Anuken egia: bertsio ofiziala zalantzan jartzen duen dokumentala
Anuken egia: bertsio ofiziala zalantzan jartzen duen dokumentala
Xabier Kalparsororen heriotzaren kasuak zalantza asko ditu eta intuizioak erantzuten dizkigu gehienak. Kasu hura egunkarien bidez jarraitu zutenentzat, poliziaren itzala atzetik eta etenik gabe izan zuen pertsona baten heriotzaren kronika izan zen.
Jakina zenez, 1991tik ihes egina zegoen Zumaiatik, bere jaioterritik Kalparsoro. 1993an atxilotu eta Indautxura eraman aurretik, oraindik harrapatu gabe zuela, bahitu egin zutela salatu zion ETAri, gutun bidez. ETAk berak eman zuen jakitera hori, 1993ko urriaren 7an argitaratu zuen ohar batean. Oharrean Kalparsorok abuztuan izan zuen atxiloketaren berri ematen zen. Haren arabera, aipatu atxiloketak iraun zuen bitartean bere onetik atera eta 23 egunez, gutxi gorabehera bere burua erabat galduta eduki zuten droga ezezagunak eman zizkioten. Ondoren egoera berezian askatu zuten eta bera jazartzen zutela ohartu zen, poliziak etenik gabe jarraitzen baitzuen.
Idazkian Ertzaintza salatzen zuen Kalparsorok: “zipaioek atxilotu eta drogatu, hipnotizatu, burua jan edo dena delakoa eta berriro ere kalean utzi ninduten. Erabili egin naute eta oraindik ere horretan ari dira (…) ez dakit zein teknika erabili zituzten. Baina ziur nago drogaren bat edo zerbait eman edo egin zidatela. Zergatik? Ziur nago uneren batean galdekatu nindutela, baina ez naiz oroitzen”.
Noiz izan zen zehazterik ez dago. Egin egunkariak 1993ko abuztuaren 30ean Laudion “Anuk” izenaz ezaguna zen euskal errefuxiatu politiko bat atxilotua izan zela jakinarazten zuten deiak jaso zituela esan zuen. Dena dela, abuztuko atxiloketa hura ez dago hiru polizien ezein erregistro liburutan jasota, ez Guardia Zibilarenean, ezta Polizia Nazional edo Ertzaintzarenean ere.
ETAk, Kalparsoro, beita gisara erabili zutela salatu zuen.
1993ko irailaren 23an atxilotu zuten Kalparsoro, Durangoko bi udaltzainek Kalparsoro furgoneta bat lapurtu nahian zebilela. Haien esanetan, mozkortuta edo drogen menpean bide zegoen. Haiek Zumaiako Udaltzaingora deitu zuten, auto bat lapurtzeko ahaleginetan ari zenean atxilotu egin zutela eta drogekin arazoak al zituen galdetuz. Hasiera batean gaizkiletzat jo zuten, baina berehala Ertzainburuak, CESIDekoak, Espainiako Polizia Nazionaleko kideak eta Guardia Zibilak agertu ziren Durangoko Udaltzaingoren egoitzatik, eramateko asmoarekin.
Azkenean, gaueko 23:45tan, Bueren epailearen aginduz Espainiako Polizia Nazionalaren Indautxuko egoitzara eraman zuten. Han, bigarren solairuko gela batean, bertsio ofizialaren arabera, esposatu gabe zutela eta polizia bat zerbeza bat edaten zegoen bitartean, polizia hori lurrera bota eta bere burua polizia-etxeko leihotik behera bota zuen.
Autopsia egin zion forentsearen txostenaren arabera, Xabier Kalparsororen erorketa ezin zitekeen jauzi baten ondorio izan, inolako inpultsorik gabe leiho ertzetik gertaturiko erorketa bat izan behar zuen. 1997an anonimo batek epaitegira bidaliko dokumentazioaren arabera Indautxuko Espainiako Polizia Nazionalaren erregistrotan Xabier Kalparsororen sinadura faltsifikatu egin zuten, bertako ziegetan egon zela adierazteko. Horren arabera, bertsio ofizialak esandakoaren aurka, Xabier Kalparsoro ez zen inoiz ziegetan izan, eta Indautxuko polizia-etxera eraman eta zuzenean sartu zuten leihotik “botako” zen gelara. Gela horretan egin zuen Indautxun izan zen denbora guztia.
Kasu honetako auzibide guztiak, beste kasu askotan bezala, artxibatu egin ziren. Bideoak, bere aldetik, Kalparsororen irudian eta gertakarietan sakontzen du.
Informazio gehiago:
Baleiken argitaraturako erreportaia
Zorionak lan hau egin duzuenoi. Berandu bada ere justizia denontzat helduko delakoan.
Bejondeizuela!
Xabier, Txato… gogoan zaitugu. Ta izango zaitugu demokrata ustel hauek euren egia kontatzen duten bakoitzean.
[…] · Project MKULTRA (ingelesezko wikipedia). · Operación MKULTRA (gaztelerazko wikipedia). · Anuken egia: bertsio ofiziala zalantzan jartzen duen dokumentala (Ane Miren Etxaniz, ZuZeu, 2011-02-22). · Xabier Kalparsoro, Anuk (euskarazko […]