Pelikuletan barrena
Pelikuletan barrena –
Amorruak astindu du Euskal Herria. Beste behin ere, sarritan errepikatzen den ametsgaiztoa bezala. Saiatu arren, ezin esnatu. Istorioaren beste kapitulu bat, protagonista berdinak. Gidoilariaren aurpegia ere ezaguna dugu. Badirudi azken honen irudimenak ez duela amaierarik. Eta amaitzera doala dirudienean, Euskal Herrian topatu ohi du bere alosia.
Altsasuko herria izan da oraingoan hautatutako agertokia. Iluntasunez eta arriskuz jositako eszenak, deabrua edozein etxeetan ezkutatu daitekeenaren sentsazioa sorraraztea bilatu izan da istorioaren pasarte ezberdinei James Bond-en pelikularik arrakastatsuenetan ere erabiliko ez liratezkeen efektu bereziak txertatuz. Gaizkilearen rola, oraingo honetan, plan makiavelikoperfektua aurrera eraman zuten 8 gaztek jorratzen dute, haien helburuekin bat egiten duen herri- mugimendu zabal baten ezinbesteko laguntzaz. Hauen jopuntuan, eta superheroiaren rola jokatuz, biktima izaera bereganatu baina adorez eta kemenaz egoerari buelta ematea lortuko duten izaki berdeak, antzina iparralderago existitutako agoteak balira bezala, herriaren diskriminazioa eta marginazioa pairatzen dutenak egunez egun. Bitartean, Espainiako erregimenak “Toma 35476, ¡Acción!” oihukatzen du. The show must go on.
Istorioak, noski, gaizkilearen zigor eredugarriaz amaitu behar du, superheroiak justiziaren inguruan duen ikuskera partikularra egikaritzea ezinbestekoa izango da epika bururaino eraman dadin. Eta hor, demokraziaren mozorroa daramaten epaitegiak sartzen dira jokoan. Kasualitatez, superheroien ikuskera berdina dute justiziaren inguruan. Nork espero zezakeen?
Baina, bada gidoilariaren planen artean ez dagoen pertsonaia bat, istorioaren norabidea aldatzea helburu duena, amesgaiztotik esnatuko gaituen alarma joko duen subjetua. Egiari jarri dizkioten traba guztiak kolpe batez, edo kolpe ugariz, suntsitzeko helburua izango du. Subjetu honek jakin badaki helburuari ekitea ezinbestekoa dela, kaleak zapaltzea eta astintzea dela iratzargailurik onena, Zine Forumean aritzea istorioaren ñabardura bat edo besteren inguruan eztabaidatzen ez dela konponbidea, gidoilariari arrazoia ematea besterik ez dela. Hitzak dira hitzak, haizeak daramatzanak edukiz ez badira betetzen.
Indartsua izan da egun hauetan zehar Euskal Herriak jasandako hamaikagarren erasoari emandako erantzuna. Hobetzeko gauza anitz, noski, helburura ez baitgara heldu, eta 7 euskal gaztek bahiturik jarraitzen baitute. Bide luzea aurreikus daitekeen arren, oinarriak sendoak dira.
Bidea amaieraraino egin nahi dugulako, izango gara loalditik esnatuko gaituen subjetua. Lokatzetan aurrera eginez, kontziente izanik arazoa ez dela isolatua, estrategia oso baten parte baizik. Kaleetako oihu ozena izango da istorio honek kapitulu gehiago izatea ekidingo duena. Ez gidoilari, ez superheroi, ez demokrazia mozorrodun zirkorik. Gure pelikula propioa sortzeko unea heldu da.