Partekatzea bizitzea ei zen
Partekatzea bizitzea ei zen –
Sare sozialen baten parte baldin bazarete, nabarituko zenuten azken opor egunotan, ohartzeke ia, badakizuela zuen inguru hurbileko eta ez hain hurbileko jende guztia non egon den, zeinekin eta zertan. Behin bi hitz gurutzatu zenituen tipo batek Zarautzen arraina afaldu duela dakizu; oso zoriontsua dirudien baina gehiegi inporta ez zaizun beste bikote bat Islandian egon da; zure bizilagunak urteko lehenengo bainua hartu du, eta bideoa erakutsi dizu bere perfilean. Eta zuk ikusi.
Betiko kontua da, badakit, eta ez naiz hasiko orain sare sozialak kritikatzen, neu bainaiz 14 urte neuzkanetik Messenger-Fotolog-Tuenti-Facebook eboluzioa beste inork baino finago bete duena, nerabezaroko autoestimu labainkor horri oinarri apur bat emango zioten “guapa”, “potxola”, “atsegin dut”, “mxx amz” guztien eskean harrapatzen zuena bere burua. Baina zerbaitek desintoxikatzeko eskatzen zidan aspalditik, eta denboraldi bat daramat nire profiletatik urrunduta. Gainera, Instagramik ez zabaltzeko hautu kontzientea egin dut, momentuz.
Geldi daramadan denbora honetan -izugarrizko lasaitua hartzeaz gain-, galderarik sinpleenaren erantzunaren bila ibili naiz: zergatik esan nahi nuen eta dudan, askotan- non nagoen, norekin eta zertan, jakinda niri besteena bezain gutxi interesatu dakiokeela nirea beste bati. Jakinda nik besteen profilak epaitzen ditudan bizkortasunaz epaitu dezaketela nirea; edo ez al zaizue inoiz gertatu aurrez aurre jatorra den pertsona baten sare soziala aztertu eta sekulako disgustua hartzea? Edo alderantziz?
Zer nabil adierazi nahian, orduan, “partekatu” sakatzen dudan unean. Zer partekatzen dut? Jaten ari naizen almejak saltsa berdean? Ez, horiek ezin dituzte ziberlagunek probatu. Edango dudan kafe goxoa, esne aparretan marrazki eta guzti? Ezta ere. Bizi dudan momentua partekatzen dut? Ez, izatekotan momentu hori bizitzeari uzten diot, partekatzeko.
Zoriontasuna partekatu nahi dut, akaso? Hala balitz, zentzua izango luke, nire pozaz poztuko den jendeari opari bat egin nahiko banio bezala, nire irribarreak denak kutsatu ditzan eta zoriontasun-kate amaigabe eta koloretsu bat eratu dezadan nire lagun guztien artean iupi-, familiako whatsapp taldeetan gertatzen den antzerako zerbait. Baina ez, noski. Badakigu denak ez direla gure pozaz pozten, eta agian justu horixe da bilatzen duguna, ez poztea.
Askotan lotsatu izan naiz garai batean Tuentira igotzen nituen argazkiez, baina pentsatzen nabil ez dela gehiegi aldatu orduko nerabe ziurgabe eta onarpen-bilatzaile hura, denok garela berdinak oraindik, eta segi dezakegula saltoka sare batetik bestera, ustez geroz eta argazki helduagoak eta duinagoak erakutsiz, baina erakutsiz, azken finean. Agian era honetara hazi garenok daukagun teknika bakarra da geure bizitzak baloratzeko. Eta ezin duzue imajinatu zelako alfergura ematen didan horrek.