Pilotaren kontrahistoria txiki bat. Perkain Garruzeko
Pilotaren kontrahistoria txiki bat. Perkain Garruzeko –
Louis Colasek La tombe basque-n (1923) agertu zuenez geroztik, behin eta berriz eman eta berreman izan da pilotaren gorabeheran Garruzko hilerrian dagoen Guilhem Diriateviren hilobiko hilarria. Ustez, pilotaria irudikatzen du goiko ezker laurdeneko giza figurak.
Bankako Suiarinchahar nahiz Garruzeko Diriarteviren hilarriak agertu zituen Colasek liburu horretan eta aipamen usuak bildu dituzte horiek orduz geroztik pilotari buruzko idatzietan, han-hemen. Oharkabean pasea zaigu, halere, liburu bereko beste argibide bat, pilotaz oraino, eta niri are aukeran jakingarriago eta guzti iruditzen zaidana: Eskiulako pilotalekuan, etxekorik gabe geratuak ziren hilerriko hilarriak erabili zituzten erreboteko barneari zoladura egiteko. Ezinago harlauza apain eta berreginak egiten zituzten haiek, noski… Hantxe, beraz, hilarri izandakoen gainean, errefera, pik eta pikondo…
Diriarteviren irudiari dagokionez, dena den, horixe baita lerro hauetarako aitzakia (ileetatik tiratua), “irribarrez” bezala dago (?), sei hatzamar “edo bezala” ageri ditu eskuin eskuan eta -bi dimentsioen gauzak edo- ez da zaila ikusmira ohitzea, eta besoa hala atzera nola aurrera ere luze ikustea, nahieran; jo aurretik nahiz ondotik ere berdin, alegia.
Halako “meneragaitz” bitxi bat ere badu irudiak ageri, nolabait… Gutunak igorri ziren garai batean Baionako Euskal Erakustokitik (artean bertako idazkari zegoen Edmond-Joseph Blazy hendaiarraren ekimenez, batere dudarik gabe), Bankara eta Garruzera bana, bi herrietako hilarri ustez pilota-kontuko horiek Erakustokira garraia zitezela eskatuz. Diotenez, ordea, eta huts administratibo batengatik, Bankara iritsi ziren bi gutunak, eta Baionara joan behar duzue egun Suiarinchaharrena ikusi nahi baduzue. Garruzekoa, halere, ezin esan eskariari uko egin ziotenik, ez, galdearen berri inoiz ez zutela izan baizik.
Beste txikikeria bat gainera dezagun oraino: Auñamendi Entziklopedian ere -paperezko edizioan behintzat, gero on line zuzendu baitzen hori-, Diriarteviren hilarria identifikatzen da argazki baten oineko adierazpenean, argazkian ageri dena berez Berterretxena bada ere. “Hik bahiena semerik Diriartebiz bertzerik?”…
Dena den, denbora batez bururako galdera-makina txiki egin zuelarik ere, berehala “nekatu” nintzen irudi horren aurrean… Hain ikusita zegoen hutsik gabe agertuko zitzaidala pilotaz edonon, azkenean ohitu, azturatu edo… aspertu ere kasik egin bainintzen beti nonahi behin eta berriz ikusten.
Denbora batean, beraz, ez nion gehiago arretarik eman, harik-eta batere uste ez nuen lekuan aurkitu nuen artean. Begietara itzuli zitzaidan horrela aspaldiko laguna, gutxi uste nuen lekutik: Patxi Altunak paratu zuen Tartas-en Onsa hilceco bidia-ren azalean (1995).
“Ipuin” bat etorri zitzaidan orduan nahitaez burura: Jean Hiriart-Urruty hazpandarraren “Hilak hil” (RIEV, 1907). Ontsa hilak, ontsa gogoratutako hilak…
Liburu artean ematen omen zuen denbora Garruzeko medikuak, beti irakurtzen, beti ikasten, begi-buruak idatzietatik sekula jaso gabe… Liburu, liburu eta liburu gehiago ikusten zuten herritarrek beti, itsututa bezala, eta berekiko egiten hasiak ere baziren motxak behar zituela medikuak bere ahalak, eta ez luzeagoak bere argiak. “Hainbeste liburu irakurri eta estudiatu ondoren oraindik ikasi ez badu -pentsazen zuten- ikusita dago ez duela gizaxo horrek inoiz ikasiko…”
Herritarren mesfidantzaz ohartu zen noizbait medikua. Edo bezero faltaz, ez dakit… Eta desfama hura nolabait zuzentzekotan, hotsa zabaldu zuen: ikasi eta ikasi ondoren, noizbait!, hilak berpizteko modua aurkitua zuen. Eureka eta ostraka!! (bereziki euskarari buruzko aurkikunde handien kasuan erabiltze da ostraka hitza, eureka arruntagoaren ordez).
Hilerrira bilduarazi zituen garruztar guztiak orduan eta aukeran eskeintzen hasi, nor nahi zuten piztea. Berehala piztuko zuen berak, nekerik gabe.
“Halako eta Holako berpiztea, edo beste Harako Hura hobeki, beharbada”, medikuak proposatu… Baina medikuak defuntu zahar edo berriren bat ahomentatzen zuen bakoitzeko, berehala agertzen zen eskeinitakoaren helduren bat, dena aitzakia eta arrazoi, hura ez, baina hobe zela beste norbait berpiztea… Defuntuak alargun utzi zuena ez zuela, berpiztuz gero, oraindik alargun aurkituko. Edo bizi denboran defuntuarekin izandako kalapitak eta ezin ikusiak berritu nahi ez zituena, edo… beste mila holako.
Berantesten hasia zen jada medikua, ez baitzioten inor pizten uzten! Eta halako batean, pastikatuta, deblauki: “Bizkitartean, gizon maitea, Katalin edo Perkain, gizon edo emazte, hunaz geroz, norbeit behar dautzuet piztu!”
Perkainen aipamen zirto txiki horixe iruditzen zait niri Perkaini buruz inguratzeko modurik emankorrena. Erakusten du horrek, azken batean, bere gehiena joa zuela Perkainen sonak; unibertsal egina zela. Eta erakusten ere du, arrazoi beragatik ere, erabateko hustuketa darraikiola unibertsaltasun horri… Azken batean, ez du pasarte horretan “Perkain” esateak “Urlia” edo “Zandia” esateak baino gehiago balio.
Perkain pilotariaren loria. Eta pilotan jokatu Perkain gizonaren mixeria.
Azkenean, hilerritik alde egin zuten guztiek. Garruztarrek alde, inoizkorik eta inongorik azkarrena zeukatelakoan beren medikua, ordu artean erabateko baldar ganoragabe uste zutena bera, alegia.
Eta medikuak ere alde egin zuen. Ez zuen inor ere piztu, noski, baina… utzi ez ziotelako!
Han geratu zen Diriarteviren hilobiko giza -rudi ustez pilotaria. Pilota jo aurretik edo jo ondoren besoa luze ote dagoen ez dakigula.
“Irribarrez” zegoen, esan bezala.
Edo orduantxe hasi zen irribarrez. Nork daki.