Sareko ilusionistak eta bilatzaileen magia zuria
Sareko ilusionistak eta bilatzaileen magia zuria –
Oso gustura ikusi nuen “The Illusionist” pelikula, 2006an Neil Burgerrek zuzendua; filma “Eisenheim the Illusionist” eleberrian oinarritzen da, Steven Milhauserrek idatzia. Istorioan, Eisenheimek aurretik inoiz ikusi gabeko maila batera eramaten du ilusionismoa Vienako antzokietan, eta Milhauserrek antzekoa egiten du narratibarekin. Ez gara ikusten ari uste duguna, ez da gertatzen ari pentsatzen ari garena. XIX. mendeko oholtza austriarretatik XXI. mendeko gure pantailetara egin du jauzi ilusionismoak; eta nola, gainera.
Mila milioi pertsona baino gehiagok erabiltzen ditugu egunero Google eta Facebook. Pentsatu ohi dugu erraldoi hauetan bilaketa bat egin eta muturraren aurrean agertzen zaiguna algoritmo hotz batek jarri digula, hala tokatu delako, ordenagailu batek guri ulertezinak egiten zaizkigun faktore batzuk aintzat hartu eta eduki hori hautatzea erabaki duelako. Besterik gabe, objektiboki, robotikoki, automatikoki. Baina algoritmoen atzean pertsonak daude, eta pertsonak ez gara objektiboak.
Alphabet izeneko sozietateak kontrolatzen du Google, eta bertako goi kargua izan da duela gutxi arte Eric Schmidt. Pierre Rimbert kazetariak azpimarratu berri du Le Monde Diplomatiquen iaz ospatu zen segurtasunaren inguruko konbentzioa batean, erabiltzaile baten galderari erantzunez, honakoa esan zuela Schmidtek: “Lanean gabiltza horrelako webak detektatu eta desposizionatzeko, RT eta Sputniken ari naiz pentsatzen. Oso kontziente gara egiten dutenaz, eta lanean dihardugu hori oztopatzeko”. Horrela aitortu zuen tipoak, lasai asko, munduan gehien erabiltzen den bilatzaileak emaitzak nahi dituen modura antolatzen dituela, interes batzuen alde, eta ondorioz, beste batzuen kontra. Schmidt AEBtako Defentsa Departamentuaren aholkularia da.
Pasa den urtean ziurtatu zuen Ben Gomesek, Googleko ingeniaria saileko lehendakariordeak, Googleko bilatzailearen motoreak “albiste faltsuen” ordez “iturri fidagarrietako garrantzizko informazioa” jarriko zigula; ez dakit ba, esaterako FOX, CNN edo TVE. Fidagarriak denak erabat, eskua sutan jartzeko moduan.
WSWS atariak emaitza batzuk aurkeztu zituen iaz, posizionamendua ikertzen duen elkarte batekin batera. Mahai gainean jarri zituzten datuen arabera, asko jaitsi dira ezkerreko zenbait webguneen bisitak: Googletik datozen bisitetan %45eko da jaitsieraren batezbestekoa. WSWS webgunean zehazki %65ekoa izan da apalaldia Googletik datozen erabiltzaileei dagokienez, Alterneten %63, Democracy Now-en %36…
Xoxo urdin bat banueeen, kaiolan sartuaaaa….
Twitter ere ez dago egoera honetatik salbu, noski. Gazteleraz izan dugu aferaren berri, #TwitterNosDaElCambiazo (“Twiterrek ziria sartzen digu”) traolaren bitartez. Ezkerreko pentsamoldea daukaten zenbait erabiltzailek salatu dute sare sozialetan bizi den egoera hau, tartean Igor Meltxor eta Jonathan Martinez euskal herritarrek.
Alrededor de 1.000 seguidores me han desaparecido a mi también estas últimas semanas…
— Igor Meltxor (@IgorMeltxor) February 12, 2018
Bi gauza ari dira gertatzen, gehienbat, Twiterren: batetik, erreferentzialak diren pertsona batzuk jarraitzaileak galtzen ari dira; bestetik, pertsona hauek jarraitu arren, haien txioak ez dira beti gure hormetan agertuko.
Dirudienez, jarraitzaileak “bot” izeneko kontu batzuengatik trukatzen dira. “Bot” bat izenak salatu bezala, errobota da, pertsona batek baino, algoritmo batek gidatzen duen kontua. Gehienetan izen generiko baten atzean mozorrotzen den argazkirik gabeko algoritmoa izan ohi da, jarraitzailerik ere ez duena. Bestalde, benetako erabiltzaile batek pentsa dezake txiolari erreferentzial bat jarraitzen duela, baina bat-batean ohartzen da hori ez dela horrela, berak “jarraitzeari utzi” botoia sakatu gabe. Honen atzean dagoen amarruak ere badu izena: “shadow banning”. Tresna honen bitartez administratzaileak erabiltzaile “gatazkatsuak” desagerrarazten ditu, ikusgarritasuna jaitsi; horrela ez dauka zertan erabiltzaile bati kontua itxi (horrek sor dezakeen anabasarekin), eta elementu “gatazkatsua” ia bakarrizketan uzten da (erabiltzailea ez baita ohartzen hegoak moztu dizkiotenik). Itzaletik eragin magia zuria egiteko.
“Ilusionista”, singularrean, filma da; “Ilusionistak”, pluralean, telesaila. Seriean honakoa dio protagonistetako batek: “Hurbildu. Gehiago. Geroz eta gehiago ikusten duzuela pentsatuz gero, errazagoa izango da engainua. Zeren eta, zer da ba ikustea? Batek begira dezake, baina egiazki egiten duena filtratzea da, interpretatu, erantzuna bilatu. Nire lana? Egiten didazuen oparirik handiena erakartzea: zuen arreta. Eta hori bera zuen aurka erabili”.