Ez da pertzepzio bat
Ez da pertzepzio bat –
Orain hilabete Juan Ignacio Pérez Iglesias EHUko Fisiologiako katedradunak Zientzia Kaieran idatzitako sarrera.
Pew Research Center-ek [1] orain gutxi argitaraturiko azterlan baten ondorioen arabera, zientziarekin, teknologiarekin, ingeniaritzarekin edo matematikarekin lotutako ogibideak (STEM akronimoaren barruan bilduak) dituzten emakumeen lantokia euren lankide gizonena ez bezalako ingurune bat izan ohi da, batzuetan deserosoagoa. Maizago jasaten dute sexu diskriminazioa eta jazarpena [2], eta uste dute emakume izatea abantaila baino gehiago desabantaila dela euren karreran arrakasta izateko.
Arlo horietan lan egiten duten emakume guztien artean, okerrago tratatuak izan direla adierazteko probabilitatea handiagoa da hiru emakume taldetan: lankide gehienak gizonak diren inguruneetan lan egiten dutenak, batetik; ordenagailuekin lotutako lanak egiten dituztenak, bestetik; eta graduondoko ikasketak dituztenak, bestetik.
Azterlanak, gainera, azaltzen du gizonak eta emakumeak nola dauden banatuta STEM kategorian sailkatutako 74 lanbideetan: emakumeen aldeko desoreka dago osasunaren arloan (% 75 emakumeak), eta gizonen aldekoa fisikan (% 39 emakumeak), informatikan eta ordenagailuetan (% 25) eta ingeniaritzan (% 14). Nolabaiteko oreka dago matematikan (% 47) eta bizitzaren zientzietan (% 48); oro har, lanpostuen % 50 betetzen dituzte emakumeek. Datu hauek eta aurrekoak Estatu Batuetakoak dira, baina ondorio nagusiak baliozkoak izan daitezke mendebaldeko herrialde guztietarako.
Soilik ikerketaren eta akademiaren munduari erreparatuz gero, emakume ikertzaileak mendebaldeko herrialde guztietako (Mendebaldeko Europa eta Ipar Amerika) ikertzaile guztien % 32 dira; Espainian, dena dela, % 39ra iristen dira. Gure ingurunean, graduondoko ikasketetako emakumeen eta doktoregoa bukatzen dutenen ehunekoa gizonena baino zertxobait handiagoa da, eta, kasu batzuetan, UPV/EHUn gertatzen den bezala, STEM diziplinetan emakume gehiago sartzen dira doktoregora (% 58) gizonak baino (% 42). Alabaina, zenbait ikerlanek erakutsi duten moduan, mailaz maila gora egiten den heinean eta, batik bat, ardura, autoritate eta errekonozimendu handieneko mailetan, emakumeen proportzioek behea jotzen dute % 10 eta % 25 artera iritsi arte, instantziaren eta sektorearen arabera. CSICek, MICINNek eta Europako Batzordeak (She Figures 2015) horren inguruan egindako txostenetan informazio ugari eta zehatza ematen da.
Txosten horietan adierazten diren joerak ulertzeko, ikusi besterik ez dago zenbat emakumeri ematen zaizkien sari gorenak euren diziplinetan, eta, bereziki, zenbat emakumeri eman zaien Nobel saria. Sortu zirenetik, Nobel sarien % 3 baino ez zaizkie eman emakumeei. Ehuneko txiki hori arrazoitzeko, esan ohi da sariok sortu zirenetik emakume oso gutxi aritu direla zientzia ikerketaren arloan. Zalantzarik gabe, jarduera bat egiten duten biztanle segmentu batean zenbat eta kide gutxiago izan kolektibo batekoak, orduan eta kide gutxiago iritsiko dira maila gorenetara. Baina, azken hamarkadari begiratuz gero, emakumeei sarien % 6,5 eman zaizkie. Egia da saritzen diren merituak hainbat hamarkada lehenagokoak izan daitezkeela, baina benetan zalantzagarria da XX. mendearen azken laurdenean zientziaren maila gorenean aritu ziren guztien % 6,5 soilik izatea emakumeak. Eta horrela izan balitz, desoreka hori, neurri handi batean, beste desoreka batzuen ondorio izango litzateke: gizonek eta emakumeek zientzia karrera bat maila gorenean egiteko bide ematen duten baliabide eta posizioak eskuratzeko dituzten aukera desberdinen ondorio, hain zuzen [3].
Emakumeek karrera zientifiko eta profesionaletako maila goreneko posizioetan egoteko dituzten mugak bidegabeak dira izatez, eta, gainera, bi ondorio kaltegarri dituzte. Alde batetik, gaitasun handieneko emakumeek guztien ongiari egin diezaioketen ekarpenaz gabetzen dute zientzia sistema eta oro har gizartea. Bestetik, estereotipoak are gehiago elikatzen dituzte, lanbide zientifiko eta teknologikoak emakumeentzat desegokiak balira bezala erakusten baitituzte, eta estereotipo horiek ondorio are kaltegarriagoak izan ditzakete (bukatzen ez den soka).
Euskal Herriko Unibertsitateak konpromisoa du gizon eta emakumeek eskubide eta aukera berberak izango dituzten gizarte bat lortzeko. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak ere konpromiso horixe bera du, eta helburutzat hartu du, betiere bere ahalbide apalen barruan, egoera hori aldatzen laguntzea. Horregatik, 2014ko maiatzaren 8az geroztik Mujeres con ciencia argitaratzen du.
Gaur, baina, otsailaren 11 honetan, ez dugu ahaztu nahi izan Nazio Batuek sustatzen duten Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna. Helburu horrekin, “Ez da pertzepzio bat” egin dugu, testu honekin batera doan bideoa, zeinaren bidez salaketa egin nahi baitugu eta esku hartzeko eta batik bat lan egiteko deia zabaldu nahi baitugu. Hori dela eta, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarentzat, zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna izango da bai bihar, bai etzi, bai hurrengo egunetan.
“Ez da pertzepzio bat“ ekoizpena Jose A. Pérez Ledok zuzendu du. Euskal Herriko Unibertsitatean grabatu da bertako bost zientzialari eta ikertzaileren parte-hartzeari esker:
- Itziar Alkorta, biokimikaria.
- Arantza Aranburu, geologoa.
- Gotzone Barandika, kimikaria.
- Txelo Ruiz, informatika-ingeniaria.
- Ana Zubiaga, genetikaria.
.