Donostiak aurrera egin dezan lanean ari gara gaur Kursaaleko konbentzioan

Goizeko 9:30etan hasi dugu egun guztiko Konbentzioa. Goizetik arratsaldera bitartean, lan-taldeak, hitzaldiak, aurkezpenak, etab. izango ditugu. Arratsaldeko 6etan berriz, Donostiaren etorkizunarentzat ditudan asmo, proiektu eta ametsak azalduko ditut. Donostiar guztiok gure proiektuaren partaide izan daitezen nahi dudanez, guztiok gonbidatzen zaituztet arratsaldeko 6etan Kursaalera gerturatzera. Eta ezin baduzue hona etorri, aukera izango duzue nire blogaren bitartez, www.enekogoia.com zuzenean ekitaldia jarraitzeko.

Donostiak badu etorkizuna, eta ziur nago gainera etorkizun oparoa izango duela. Baina ezin dugu lo hartu. Orain bezain ondo bizitzen jarraitu nahi badugu, ez da nahikoa orain arte egin duguna egitearekin. Iritsi da garaia apustu sendoak egiteko Donostiak aurrera egin dezan:

Donostiarrok GARENA

Donostiak eta donostiarrok kultura eta nortasun jakinak ditugu. Ezin dugu albo batera utzi aberastasun hori. Donostiak euskararen munduko hiriburu izan behar du, euskalgintza modernoa bultzatu eta mundua ezberdintzen gaituen horretatik abiatuta aberastu behar dugu. Kulturaren eta sorkuntzaren alde lan egitea ere ezinbestekoa dugu Donostia Europako kultur hiriburu ez ezik, Euskadiko kultur hiriburu ere izan dadin berriro.

Donostia LEHIAKORRA

Egun Donostian daukagun ongizatea mantentzeko, nahiz hobetzen saiatzeko ekonomia indartzea ezinbestekoa dugu. Mundu globalizatu honetan jakintzan, berrikuntzan eta zientzian oinarritutako ekonomia bakarrik izango da lehiakorra. Donostian esfortzu berezia egin beharra daukagu bizi dugun krisia gainditu eta berrindartuta irtetzeko. Eta horretarako Udalaren gaitasun ekonomikoa berreskuratu beharrean gaude. Zorra gutxituz eta inbertsiorako gaitasuna berreskuratuz, Udalaren eginkizuna da ekonomia bultzatzeko baldintzak jartzea. Hori da donostiarron etorkizuneko ongizaterako egin beharra dagoena.

Donostia BIZIA

Donostiak guztiok bizitzeko moduko hiri bizia izan behar du. Donostian gazteek eta adinekoek, bertakoek eta kanpokoek, gizonek eta emakumeek… guztiok daukagu lekua. Gure seme-alabek etorkizuneko bizitza proiektua egiteko moduko hiria egin behar dugu: merezi duten lanpostua izango dutena, etxebizitza eduki ahal izango dutena, aisialdirako aukerak izango dituztenak eta bake giroan biziko dena. Etorkizuneko Donostiak hiri bizia eta modernoa izan behar du, gure gazteek nahiz kanpotarrek bizitzeko aukeratuko dutena.

Donostia IREKIA

Donostia txikia eta mugatua da bakarrik uzten badugu. Baina Donostiaren aukerak hainbat aldiz biderkatzen dira ingurunera irekitzen bada. Metropoliaren kontzeptua barneratu, eta Donostiak ingurunearekin harremanak sendotu behar ditu: Donostialdearekin, Iparraldearekin, Gipuzkoarekin, Euskal Herriarekin eta munduarekin. Iritsi da garaia Donostiako udalerriaren mugetan ezarrita ditugun harresi faltsu horiek bota eta hiria irekitzeko. Gipuzkoak askoz gehiago eman diezaguke eta guk askoz gehiago eman diezaiokegu Gipuzkoari. Egungo munduan irekita egon beharra daukagu Donostiak aurrera egiteko.

Lau ardatz horietatik abiatuta, etorkizuna imajinatzen eta etorkizuna lantzen ari gara gaur. Guztion artean Donostiak aurrera egiteko lanean ari gara, konbentzituta baikaude Donostiak baduela etorkizuna. Gora Donostia!

Lan taldeetan ari gara etorkizuneko Donostiarentzat gai nagusiak lantzen

Irudia | Lan taldeetan ari gara etorkizuneko Donostiarentzat gai nagusiak lantzen | Eneko Goia | Creative Commons By SA

Eneko Goia Laso naiz, 39 urteko donostiarra eta hiru umeren aita. Donostiarentzat etorkizuneko proiektua gidatzeko asmoz, Donostiako alkategai izateko erronka politaren aurrean nago.