Goi mailako skate txapelketa dago Durangon
Plateruena kafe antzokiak eta Landako Erakustazokak IV. Plateruena Skate Txapelketa hartuko dute maiatzaren 1ean eta 2an. Kalitatez, Espainiako zein Europako txapelketarik garrantzitsuenen mailan jartzea lortu duen txapelketak goi mailako patinatzaileak hartuko ditu, beste behin ere, Durangon.
Skatearen jaia egun bitan banatuko da. Datorren barikuan, afizionatuak eta profesionalak, biak batera ariko dira Plateruenean egokitutako hiru moduluetan lanean. Parkatu Street Txapelketarako izen ematea 11:00etan zabalduko da eta doakoa da. Parte-hartzaileak multzoka banatu eta 12:30etik aurrera 10 minutuko txandak izango dituzte euren abilezia erakusteko. Lehen hiruen eta eguneko patinatzaile erregularrenaren artean 1.500 euro banatuko dituzte saritan.
Zapatuan Landako Erakustazokara tokialdatuko da ikuskizuna, egunez behintzat. 25 metro zabal den Mini Rampa jarrriko dute han: “Mini Ramp hori izate hutsa luxu handia da. Penintsula osoan ez dago holako arrapalarik jartzen den txapelketarik”, zehaztu du Gaizka Izagirre antolatzaileak.
Mini Rampak den horretan luzitzen badu, patinatzaileek distira handiagoa emango diote euren salto eta akrobaziekin. Punta-puntakoak baitira. 60 bat patonatzaile profesional etorriko dira. Tartean dira Iban Rivado bilbotarra -iazko txapelduna- eta Alain Goikoetxea algortarra -orain bi urteko irabazlea-. Horiez gainera, Aaron Swemind ingelesa eta Jurgen Howard alemaniarra ere etorriko dira. Gainera, aurtengo Mini Rampa iazkoa baino bertikalagoa da: “Patinatzaileak gorago joango dira eta abiadura handiagoa hartuko dute”.
12:00etan hasita, arratsaldera arte 10 minutuko saioak egingo dituzte. Finalerdien ondoren, 10 lagun pasatuko dira finalera. 8.000 euro banatuko dira horien artean. Trikimailurik onena (Best trick) egiten duenak ere saria jasoko du.
Alain Goikoetxeari egindako elkarrizketa irakurtzeko: www.anboto.org