Bizitza eta heriotza Saturnon
Bizitza eta heriotza Saturnon –
Joan zen Irailean agindu zion NASAk Cassini sondari bere buruaz beste egitea Saturnoko atmosferaren kanpoaldeko geruzan, hogei urteko bidaiaren ostean, geratzen zitzaion erregai apurrez baliatuz. Normalena bere kontrola bertan behera uztea behar zuen, betirako espazioaren mugagabetasunean galtzera kondenatuz, baina Lurretik kanpoko bizitza posiblearen froga aurkitzeak misio honi geratzen zitzaion normaltasun apurra kendu zion, edo ohikotasuna, behintzat.
Hedabide askok eman zuten orduan gertakari honen berri, eta interesa izatekotan oso erraz aurkitu daiteke informazioa Interneten. Beraz, eta nire lagunak Cassiniri buruz idatzi eta hitz egiten orduak eman ahalko nituela lekuko ditudala, sonda miresgarri honek lortutakoak laburbiltzen saiatuko naiz, karaktereak aurreztuz, artikulu honen leku gehiena sondak ateratako argazkien lagin txiki bat aurkezteko aprobetxatuz. Esan behar da, hori bai, argazki guztiak NASAk moldatuta aurkezten direla, 1997an instalatu zitzaion kamarak kalitate txarrean eta zuri-beltzez bakarrik egin ahal zituelako argazkiak, baina nork ez dizkio bere argazkiei filtro txiki batzuk jartzen, ezta?
Saturnoko hiru irudi. Ezkerretik eskuinera, gainazaleko ekaitz erraldoi bat, ipar polo hexagonalaren bista eta 165 argazkiz osatutako planeta osoaren mosaikoa.
Esan bezala, Cassini-Huygens sonda duela 20 urte jarri zuten martxan NASA eta Europar Espazio agentziek, Saturno eta bere ilargiak aztertzeko asmoz. Zazpi urte geroago heldu zen eguzki-sistemako seigarren planetara, eta lehendabizi Huygens sonda bidali zuen Titan ilargira, non aurretik behatu gabeko metano itsaso erraldoiak aurkitu zituen. Metanoa, berez, eguzki erradiazioak hidrogeno bihurtzen du, babestuko duen atmosferarik gabe. Ordea, metanoa konstante mantentzen dela eta teorian behar zuenaren hidrogeno gutxiago dagoela ere behatu zen, mekanismo ezezagun batek metanoa sortu eta hidrogenoa kontsumitzen duela ondorioztatuz, bizitza bakterianoaren aztarna izan daitekeela.
Titan ilargiko irudiak. Ezkerretik eskuinera, Titan Saturno aurretik pasatzen, metano itsasoetako bat (beltzez) eta gainazaleko Huygens sondak ateratako argazkia.
Hala ere, aurkikuntzarik itxaropentsuena Cassini sondaren bidaiaren jarraipenean eman zen. Encelado ilargiaren albotik pasatzean geiserrak antzeman zituen, izoztutako gainazaleko arrakaletatik espaziora ur likidoa jaurtitzen zituztenak. Azkenik, ezagutzen dugun bizitzaren baldintza funtsezkoa aurkitu zen Lurretik kanpo, ur likidoa.
Encelado Ilargiko argazkiak. Ezkerretik eskumara, hego poloko geiserrak, ilargi izoztu osoaren bista eta Saturnoko atmosferan suntsitu aurretik bidalitako azken argazkia (azkena, tratatu gabe).
Horrela, misioaren amaieran sondaren kontrola galdu eta bietako ilargi batean talka egitean Lurreko mikroorganismoren batek bizitza posiblea kutsatzea ekiditeko, Cassini Saturnorantz bideratu zen, bertako atmosferan suntsituz. Bizitza posible honen zehaztasun gehiago ezagutzeko misioak ari dira jadanik prestatzen, baina bitartean honek utzitako argazkiekin konformatu beharko gara. Saturnotik bidalitako benetako argazkiekin. Ez da gutxi.
Misioaren argazki hoberenak link honetan aurkitu daitezke (pdf-a deskargatu daiteke).
Zorionak artikuluagatik! Gaia gustuko duzula nabari da.