Matematika medioetan

Matematika medioetan –

Azken boladan nahiko maiz ibili behar izan naiz medioetan datu estatistikoei ematen zaien trataera aztertzen. Nola ez, interneten arakatzen jardun dut nagusiki, eta zer esango dizuet, bada, harrituta geratu naiz hainbat konturekin.

Matematika medioetan

Estatistikak berezkoak ditu ziurgabetasuna eta edozein neurketa prozesutan saihestu ezin daitekeen errorea. Nondik datorkion ziurgabetasuna? Bada, talde osoari galdetu beharrean haren zati bati galdetu eta hortik ateratako emaitza eta ondorioak talde osoari atxikitzen dizkiogun momentuan argi dago aukerak dauzkagula errealitatea islatzen ez duten ondorioak erabiltzen aritzeko. Horren adibide ugari dauzkagu, urrun joan gabe, azken urteetako hauteskundeen aurreikuspenetan.

Matematika medioetanHala ere, estatistikak garatu ditu teknika eta indikadoreak erroreak minimizatzeko. Eta batez ere, badauzka arau zehatzak taula eta grafiko estatistikoak eraikitzerakoan eta aurkezterakoan informazioa ahalik eta ulergarri eta garbiena izan dadin.

Ez dira arau konplexuak. Zentzukoak direla ere esango nuke; tituluak argi jarri, neurtutako aldagaiak argi adierazi eta unitateak zehaztu, ezarritako proportzioak mantendu grafikoetan, kolore kodeak argi azaldu…lehen esan dudana, alegia, zentzuzkoak. Azken finean grafiko edo taula bat egiten duenak, irakurriko duena izan beharko luke buruan, ahalik eta ulergarrien izan dakizkion datuak.

Bada, hori ikusi eta ikasi dut azken boladan. Irakurleak buruan izaten direla maiz…baina ziria nola sartu pentsatzeko!

Argazki hau Venezuelako telebista publiko nagusiko webgunetik aterata dago. Zenbakiei begiratuta, eta kalkulu sinple batez bien arteko aldea %1,59koa dela ikus daiteke. Koska ederra jarri diote, ordea, barra diagramari. Hemen, teknikoki egin dutena, ardatzak apurtzea izan da, eta  oso luzeak izango liratekeen barren goiko partea bakarrik erakustea.

Matematika medioetanAzken hauek losreplicantes.com helbidetik hartutako argazkiak dira. Goikoetan telebistan agertu ziren grafikoak daukagu. Langabeziaren jaitsiera azpimarratu nahian, beherakorregiak atera zaizkie grafikoak. Azpialdean benetan erabili beharreko grafikoak eraikita ageri dira. Badago aldea, ezta?

Adibideok beste asko eta askoren artean aukeratutakoak dira. Badaude hain nabarmenak ez direnak ere, eta akatsa aurkitzeko ikerketak egitea eskatzen dutenak. malaprensa.com helbidean, esate baterako, aurkituko dituzu zehatz eta mehatz aztertu eta azaldutako adibide gehiago. Akatsak diren, intentzio ezkutua gordetzen duten, ezezagutza matematikoaren ondorio diren, gaizki ulertutako datuetatik datozen… hori datu edo grafiko okerra publikatu duenak bakarrik daki.

Guri, informazioa kontsumitzen dugunoi, dagokiguna formatuta eta informatuta egotea da. Begien aurrean jartzen digutena lehenengoan eta besterik gabe ez sinistea. Kritikoak izatea, alegia. Ez da lan erraza izango informazioaren ozeano honetan!

Matematika medioetan

Arizmendi ikastolako irakaslea, Fisikan lizentziatua eta 3 umeren ama. Matematiketan.eus webgunea elikatzen.