Autoktono, “txomingero” eta “beraneanteak”
Autoktono, ‘txomingero’ eta ‘beraneanteak’ –
Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.
Euskal Herri atlantikoan kostalde eta barrualdearen arteko muga nahiko difusoa da. Jakina, Idiazabal edota Leintz-Gatzagakoa izanda, zalantza gutxi egon liteke. Baina gauzak aldatu egiten dira kilometro batzuk iparrera eginez gero. Baiona edo Bilbo barrualdea dira? Kontua da gure imajinarioan itsasoan bertan dauden herriak direla kostaldea. Hamar kilometro barnera eginez gero, barrualdetzat dugu herria. Horrek sekulako nahasteak eragiten dizkigu eguraldi iragarpena entzutean, adibidez. “Kostaldean fresko egingo du, baina barrualdean bero”. Errenteria/Orereta edo Eibarkoa izanda, zer jantzi behar dut, mahuka luzea ala laburra? Badaezpada, mahuka motza txaketa arintxo batekin…
Uda sasoian, ostera, kostaldea zeharo definituta geratzen da, eta litoral hutsa da kostalde kontzeptua. Hau da, olatu hotsik entzuten ez bada, barrualdea da. “Barru” definizioa bertako giroak ere ematen digu: inor ez da geratzen bertan, herri fantasmak bihurtzen zaizkigu, eguzki galdatan asfalto urtuaren eraginez. Beste urtaroetan leku atsegin eta goxoak zirenak infernuko zuloak dira orain, sauna publikoak.
Horregatik, aspaldi batetik, bertako biztanleek —ahal izanez gero— ihes egiten dute. Herria zutenek, herrira —herria, leku goretsi hori, non guztia den zoragarria eta idilikoa—. Baina herririk izan ezean, zer egin atsedenaldia gozoagoa eta samurragoa izateko? Oso erantzun sinplea: kostaldeko herriak inbaditu.
Halaxe izan da, modalitate bitan, gainera. Batetik, igandezaleak (domingueroak gaztelaniaz, eta gure argotean txomingeroak). Bestetik, udatiarrak (edo beraneanteak gure hizkeretan). Biak ala biak gorrotatutako pertsonaiak, bai kostaldeko herritarrek, bai euren artean ere.
Txomingeroen ezaugarria da egun-pasa joaten direla hondartzara. Horretarako, familia osoa ez ezik, etxeko tramankulu guztiak ere aldean daramatzate. Gainera, mahaitxo tolesgarria, aulkitxoak eta lau platereko bazkaria ere atonduta ekartzen dituzte. Zarraparra eta buila besterik ez dago eurengandik gertu. Eta hori gutxi balitz, inguru guztia perfumatuta lagatzen dute ozpin-olioz. Festa hutsa!
Beraneanteen ezaugarriak, bestalde, sotilagoak dira; eta arreta handiagoa jarri behar da inbaditzaile horien portaeretan nortzuk diren deskubritzeko. Kostaldekotzat har ditzaten nahi lukete, autoktonoak balira legez, baina ez dakite kamuflatzen. Izan ere, udatiarrak hondartzara ondo jantzita joango dira, arropa guztiz konbinatuta. Askotan markakoak izango dira janzkiak, eta harro luzituko dituzte. Era berean, erdeinuzko begiradaz begiratuko diete txomingeroei, jakinekoa baita udatiarrek klase eta gustu hobeak dituztela. Dirua erakutsi egin behar dela, alegia.
Kostaldekoena da udako faunako hirugarren hanka: autoktonoak. Beste espezie biak jasan beharko dituzte, dirutxo bat lortze aldera. Muturbeltz ugari ikusiko dugu tribu horretan, kokoteraino daudelako igandekari eta udatiar inbaditzaileak pairatzeaz, baina ez diete uko egingo ateratako gauza onei.
Agian, gauzak aldatu egin dira orain, eta hiru espezietakook —asmatuko zenukete zeinetakoa naizen?— turista bihurtuta gabiltza edozein bazterretan. Hori bai, kexatuko gara hirurok inbaditzen gaituen turismoaz. Paradoxa!
Edozein espezietakoa izanda ere, disfrutatu abuztuaz.