Autogobernu faltsuen defentsatik at, Euskal Herriak askatasuna!

Autogobernu faltsuen defentsatik at, Euskal Herriak askatasuna! –

Espainiar estatu inperialistaren auzitegi konstituzionalak Nafar Foru Erkidegoko sasi-legebiltzarraren  erabaki batzuk bertan behera utzi dituela-eta hainbat eragilek manifestazio bat antolatu dute “Nafarroaren autogobernuaren defentsan” martxoaren 18an Iruñean. Hedatu duten irakurketan “bultzada zentralizatzailea” gaitzetsi eta “politikaren judizializazioa demokrazia eteten ari dela” aipatu dute besteak beste,

Zertaz ari dira ordea? Zer elikatzen du irakurketa horrek?

Espainiar estatuak planteaturik du menpean dituen herrien asimilazioan sakontzea. Horren baitan argiki frogatzen ari da autonomiekiko bere erabateko boterea. Areago, espainiar estatuak mehatxu gisa erabiltzen du orain arte delegatuak dituen kudeaketa esparru batzuen zuzeneko kontrola hartzeko aukera. Helburu horrekin dihardute Ciudadanos alderdi ultraespainolista bultzatzen.

Baina zinezko afera ez datza menpeko autonomiaren nolakotasunean. Zinezko afera burujabetzarena da.

Egoera honek berez nabarmendu egin beharko luke iruzur autonomikoa. Eta baita espainiar estatu zapaltzailearekin haustearen premia. Baina alderantziz, soberanista eta independentista gisa aurkezten diren indar nagusiak “arrisku zentralizatzailea”-ren izenean, marko autonomikoan eta autonomismoan kokatzen ari dira “autogobernuaren” defentsa. Hau da, espainiar okupaziopeko egungo statu quo-a ari dira “autogobernu” eta “demokrazia” gisa saltzen, era horretan zapalkuntza estrukturala normalizatzen eta estatu okupatzailearen posizio estrategikoa indartuz.

Autogobernu faltsuen defentsatik at, Euskal Herriak askatasuna!Hori dela eta Euskal Herriak Askatasuna plataformatik manifestazio horri atxikimendua ukatzeaz gain, salatu egiten dugu aipaturiko kokapen autonomista eta desitxuratzailea. Langile eta sektore herrikoien aurkako murrizketa sozialei dagokionez, zapalkuntza nazionala eta soziala loturik daudela gogoratu eta askapen borrokak integrala izan behar duela berresten dugu.

Ohar hau baliatzen dugu ere euskarak pairatzen dituen muga eta inposaketak gainditzearen alde martxoaren 24rako Iruñean bertan deiturik dagoen nazio manifestaldiari gure sostengua agertzeko. Gure hizkuntzaren eta nortasunaren alde, gure askapen nazional eta sozialaren alde, hauts ditzagun inposaketa inperialistaren kateak!

Euskal Herriak Askatasuna plataforma

2018ko martxoaren 14an

Autogobernu faltsuen defentsatik at, Euskal Herriak askatasuna!