Irudika dezagun erlijiorik gabeko eskola
Irudika dezagun erlijiorik gabeko eskola –
Hezkuntza laikoa bakarrik da askotariko herritarron askatasun bermea. Hezkuntza laikoak soilik erantzuten dio herritar guztion kontzientzia askatasun beharrei, eta jendarte guztiaren aniztasun ideologiko, sozial zein politikoei adierazpide demokratikorako bide ematen dio.
Bide honetan, pertsona bakoitza aske da erlijio bakoitzak markatzen duenaren arabera bizitzeko, baina erakunde publiko oro hauengandik at mantendu behar da, guztiona izanen bada. Honetaz, erlijio guztiek, jendarte zibilean eta kultu lekuetan izan dezakete lekua, inoiz ez ikastetxeetan.
Gai hau pil-pilean izan dugu egunotan Nafarroan, Parlamentura eraman baita bertako ikastetxeetan Erlijio irakasgaiaren klase orduak murrizteko lege proposamena, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen eskutik. Zoritxarrez, beste behin ere Geroa Baik ez du izan ausardia politikorik eta kontua Madrilen erabaki behar dela argudiatuz saio bateko murrizketari ezetza eman dio, saio horretan beste arlo batzuk emateari atea itxiz. Honela, lauko gobernuak bere Akordio Programatikoan jasotzen zuena ez du beteko. Madrilera eramatearekin, Espainiako Kongresuan honek izan dezakeen bidearekin ezkor gara oso.
STEILASen urteak dira laikotasuna bermatzearen alde kanpainak egin ditugula, eta saio murrizketa oro ontzat hartuko genukeen arren, borrokan jarraituko dugu erlijioa ikastetxeetatik at izan arte.
Honen harira hainbat elkarte eta sindikaturen batek egunotan bazterrak nahasi dituzte, neurria aurrera eramatekotan galduko liratekeen irakasle kopuruari erreparatuz.
Gaia hurbiletik ezagutzen dugunok aspalditik dakigu sasi-irakasle hauen kontratazioaren irregulartasunak zeintzuk diren: artzapezpikuaren apetazko izendapenak edo behar direna baino saio gehiagotarako kontratatuak izatea. Noiz arte onartu behar dugu kuriak nahieran gure seme-alabekin egonen diren irakasleak hautatzen jarraitzea eta guztion diruz hori babesten jarraitzea?
Bitartean, irakasle arrunt oro zerrenda publikoetan gora-behera ari da lanpostu duin baten bila, oposizio baztertzaileetan parte hartuz, irakaskuntzarako gaitasun masterrak ordaindu eta ikasiz. Dena esfortzua batzuentzat, abadeen gonapean loriaz gozatuz besteak.
Gure eskoletan irakasten diren erlijioen doktrina ofiziala eta gure legedian dauden berdintasunaren aldeko legeak kontrajarriak dira. Lege hauek parlamentu demokratikoek onartu dituzten bitartean, erlijio katolikoaren derrigorrezko irakaskuntza frankismo garaitik datorren inposizioa da.
Nik uste dut Nafarroan arazo bat duzuela. Urte luzez egon zarete amorruz erregimen zaharra noiz eroriko zain eta aldaketaren gobernua lortu duzuenean dena arrapaladan egun batetik bestera egin nahi dituzue eta hori ez da ona, horrela gobernua galbidean jarriko duzue eta orduantxe bai ezingo duzuela ezer aldatu. Aldatzen jarraitzeko, presak alde batera utzi eta pausoz pauso joan behar duzue, gobernua galdu gabe. Nik uste dut Gero Bai-k hori barneratuta duela baina besteek ez. Nafarroak 40 urteko atzerapena darama, beraz lasai hartu.
Kristianofobia, islamofilia. Hortxe zure arazoa.
Zer deritzozu ordea, eskola publikoetan islama irakasteari, euskal herrian gertatzen ari den bezala?
kri-kri-kri kilkerrak bezala egindo dizu… edo ez?
Eliza katolikoa kritikatzea badugu, zegatik islama ez? Gaur egun are atzeragoi eta misogenoagoak dira herri musulmanak.
Benetan eskandaluzkoa da zenbait sektoreen aldetik erlijioa eta erlijio irakasleen kontra eraiki den erreketa kanpaina.
Gure Euskal Herrian pena ematen du jakinda apaizgoak eta eliza katolikoak zenbaterainoko laguntza eman dion gure kulturari: baina, noski, moderniak baditu bere sekta politikoen artean erlijioaren kontrakotasuna bere erlijioa bilatu duena. Izan ere, hor goian idazten duena joera horretako kide da.
Laikotasuna eta sekularizazioa gizarte kristauen ekoizpen bat da eta gure gizartearen itxura eta balioa jakiteko ezinbestekoa da erlijioari buruzko jakintza, batez ere herritarren parte batek eskatzen badu.