Emakumeak Anoetara
Emakumeak Anoetara –
Realeko zuzendaritzako kideak:
Ondo iruditzen zaizue Realaren gizonezkoen futbol taldeak 30.000 pertsona sartzen diren estadio batean jokatzea eta Realaren emakumezkoen futbol taldeak 1.000 pertsona sartzen diren zelai batean jokatzea? Ondo iruditzen zaizue beti horrela izatea?
Nik 13 urte ditut, eta ez zait ondo iruditzen, eta horregatik idatzi dut hau. Realeko emakumeak ikustera jende gutxiago joaten da jendeak ez dakielako ia ezer Realeko emakumeei buruz, Realeko gizonei garrantzi handiagoa ematen zaielako, bai prentsan eta telebistan, bai gizartean.
Nik uste dut jendeak jakiten badu Realak emakumeen futbol taldea daukala eta jendeak jakiten badu gizonak bezain onak direla, jende asko joango dela partidu bat ikustera.
Horregatik, gustatuko litzaidake maiatzaren 12-13ko asteburuan jokatu behar duten Real Sociedad-Athletic Club derbia Anoetan izatea eta ahalik eta jende gehiena joatea. Partidu berezia izango da, derbia delako eta Realak Kopan sartzea izan dezakeelako jokoan.
Reala ez da lehenengoa izango hori egiten. Iberdrola Ligako partiduak jokatu dira Zaragozako Romaredan (3.000 ikusle), Huelvako Nuevo Colombinon (4.000), Sevillako Benito Villamarinen (6.600), Valentziako Ciudad De Valencian (8.000), Madrilgo Vicente Calderonen (14.000), Madrilgo Wanda Metropolitanon (24.000) eta Bilboko San Mamesen (35.000).
Zergatik ez Anoetan? Zenbat joango ginateke? Eta proba egiten badugu?
Realeko zuzendaritzakoak benetan Reala maite baduzue, eta ez bakarrik gizonen Reala, aukera ona duzue hori frogatzeko. Zuen esku dago. Zuen erabakia da.
#EmakumeakAnoetara!
Ba, ni ez naiz joango futbolak nazka ematen didalako.
Kaixo, Imanol Haro naiz, Eneritz Haro Albaren aita.
Lehenengo eta behin, Zuzeu-ri eskerrak eman nahi dizkiot gutuna argitaratzeagatik.
Horrez gain, jakinarazi nahi dizuet jende pila bat etorri zaigula Eneritzen gutunagatik zoriontzera Berrian eta Noticias de Gipuzkoan argitaratu denetik. Horrekin bat, beste kontu hauek ere kontatu dizkigute:
– Garai batean, Realeko lehen mailako emakumeek Zubietako zelai handienean jokatzen zuten, Realeko lehen mailako gizonen taldeak entrenamenduak egiten zituen zelai berean. David Moyes garai hartako Realeko lehen mailako gizonen taldeko entrenatzaileak zuzendaritzari eskatu zion emakumeek beste zelai batean jokatzeko, zelaia gizonei “ez izorratzeko”. Orduz geroztik, Zubieta-7 zelaian jokatzen dute emakumeen, harmaila gutxiagorekin eta aparkalekutik urrutiago.
– Guraso bat Realaren bulegoetara joan zen, alabak Anoetako partiduetako baloi-biltzaile (“rekojepelotas”) izan nahi zuelako. Galdetu zuenean zer egin behar zuen, esan zioten ezin zuela izan. Izan ere, baloi-biltzaile guztiak mutilak dira, Realeko talde txikietako jokalariak. Emakumezkoetan Realak ez du talde txikirik, eta ezin balio-biltzaile izan. Nolanahi ere, Realak badu lotura Gipuzkoako talde askorekin, eta han badabiltza neskak. Uste dut gaur-gaurkoz mutilek jarraitzen dutela balio-biltzaile izaten Anoetako partiduetan.
Realarekin lotutako kontuez gain, jende askok salatu dizkigu beste hamaika gauza: klub askok nola diskriminatzen dituzten neskak mutilen alde, nola lehiaketetan mutilei sari hobeak ematen zaizkien, nola mutilei instalazio hobeak eskaintzen dizkieten, ordutegi hobeak… Eta diru kontuak…
Emakume kirolarien aurkako diskriminazioa izurrite handi bat da.
Ea zerbait aurreratzen dugun, Realaren laguntzarekin edo Realaren laguntzarik gabe.