Izarkom, telekomunikazio burujabetzarako sareak josten

Izarkom, telekomunikazio burujabetzarako sareak josten –

Telekomunikazio enpresa handi baten azpiegitura erabilita mugikorrei zerbitzua ematen dien operadore lokal bat ezagutuko genuelakoan gerturatu gara Izarkom, Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboko kideengana, baina bizkor ohartu gara helburu sakonagoak dituztela: “telekomunikazio arloko burujabetza landu nahi dugu; bide zaila hartu dugu”.

Izarkom, telekomunikazio burujabetzarako sareak josten“Internet eta telefono finkoa zein mugikorra emango dituen operadore bat da Izarkom, beste edozein operadorek ematen duen zerbitzua eman nahi duena. Beraz, ez da izango zerbitzua besteengandik bereiziko gaituena”. Zergatik eta nola da diferentea. “Helburu bakarra etekin ekonomikoa duten operadore transnazionalen ereduaren kontra, modu etiko eta partekatu batean egingo dugu”. Garikoitz eta Asier Garaialde anaiak dira mahaiaren bueltan horrela mintzo zaizkigunak, beste bi kide ordenagailuen aurrean lanean diren bitartean, Irunen egin dugun hitzorduan.

Internet eskubide bat da, horrela dago onartua, eta gainera beste eskubide batzuetara iristea errazten edo bermatzen du, osasunera, hezkuntzara, informazioa jaso eta bideratzera, baita antolakuntza eskubidera ere. Beraz, Izarkomen helburua zerbitzua eman eta eskubide hauek bermatzea da, gabezia bat ikusten genuen-eta”. Euskal Herriarentzako zerbitzua emango duen bertako talde bat sortu eta, oraindik nola ez dakiten arren, herri hau osotasunean hartuta, Ipar eta Hego; euskarari lehentasuna emanez.

.

Sare libre eta irekia

Kontua da egun zerbitzu horiek eskaintzen dituen operadore bakoitzak bere azpiegitura baliatzen duela, “eta guk hau guztia hankaz gora jarri nahi dugu”. Nola? “Ez dugu sinesten enpresa bakoitzak azpiegitura pribatu bat izan behar duenik, guztiontzako bat eta bakarra nahikoa dela uste dugu”, diosku Garikoitzek. Sare libre, ireki, neutral eta partekatua sortzea da gure helburua, eta honen gainean emango luke zerbitzua Izarkomek, eta horrela egin nahiko lukeen beste edozeinek”.

Zail egiten zaigu kontzeptua ulertzea, eta Asierrek adibide baliagarri bat jarri digu, errepide sarearena. “Badira Europak sortuak, edo aldundiak, edo munizipalak direnak, baina jabetza ugarikoak izan arren bide batetik bestera nola joan baino ez gaitu arduratu behar, jabeei baimenik eskatu beharrik gabe; eta badago trafiko araudi neutral bat, guztiok erabiltzen duguna”.

“Telekomunikazio arloan berdin, ez da logikoa bakoitzak bere sarea izatea. Gainera, nola operadoreek etekin ekonomikoari baino ez dioten begiratzen, errentagarriak ez diren tokietara ez dira iristen, eta handiek horrela jokatzen badute, pentsa, txikientzako askoz zailagoa da. Aspektu honetan ikusten genuen bazegoela gabezia bat, Euskal Herrian landa eremu batzuetara ez baita iristen Internet. Kasu hauetan, aukera bakarra sare komuna egitea litzateke, askoren artean sor daitekeena, librea eta irekia, gero guztiok erabil genezakeena”.

Sare libre eta ireki bat eraikitzeko asmoz sortu zen orain hamabost urte inguru Guifi.net egitasmoa Katalunian, Izarkomen asmoak hobeto ulertzeko lagungarri izan daitekeena. “Euskal Herrian ere urte dezente hasi ginen taldetxo bat Guifi.net sarea sortzen -dio Asier Garaialdek-, eta eraikitako sare horren gainean konexio zerbitzua ematea zen hurrengo pausua”.

Gune, auzo edo herri ezberdinetan jendea sarea eraikitzeko antolatu dadila, horixe da Izarkomen nahia; “sare hori sortzea ez baita gure ardura, baizik eta sarearen beharra eta onurak gizarteratzea. Gure helburua alfonbra astindu eta hautsa altxatzea da, nolabait; oso sakonean landu nahi dugu teknologia burujabetza. Eta badakigu oso lan zaila izango dela, korapilatsua, oso epe luzerako proiektua”.

Mugikorretara itzulita, zerbitzua ematen hasiak dira jada, beste batzuen azpiegitura erabilita, Kataluniako Eticom Som Conexiók egiten duen antzera; Estatu espainiarreko legediak ez baitu onartzen egun dauden lau operadore handietatik aparte besteren bat sortzea. Kontutan hartu behar da sekulako etekinak ematen dituen merkatua dela, eta operadore indartsuek hartua dutela. “Zoritxarrez beste operadore baten azpiegitura erabili behar izango dugu. Ezin da mugikorren Guifi.net bat sortu, eta beraz, guretzako etikoki eta filosofikoki ezinezkoa da mugikorrarena gehiago lantzea”, Asierrek onartu digunez. Baina arlo garrantzitsutzat dute, jendea Izarkomera erakartze aldera.

Izarkom, telekomunikazio burujabetzarako sareak jostenMugikorren zerbitzua eskaintzeak taldea egiteko balioko digu -prezio onean zerbitzua eskaini eta kideak egiteko-, ideia zabaldu eta filosofikoki zein asmo dugun jendartera zabaltzeko. Sare libre eta irekia garatzen goazen bitartean, jada telefonia zerbitzua ematen gabiltza, badugu zer edo zer eskaintzeko; Izarkom ez da soilik kontu kontzeptual bat. Eta jendeak gogo onez hartu du proiektua, erakargarri egin zaio”, Garikoitz Garaialderen aburuz.

Mugikorren eskaintzaz aparte, Izarkomek gainontzeko esparruak eskaintzen hasi nahiko luke, Internet eta telefono finkoa -modu digitalean- ahalik eta lasterren. Baina horretarako sareak ikuskatu behar ditugu, eta horretan gabiltza, kideari ordaintzen duen zerbitzua izango duela bermatu behar zaio-eta”. Epe motzean hasiko dira Internet zerbitzua ere eskaintzen, baina zatika joango omen da, eta ez da izango Euskal Herri osorako egun batetik bestera. Gaur egun Guifi.net eginda dagoen eskualdetan izango da errazen, baita hiriburuetan ere. Mapa osatzen ari gara”.

Gauzak horrela, estaldura ez da Izarkomen esku egongo, herritarren esku baino. Hau da, hedapenaren abiadura komunitateak baldintzatuko du.Guk beti esaten dugu herriak bere buruari telekomunikazio zerbitzu batzuk emateko kooperatiba dela Izarkom. Orduan, herriak bere buruari ematen badizkio, herritarren interesen arabera, jendea mugitu ahala joango da sarea hedatzen”.

.

Kooperatiba

Izan ere, jendeari proiektua aurkeztu eta ulertaraztea izaten da, horrelakoetan, lehen oztopoa. “Egongo da guregana zerbitzu hartzaile bezala baino etorriko ez den jendea, ulertzen dugu hori. Baina gustatuko litzaiguke guk bezero baino Izarkom kide deitzen ditugunak gure helburuarekin bat egingo balute, inplikatuko balira” -kooperatibako kide legez, asanbladan parte hartu eta kooperatibaren norabidea definitzeko eskubidea izango dute-. Lehen adierazi bezala, Izarkomek sare libre eta neutralak sortzea du helburu, “herrigintzarako, herritar bezala gure eskubideak bermatzeko eta nolabaiteko burujabetza garatzeko, baita telekomunikazioen arloan ere; naziogintza sortzeko beste lanabes bat bezala garatzeko asmoarekin -Asierren ustez-. Utopia bat da, baina…. zergatik ez da izango gurea Euskal Herri libre batean eduki nahi dugun komunikazio eredua landatzen hasteko lehendabiziko hazia?”.

Izarkom kooperatiba bat da, jarduera ekonomikoa bai, baina irabazi asmorik gabekoa -baldin baleude proiektua garatzeko erabiliko liratekeelako, banatu ordez-. “Bagenituen lan kooperatibak, kontsumo kooperatibak… baina legedia begiratu eta ez genuen eredurik -Katalunian nahiko ohikoak omen dira kooperatiba integralak, hemen ez-. Juridikoki guk geuk sortu behar izan dugu, eredu ahalik eta demokratikoena”.

Egun sei laguneko lan taldea dute, tartean orain zortzi bat urte Guifi.net egitasmoarekin hasitakoak direla, eta beraien txikian esparru guztietakoak -beharrezkoa baita teknologikoki jantzita egotea-. Pausuz pausu ikuspegi nazional batekin lan egingo zuen operadore baten beharra ikusi, eta pare bat urte daramatzate Izarkom egitasmoarekin. “Eta dedikazio handia eskaintzen diogun arren, ez garenez honetatik bizi, nola ez dugun hemendik bizitzeko diru horren beharra -bakoitzak, aparte, badu bere ogibidea-, pausuak edo norabideak markatzeko aukera dugu”, beste inoren esku-hartzerik gabe.

Balorapenak egiteko oraindik goiz bada ere, garaialdetarrak pozik agertu dira, egitasmoak interesa piztu duela-eta. “Poliki-poliki goaz, baina gure inguruan sortu dugu zarata apur bat. Eta jendeak ikusten duenean zerbitzu estandarra eskaintzen dugula, estaldura onarekin… pixkanaka hurbilduko da”. Gainera, biak ala biek aitortzen dutenez, argindarra ematen duen Goiener bezalako kooperatibek azken urteetan egindako lanak bidea erraztu die, “kontzeptu aldetik jendeak ulertzen du gure egitasmoa, eta zenbateraino ez dakigun arren, jada badago kontzientzia bat garatua”. Gaur eta hemen sortua, ekonomia sozial eta eraldatzailea sustatzen duen Olatukoopeko kide ere bada Izarkom.

Izarkom, telekomunikazio burujabetzarako sareak josten  Izarkom, telekomunikazio burujabetzarako sareak josten

ZUZEUko erredakzio kide

8 pentsamendu “Izarkom, telekomunikazio burujabetzarako sareak josten”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-03-31 14:51

    Asmo txalogarri bikaina. Halere etsigarri samar gertatzen da guifi.net horretara sartu eta katalanez, gailegoz, portugesez, gaztelaniaz eta ingelesez topatzea, baina ez euskaraz. Ondo legoke hori lehenbailehen konpontzea.

  • Aupa Juan Inazio,
    Guifi.net katalunian sortu zen proiektu ireki bat da, eta irekia den oro bezala, jendeak egiten du. Euskaraz ez badago, jendeak euskaratu ez duelako da (zati bat euskaratuta dago, niri menua euskaraz azaltzen zait eta; baina menua bakarrik, ez edukiak). Gazteleraz, ingelesez, galegoz eta katalanez badago, jendeak, jende arruntak, erabiltzaileek hizkuntza horietan edukiak sortu dituztelako da. Ez da etsigarria euskaraz ez egotea; pena da oraindik, erabat, euskaraz ez egotea, baina hori zure eta nire esku dago. Ados nago zurekin, ondo legoke hori lehen bait lehen aldatzea… bada, egin dezagun.
    Hamaika tresna ditugu ordenagailuekin euskaraz funtzionatzeko aukera ematen digutenak, gune hau eraikitzeko erabilitako wordpress adibidez, edo wikipedia, edo Open ofice, edo… guzi horiek boluntarioen lan militante nekaezin bati esker.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-04-01 18:21

    Barkatu gaizki ulertu badut baina iruditu zait “gutxiago kritikatu eta euskaraz nahi baduzu zerorrek euskaratu” bezalako zerbait adierazi nahi ote didazun. Hemen norkbere proiektuetan dihardu eta guifi.net ez da nire proiektua. Artikuluan Irakurri ondoren zuen helburua dela “Euskal Herriarentzako zerbitzua emango duen bertako talde bat sortu , … , euskarari lehentasuna emanez”, zuen ardura guifi.net “sarearen beharra eta onurak gizarteratzea” dela, eta “Egun sei laguneko lan taldea dute, tartean orain zortzi bat urte Guifi.net egitasmoarekin hasitakoak “, guifi.net orrialde hori hainbeste hizkuntzetan bai, baina euskaraz ez aurkitzeak eragin didan sentipena adierazi besterik ez dut egin, ustez adeitasunez eta modu eraikitzailean. Sare irekia, kooperatiba eta operadorearen arteko harremanak gaizki ulertu baditut eta gaia zuen ardurapekoa ez dela iruditzen bazaizue, etzazue nire komentarioa zuei zuzendutakotzat hartu. Zaudete ondo!

    • Ez, ez nizun hori esan nahi, software librean egindako gauzak, jendeak egiten dituen neurrian eta egiten dituen moduan daudela esan nahi nuen; eta euskaratuta ez badago, inork egin ez dugulako da.
      Iruditzen zait, zure azken esaldian diozun bezala, Guifinet, sare irekiak eta Izarkomen arteko erlazioa ez duzula ondo ulertu, baina gure erantzuna ere adeitasunez egindakoa zen, ulertua izateko intentzioz emandakoa.
      Gure helburua ez da Guifi.net sarearen beharra eta onurak gizarteratzea, sare ireki, aske eta neutralen beharra eta onurak gizarteratzea baizik. Gufi.net, orain 15 urte Kataluniako Gurs herrian sortutako sare ireki, libre eta neutral bat da, munduan asko zabaldu dena eta gerora, estatu espainiarreko sare, ireki eta neutral gehienak kudeatzen dituen fundazio zehatz bat bilakatu dena. Modu libre batean, komunen arteko elkarlan boluntario batean oinarritutako taldea.
      Gure proiektua Izarkom da, eta Izarkomek bere lan guztia euskarari lehentasuna emanez egiten du. Izarkomek zerbiztua (telefono finko eta Internet zerbitzua) sare ireki, libre eta neutralak erabiliz emango du. Sare horiek kasu batzuetan Guifi.net fundazioak kudeatutakoak izango dira eta beste batzuetan beste fundazio, elkarte edo taldeek kudeatutakoak, baina beti sare ireki, libre eta neutralak. Hori da Izarkomek Guifi.net fundazioarekin duen lotura organiko bakarra.
      Izakomeko kideren batek, Guifi.net ekimenaren bidez ezagutu zituen sare ireki, libre eta neutralak, eta Guifi.net ekimeneko jendearekin izandako harremanari esker ikasi zuen sare ireki, libre eta neutralak eraiki eta martxan jartzen. Gaur egun Guifi.net fundazioak kudeatzen ditu sare horietako asko. Hori da “orain zortzi bat urte Guifi.net egitasmoarekin hasitakoak” esaldiak esan nahi duena. Euskal Herrian norbanako, elkarte edo enpresa gehiago dago sare ireki, libre eta neutralak eraiki eta sare horiek Guifi.net fundazioaren bidez kudeatzen dituztenak.
      Guk ere nahiago genuke Guifi.net fundazioaren webgunea euskaraz, ere, egongo balitz, baina lan hori, aurreko mezuan esan bezala, edonoren esku dago. Gufi.net-ekin lotura duen, edo euskarak mundu digitalean duen presentzia areagotu nahi duen edonoren esku. Hori bai, proiektu libre bat izanik, lan boluntario baten bidez gauzatu beharko da, modu militante batean eginda (proiektu libre baten webgunea eta jarduera euskaratzeko dirua jarriko duen erakunde pribatu bat edo diru-laguntza publiko bat lortzen ez bada bederen). Hori du euskarak gaur egun: errentagarria izateko adina erabiltzailerik ez duenez, euskaraz den software edo hardware gehiena, modu boluntario batean, jendeak, lanetik aparteko orduak erabiliz, euskaratu duen azpiegitura dela…. bueno, eta diru-laguntza publikoak erabiliz euskaratu diren beste bizpahiru ekimen.
      Izarkom martxan jartzeaz gain, gure inguruan izango ditugun erraminta batzuek euskaratu edo euskaratzen lagunduko dugula argi dugu guk. Software librearen filosofiari jarraiki, guk hartu egingo dugu, erramintak erabili, gurera moldatu, baina ahal dugun neurrian, itzuli ere, egingo dugu (erraminatk euskaratu, softwarea sortu…); baina guk ezin dugu gurekin harremanetan izango diren elkarte ireki guztien webguneak euskaratzeko ardura hartu; ez eta erabiliko dugun software libre guztiaren euskaratzekoa ere. Oraindik ez behintzat. Agian, etorkizunean, Izarkom izan daiteke gufi,net-en webgunea eta jarduera euskaratzeko dirua jarriko duen erakunde pribatua… baina oraindik ez du ematen. Ezta modu boluntario batean, lan orduak eskainita egiteko ere.
      Ez nizun esan nahi “gutxiago kritikatu eta euskaraz nahi baduzu zerorrek euskaratu” , “euskaraz nahi badugu, gugeuk egitea beste erremediorik ez dugu” baizik.
      Horregatik egin dugu Izarkom kooperatiba integral, eta horregatik dira kooperatibista Izarkomeko zerbitzua hartzen duten norbanako edo elkarte guztiak: egiteke geratzen zaigun lana izugarria delako, eta denon artean egiten ez badugu, besteen menpe jarraituko dugula iruditzen zaigulako.
      Beno, oraingoan luze joan den arren, ulertuko delakoan nago, baina oraindik dudarik bazenu, nahiago kafe baten bueltan proiektua esplikatu, hemen itzulika jarraitze baino.
      Mila esker.

      • Juan Inazio Hartsuaga 2018-04-02 19:42

        Mila esker, erantzuten hainbesteko lana hartuagatik. Ez dakit guztia ondo ulertzera iritsi naizen baina estimatua dago ahalegina. Zuen kideko bat laster izango dut etxean bazkaldar eta harekin argituko ditut azken zalantzak. Izan ondo!

  • euskaldun bat 2018-04-02 00:33

    Izarkom-en berri izan nuenean Interneten begira ibili nintzen informazio gehiago lortu asmoz baina ez nuen garbi ulertu. Orain artikulu hau irakurrita ere ez zait garbi gelditzen zein den asmoa. Helburu orokorrak, printzipioak etab. aipatzen dira baina ez dut ikusten zein den helburu praktikoa eta orain sortzaileei galde diezaiekedanez, horregatik idazten dut. Euskaltel-en bezeroa den batek (Internet, telebista, telefono finkoa, telefono mugikorra) zer abantail ikus ditzake Izarkom-en? Abantaila praktikoei buruz ari naiz: jendea konpainiaz aldatzen da prezioagatik edo Interneteko abiaduragatik edo telebista kate interesgarriagoak daudelako etab.

    • Kaixo euskaldun bat!

      Izarkom sortu dugunon helburu nagusiena, Euskal Herri osoan Interneterako konexio eskubidea gauzatzea da; hau da, Euskal Herriko edozein puntura interneterako konexio irisgarri eta prezioz eskuragarria helaraztea, horretarako sare partekatu, ireki, libre eta neutralak erabiliz. Guzti hau, herrigintza eta naziogintza ikuspegi batetik enfokatuta.

      Izarkomen apustua ez da sare partekatu, ireki, libre eta neutral hauek guk geuk sortzea, ez baitugu sare honek jabetza bakarra izatea nahi (ezta jabea erakunde publiko bat izango balitz ere) , baizik eta Udalak, herri mugimenduko taldeak nahiz norbanakoak elkarlanean eraikitako sarea izatea nahi dugu, horrela bakarrik ziurtatuko bait da sarea benetan, librea, irekia eta neutrala izango dela. Horrela, Izarkomen egitekoa sare hauek sortzeko akuilu lana egitea eta laguntza ematea da, eta sortutako sare horien gainean internet konexioa eskaintzea.

      Badakigu ere sare hau ez dela egun batetik bestera egingo eta epe luzeko proiektua dela, baina zenbat eta erakunde, talde eta lagunen partehartze handiagoa izan, orduan eta azkarrago sortuko dugu sarea. Jakin ezazu ere, jada sarea garatzen hasiak direla zenbait eskualdetan, beraz, helburu horretatik geroz eta hurbilago gaudela.

      Katalunian 2004ean Gufi.net sare librea sortzen hasi zirenean ere helburua praktikoa ez zela entzun behar izango zuten ziuraski behin baino gehiagotan. Baina erreala dena da, gaur egun guifi.net sareak 35.000 nodo baino gehiago dituela eta katalunia zati handi bat interkonektatzen duela.

      Sentitzen dugu, baina, helburu hori zuretzat praktikoa ez izatea eta bilatzen dituzun abantaila bakarrak, prezioaren, internetaren abiaduraren edo telebista kate interesgarriagoen ingurukoak izatea. Baina, hori ez da gure joko-zelaia. Gu, esan bezala, teknologia-burujatzearen alde, herri bezala, azpiegitura telematiko propioak sortzearen alde eta EHn interneterako konexio eskubidea egikaritzearen alde gabiltza lanean, eta zorionez, helburu horren alde jarduteko prest dauden kide ugari ari zaizkigu batzen.

  • euskaldun bat 2018-04-10 23:43

    Niri proiektua gustatzen zait. Zuei esker ezagutu dut adibidez “Guifi” delakoa, ez nuen ezagutzen eta oso interesgarria da. Baina ez didazue ukatuko erronka itzela ez denik, etsigarria izaterainokoa. Horregatik aipatzen nuen “helburu praktikoak”. Etxean Internet jartzeko eskatu dizuenen artetik zenbatek egin dute eskaera herrigintza eta naziogintza ikuspegia lehen motibazioa izanik? Edo agian etxean Internet edukitzeko aukera bakarra zinatelako izan zen? Eta etxe horietan beste hornitzaile batzuren aukerak izan balituzte, zer lehenetsiko zuten? Ez dut ideia-zapuztaile bat izan nahi baina ulertuko nauzuela pentsatzen dut. Webgunea espanolez ere jarri duzue, ez al da zuen printzipioekiko kontraesan bat adibidez?