[Kurdistan III] Existitzea nahi ez duten herria

Existitzea nahi ez duten herria –

Iñaki Etaio (Bakur-rerako Euskal delegazioaren kidea; 2018ko udaberria)

Bakur (Kurdistango iparra, Estatu turkoaren okupaziopean) bisitatzeak eta pertsona eta erakunde politiko eta sozial askorekin mintzatzeak herri honen errealitatera hurbiltzea ahalbidetzen du. Hara heldu berri izandako lehenengo sentsazioa, egunetan zehar eta elkarrizketa formal zien informaletan zehar berresten dena, honako hau da: herri kurdua existitu nahi ez duten herria da.

Existitzea nahi ez duten herria
Kobane eta PKK-ri aipamena egiten dien pintaketa Midyat hirian.

Berun urteak. Mazo turkopean

Ceylan-en gurasoen etxeko egongelako horman jarritako argazkiak 40 urte baino gutxiagoko gazte irribarretsu bat erakusten du, gerrillari jantzian eta landarezko agertokian kokatuta. Ceylan-en amaren azalpena heltzen da jarraian. Bere neba PKK-ren borrokalaria izan zen eta 2000. urtean misio batean desagertu zen mendian. Ez dute ezer jakin berari buruz ordutik, nahiz eta bere aztarnei buruzko informazioren bat lortzeko behin eta berriro saiakera egin. Matxinatu taldetik ezin izan dute ere argirik eskaini, halako kasuetan egiten ohi duten bezala. Agian desagertutako anaia ezin topatzeak sortutako minak beste emakume talde batera batzera eraman zuen, zeinak eroritako borrokalarien senitartekoak laguntzeko funtzioak egiten dituen. PKK-ren borrokalari bat hiltzean, familia abisatzeko eta gorputza berreskuratzeko, garbitzeko eta familiari emateko lan gogorrak egiten dituzte. Zenbatezinak dira etxe kurdu askotan dauden eroritako militanteen argazkiak. Milaka dira ere antzeko testigantzak, hiru hamarkada baino gehiago diraun PKK eta Estatu turkoaren arteko guda irekiaren ostean, eten txiki batzuk izan baditu ere. Dena den, herri kurduaren kontrako indarkeria eta errepresioa askoz lehenagotik dator.

Estatu turkiarraren eta herri kurduaren arteko gatazkaren 40.000 hildakoek gudaren tamaina argi erakusten dute. Edozein kasutan, biktima horien gehienak indar armatu turkoek eraildako kurdu ez armatuak dira, Afrin-en gertatzen ari den bezala. Izan ere, Estatu turkiarrak, PKK-ren aurkako guda bideratzeko “arrainari ura kentzeko” taktika erabiltzea erabaki zuen 90reko hamarkadan, Guatemalan, Txetxenian, Kolonbian, Perun eta beste lekuetan ere erabilitakoa. Arraina (matxinoak) ahultzeko eta isolatzeko, ura (borrokalariak eta sostengua ematen dizkion herria) kentzen zaio. Emaitza ezaguna da: sarraskiak, desagertzeak eta populazioaren mugitzeak. Kurduen kasuan, giza eskubideen defentsarako erakundeen arabera, 17.000 bat kurdu desagerrarazi, 4.000 bat herri hustu eta 3 bat milioi biztanle irtenarazi zituzten, azken hauek gerrilla zegoen mendietatik urruneko hirietara mugitzera bultzatuta. Haien artean, milioi batek jarraitzen du gaur egun barne joanaraziak bezala. Modu honetan heldu ziren Amed-era milaka lagun, senitarteko eta ezagunen etxeetan moldatu beharrekoak, haietako batzuek azaldu zigutenez.

Existitzea nahi ez duten herria
Poliziaren auto blindatuak hiriko ikuspegiaren parte dira. Van.

Duela bi urte ezarritako larrialdi egoerak polizia eta ejertzitoari botere gehiago ematen die eta hauen gehiegikerien aurrean egon zitezkeen berme makalak ahultzen ditu are gehiago. Arazotsutzat hartutako egoeretan katua sakatzeko arazo handirik ez bazuten ere, aparteko legediak pertsonen kontra tiro egitea baimentzen du justifikatu beharra izan gabe. Egun kurduen aldarrikapenei lotutako protesta soziala egiteko aukera ameskeria baino ez da. Gure solaskideei, era agian inozoegian, Afrin-go inbasio turkoaren aurrean ea Amed-en protestak egin diren galdetu genienean, erantzuna argia izan zen: ez zen posible, Erdogan-ek publikoki mehatxatu baitzuen baliabide guztien bidez arituko liratekeela operazio militarra kolokan jarriko luketenen kontra. Han bertan ikusi dugunez, Estatu turkoan Afrin-go operazioa ez da ezkutatzen. Asetasuneraino zabaltzen da komunikabideetan egitandi heroiko bezala, zeinean ejertzitoak terroristak kanporatzen dituen eta bakea bueltatzen dien bertako biztanleei, besoak zabalduta soldaduak jasotzen dituztenak. Hala ere, telebistatik emandako irudiak ikusita, ez omen dute jendetzarik aurkitu Afrin-en sartzean eta konformatu behar izan dute ume bat besoetan duen soldaduren baten irudiekin. Testuinguru militarista eta ultranazionalista honetan, legionarioen izaera gogoratzen duena, ejertzito turkoaren ekintzak salatzen dituzten manifestari “terroristen” hilketa justifikatzea ez da arazo handia…

Bitartean, protesta debekatuta dagoen hiri hauetan bertan ere, milaka preso politikok, horietako asko presoaldi prebentiboan, bizirauten dute pilatuta osasungaitzezko kartzeletan, Estatu turkoaren eremu zabaletik sakabanatuta. Sakabanaketa Estatu politika bezala. Beste behin ere, ezinbestekoa egiten da kartzela espainiar eta frantsesetan euskal preso politikoen sakabanaketarekin eta senitartekoen galzorizko bidaiekin alderatzea. Era berean, Estatu turkiarrak jarraitzen du kartzela berriak eraikitzen, bezain gogorra edo agian gogorrago izango den etorkizunaren iragarpena.

Izan ere, jakin badaki giza eskubideen urraketengatik Europako gobernu eta instituzioek egindako kritika epelak bigarren lerro batean geratzen direla, Estatu turkoaren eta Europako estatu horien arteko elkartruke komertzialen atzean.

Existitzea nahi ez duten herria
Existitzea nahi ez duten herria
Existitzea nahi ez duten herria

Internazionalista. EHUko irakaslea