Amona-hizkuntza berreskuratu dugunok: mila esker
Gure artean, hezkuntza munduan batez ere, asko hitz egin da ama-hizkuntzaz eta bigarren hizkuntzaz. Zenbait esparrutan zalantzan jarri izan da gure eskoletako D ereduan ematen den irakaskuntza, etxetik erdara besterik ez dakiten ikasleekin euskaraz egiten delako ikaskuntza prozesua. Askok argudio hori erabiltzen dute (eta horrekin batera gaztelaniaren eskubideak ere) D eredua kritikatzeko.
Baina horren ondoan, milaka guraso ezagutu ditugu, gure hizkuntza berreskuratzeko bidean sekulako ahalegina egin dutenak, batere erraza ez zen garaian, andereñoengan, eta ondoren, euskal irakasleengan konfiantza osoa jarrita. Eta haiekin batera, proiektu hori bultzatu eta lagundu duten guztiak.
Era horretan gutako askok amona-hizkuntza berreskuratu dugu, eta birramona-hizkuntza gure ondorengoek. Eta ondorioz, bi hizkuntza dauzkagu, bata amak (aita-amak) ume garaian eman zigutena eta ondoren aita eta amaren bultzada eta irakaslearen lanari esker jasotakoa, euskara. Hori gure altxorra.
Eta horregatik, horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiet gaur, Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Egunean.
Nik ere eskerrak eman nahi diet lan hori egin duten guztiei eta are gehiago hau irakurri ondoren
Duela urte batzuk, euskaltegiko atea zeharkatu zenuen. Eta egunero, hutsik egin gabe, ikasgelara etortzen hasi zinen, gehienetan ohiko lanak amaitu eta lasterka.
Den-dena zure patrikatik ordaindu behar izan zenuen; artean, dirulaguntzarik ez zegoelako, oraindik leku askotan bezala.
Eta euskaldundu ostean seme-alabei transmititzeko erabakia hartu zenuen. Lan zaila, aurrekoak baino zailagoa; txikitan ikasitakoak ez zizun balio eta euskaltegian horrelakoak ez ziren lantzen. Ondoren, gurasoentzako tailerrak, familia barnetegiak…
Batzuetan trakets, bestetan nahiko, baina azkenean zuen etxean euskaraz bizitzea lortu duzue, lortzen ari zarete.
Zuretzat lagun, egun honetan, gure besarkadarik beroena. Meritua zeurea da; esker ona, geurea.
Amama-hizkuntza, termino eta kontzeptu polita. Errekamaran gordeko dut. Mila esker.