Jantzi; mozorrotu eta nortasunak

Jantzi; mozorrotu eta nortasunak –

Jantzi; mozorrotu eta nortasunakEuskal diasporako “dekanoa” dugun Mikel Ezkerro euskalargentinarra, Argentinako Euskal Etxeetatik birak egiten dituenean, behin baino gehiagotan kexu azaldu da gazteei “euskal dantzariz mozorrotu” esaldia entzutean. “Jantzi” aditza “mozorrotu” aditzaz ordezkatzea biziki mingarria egiten zaio eta. Sarritan, dantzaldien ondorengo otorduetan egin ohi diren solasaldietan Mikelek errieta egiten die bertaratutakoei.

Neu ere adinean aurrera egiten ari naizelarik, gazteekiko belaunaldi-jauzia antzematen ari naiz eta esaterako, San Tomas eta bestelako jai “tradizionaletan”, Ezkerro jaunak ukan dituen antzeko egoerak ere bizi izan ditut.

Jakin badakit tradizioek kulturari aurre hartzea adierazpen kezkagarria dela. Izan ere, bizirik dagoen kultura bat etengabe berrasmatzeko eta berritzeko gai da eta fosilizatzen hasita dagoena, aldiz, mitifikatutako iragan idiliko baten zurrunbiloan itotzen da.

Jakitun naiz ere, euskal abertzale askoren erreferentzia estetiko indartsuenak XIX.mendeko baserritar, laborari, arrantzale eta behargin Euskal Herrian dugula. Hori dela eta, iragan den mendeko euskaldunok jaietan ez gara baserritar “mozorrotzen”, “janzten” baino. Gure belarrietan irain kutsua hartzen duen “mozorrotu” aditzak, baina ez dugu ikasi sentimendu horren jatorria zein den ondo adierazten eta gazte askok ez dute dagoeneko ulertzen.

XX.mendekoontzat XIX. mendeko erreferentziek aiton-amonen munduraino eraman gaitzakete, hots, fisikoki ezagutu eta maitatu ditugu pertsonenganaino. Belaunaldien gaindiko transmisio funtsezkoa da, gure espeziaren ezaugarri nagusienetarikoa baita. Desagertu den mundu horren ezaugarriak, baloreak, bizipenak ezagutzea oso baliagarria da.

Dena den, egun, non bilakaera historikoa bizkortu den, hori bezain garrantzitsua da belaunaldi berrien sentimendu eta beharrak ulertzeko ahalegina egitea. Hainbat arrazoirengatik, gure nortasunaren muina diren erreferenteak oso urrun daudelako.

Gure gazte urteetan aiton-amonen tradizioak berrinterpretatzeko eta eredu berriak eta propioak asmatzeko gai izan ginen. Kalea berreskuratu genuen, jai herrikoiak berrasmatu ziren. Erreferentzia ugari izanda ere, haustura-jarraipena ariketa egitea lortu genuen eta euskal kultura euskarri erakargarria izatea lortu zen.

Igandero mezetara joaten ziren aiton-amonen begietan guk egiten genuena astakeria zen, zalantzarik ez. Ikusten ez zituztenak ikustekotan, izutuko ziren, baina gure ustez gu egiten ari ginena euskal kultura zen, eta ze demonio!!! arrazoia genuen. Mundu anglosaxoniarretik indartsu zetozen korronteak euskal munduan kokatzeko gauza izan ginen, hiri-leinuak ere euskal munduan kokatu ahal izan ziren.

Autoestima oso ona da, dominak batzuetan erakustea ez dator gaizki. Halere, oraingo honetan, nire ustez, albo batera jotzea tokatzen zaigu. Ikusi behar dugu, entzun, eta batik bat, egiten utzi behar dugu. Horrela elkarri hobeto ulertuko diogu.

Tresna bideratu behar dira belaunaldi berriek euren ahalduntze-prozesuak , euren sortze-ariketak egin ahal izan ditzaten. Noski, gure betaurrekoak eskaini behar dizkiegu, nahi dutenean, tarteka, horietatik begiradatxo bat bota dezaten, haiek sortu behar dituzte euren erreferentziak, ordea. Euskal Kulturak bizirik jarraitzeko, XXI.mendekoek lekukoa hartu behar dute; euskararen erabileraren-tasa handitzeko, haiek hartu behar dute ardura… eta euskal politikagintzan ariketa berriak egin ahal izateko, gazteak lehenengo lerrora igaro behar dira.

Jantzi; mozorrotu eta nortasunak

Donostiarra Pasaiaratua.

4 pentsamendu “Jantzi; mozorrotu eta nortasunak”-ri buruz

  • Zuhaitz Ordoki 2018-04-19 11:41

    Agian hori da arazoa, Patxi: gazte batzuk euskal gatazkaz mozorrotu direla, jantzi ordez.

  • Historia azelerazio batean sartu da modernitatearen baitako aurrerapenaren mitoa dela-eta. Horrek azken belaunaldien arteko distantziak handitu ditu tradizio, kultura zein balioen transmisioa hautsiz horien artean.

    Zuk zeuk esan duzu nahi gabe bada ere: zuen belaunaldikoek “ber-asmatu” zutena ez zen zinezko euskal kultura nahiz eta zuentzat hala izan. Aitzitik, euskal idiosinkrasia eta modernitate anglosaxoi kosmopolita zein maiatzak 68 ondorengo progresismoaren arteko totum revolutum bat zen, zeina astakeria moduan ikusten zuten aurrekoek, jakina.

    Zuen eta aurrekoen arteko saltoa horren handia izan zen ezen bata ez zen bestarekin apenas identifikatzen hizkuntza eta folklorismo adierazpen gutxi batzuetatik at, baina inolaz ere mundu-ikuspegi, ideologia eta espiritualtasunean.

    Ba pentsa gauza berdina gerta daitekeela zuen eta datozen milenial horien artean, eta jada zuen belaunaldiak ezer gutxi izango badu komunean datozenekin, zer izango dute datozenek, bada, XX. mende hasierako euskaldun prehistoriko horiekin?

    Nazio orok behar du bere nortasuna betiereko iragan horretan errotu (nahiz eta iragan mitifikatua izan) bilakaeraren korrontean ez disolbatzeko. Herri minoritarioen artean Juduak dira arrakastatsuenak biziraupen-borrokan, hain zuzen ere kontzientzia intra-generazional indartsuena duen herria delako, euren liburu sakratuak zuhaitz genealogikoak baitira finean, hots, memoria etniko idatzia. Gutxienekoa da Abraham zenaren benetako ondorengoak badira edo ez, garrantzitsuena da hori pentsatzen dutela eta horrek ematen diela indar espirituala baturik eta judu gisa irauteko.

    Ez, Patxi, gauza askotan zurekin bat egiten dudan arren ez nago ados gazteria Nazioaren abangoardian kokatu eta zaharrak berriz euren buruak alboratzearen ideia aurrerakoi horrekin, sentitzen dut. Belaunaldi zaharrak ezinbestekoak dira nazioaren memoria eta kontzientzia gotortzeko, horien bataila, balentria eta kontakizunek inspiratzen baitituzte belaunaldi berrien arimak borrokan segitzeko. Zuen belaunaldia gatazka armatu baten testigu izan da, eta gatazka horretan gertatu zirenak eta ez zirenak ezin dira ahanztuan geratu, bestela ez dugu ezer ikasiko buruturiko oker eta asmatzeetatik

  • Eskerrik asko Oier.

    Albo batera egiteak ez du esan nahi geldirik egoteko asmoa dugunik. Izan ere, oraintxe bertan pentsiodunak ikasgai ederra ematen ari zaizkigu. Lanean jarraitzeko gogo falta ez dugu, baina uste dut, nolabait, gure belaunaldia “atezain” lana egiten ari dela. Atea zabaltzen utzi behar da, eta atea zabaltzeko grina, indarra eta asmo duten horien atzetik bultzatzen laguntzea dagokigu.

  • Hala izan bedi ba, belaunaldien arteko loturak hausten ez diren artean. Ondo izan!