa irakurri nuen. Emakume honek esaten dituenak adi entzuten ditut nik beti. Izugarri gustukoa dut matematikaren bere ikuskera. Hemen facebooketik iritsi zitzaidan elkarrizketa irakurri nahi baduzue.
ABNkoen 4. kongresua eta elkarrizketa
ABNaren sortzaile eta sustatzaileak martxa ederrean ari dira azken urteotan. Aurtengo udan 4. kongresoa egin zuten Zaragozan. Eta ABN metodoa eta gelako aniztasuna lotzen dituen elkarrizketa hau ere irakurri ahal izan genuen.
Ikusten duzuenez, sare sozialetan arakatzen aritu naiz noiz behinka. Horrek ere bere denbora eskatzen baitu, eta udan zerbait badaukat lasai jarduteko denbora baita. Ea, orain, ikasturte berriak zer ematen digun! Ongi etorri denok 18-19ra!!