Mugarik gabeko euskara. Ofizialtasuna

Mugarik gabeko euskara. Ofizialtasuna –

Mugak euskarari.
Mugak euskaldunoi.
Mugak euskararen hiztun-komunitateari.
Mugak Euskal Herri euskaldunari.

Euskal Herrian Euskarazek datorren larunbaterako manifestazioa deitu du Iruñean, “Mugarik Gabeko Euskara. Ofizialtasuna!” lemarekin. Mugak besterik ez baititugu. Gure berezko hizkuntza euskarak muga amaiezinak ditu berreskuratzeko, etorkizuna ziurtatua izango duen hizkuntza normalizatua izateko. Euskaldunok egunero pairatzen ditugu bigarren mailako hiztun izatearen mugak. Gure hizkuntza-eskubideak bigarren mailakoak dira, erdal hiztunen hizkuntza-eskubideekiko subalternitatean. Izan ere, euskaraz bizi nahia hitzez eta ekintzez mila modutara adierazi dugun arren, euskaldunok egunero-egunero entzuten ditugu “En español, por favor” edo “En français, s’il vous plaît” esaldiak, arbitroak txartel gorria aterako digunaren mehatxupean.

Hiztun-komunitate gisa ere desegituratu egin gaituzte. Euskaraz sortu eta birsortu daitekeen komunitate osoa izan ordez, hiztun-irletan sakabanatuta aurkitzen gara. Hatsa hartu eta biziraun ahal izateko arnas-guneen bila irla batetik bestera. Baita herri gisa ere, Euskal Herri gisa, euskaraz normaltasunez bizitzea debekatzen zaigu. Ezin dugu euskararen hiztun-komunitatea egituratu eta ezin dugu erabaki zein nolako hizkuntza-antolaketa izan nahi dugun.

Baina bizi dugun negu amaiezin honetan bezala, ekaitzak bata bestearen atzetik datoz. Kasu honetan euskara eta euskaldunon aurkako ekaitz amaiezinak. Frantziar eta Espainiar estatuetako botereak ez daude prest euskaldunok Euskal Herri euskalduna eraiki dezagun uztera. Frantziar estatuak, frantximankeria errepublikar tradizio onenean, argi adierazi berri du: Frantziako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa izango da. Euskara folklore eta lagunarteko hizkuntza da, eta horrela izaten jarraituko du. Espainiar estatuak, bide beretik, nahiko dela erabaki du. Azken 40 urteetan “hizkuntz erregionalekin” izan duen “eskuzabaltasuna” eskuetatik doakiola ondorioztatzen hasia da. Horregatik, orain katalan hizkuntz eta herriarekin egiten ari den bezala, lehenago ala beranduago 155 artikulua euskararekin ere deklinatuko du.

Errealitatea hori izanda ere, XXII. mendea jaiotzen ikusiko duten ehunka gutxiren arteko hizkuntzetako bat euskara izan dadin erabaki irmoa hartu dugu euskaltzaleok. Jakitun gara ez dela nolanahiko erabakia. Baina azken hamarkadetan aurreratzea lortutakoa ez dugu alferrik galtzen utziko. Irabazpidean jarri eta abiatutako bidea bururaino eramateko konpromisoa dugu. Geldiezina zirudien euskararen atzerazko joera gelditzea lortu dugu. Eta horrek euskaltzaleak animoz berrindartu behar gaitu. Ez da makala lortutakoa, baina ez da nahikoa. Jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa emateko beharra dugu eta horretarako baldintzak daude. Hori lortzeko ezinbestekoak izango dira euskaltzaleon grina eta ekimena. Euskaldunoi ezartzen zaizkigun mugak gainditzeko unea dugu. Ipar dugun Euskal Herri euskalduna irabazteko unea dugu.

Baina, euskaraz izango gara ala ez gara izango. Euskarak egiten gaitu euskaldun. Euskarak egiten gaitu herri. Euskararik gabe ez dago euskararen herririk, ez dago Euskal Herririk. Horregatik ozen diogu: Euskal Herria euskaratik eta euskaraz eraiki beharra dago. Euskal Herriaren alde daudela dioten eragile politiko, sozial eta ekonomikei exigitzen diegu euskara euren jardueren erdigunean kokatzea.

Baina hau guztia bere osotasunean garatu ahal izateko ezinbesteko faktore bat dago: burujabetza. Burujabetza zein nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun erabaki eta indarrean jarri ahal izateko. Burujabetza inolako mugarik gabe euskaraz bizi ahal izateko. Burujabetza Euskal Herriaren berreuskalduntzea azkartu eta bururaino eraman ahal izateko. Burujabetza kolektiboa herri gisa eta burujabetza indibiduala euskaldun aktibo gisa.

Zoritxarrez, historiak zein azken garaian erakutsitako jarrerek argi adierazten digute estatuak ez daudela prest hala edo hola euskal herritarroi hizkuntzaren gaineko burujabetza osoa emateko. Horri aurre egiteko euskaltzaleok ez dugu beste irtenbiderik: ahalduntzea eta desobedientzia. Desobedientzia ariketa erraldoia egiteko unea dugu. Hasteko, euskaraz bizitzea da euskaldunok egin dezakegun lehen desobedientzia-ekintza.

Horrekin batera euskararen borroka herriz herri eta auzoz auzo biderkatzea ezinbestekoa da. Bai, borroka. Euskararen borroka. XXI. mendean euskarak bizirik badirau urteetan egindako borrokari esker izan da. Euskal Herriaren berreuskalduntze osora iristeko euskaltzaleok jarraitu beharko dugun borroka.

Norabide horretan eragiteko, euskaltzaleei aktibatu eta manifestaziora joateko deia luzatzen dizuegu. Guztion mobilizazioarekin lortuko dugu Euskal Herriaren berreuskalduntzean jauzi egitea! Martxoaren 24an denok Iruñera!

Etorkizuna euskarari.
Euskaraz bizi ahal izatea euskaldunok.
Euskaraz normaltasunez biziko den eta osoki egituratutako hiztun-komunitatea.
Euskal Herri euskaldun burujabea.

Mugarik gabeko euskara. Ofizialtasuna


Manifestazioaren harira eginiko bideoak HEMEN IKUSGAI

Mugarik gabeko euskara

Euskal Herrian Euskaraz (EHE), herri mugimenduko eragile euskaltzalea gara #MugarikGabekoEuskara