Eurozentrismoa

Ruben Sánchez Bakaikoa, Askapenako auziperatua GAUR8-n.

Eurozentrismoa deritzan giza-gaitzaren lehen arazoa da gaitza bera ez onartzea, beste ‘ismo’ askorekin gertatzen den antzera: faxismoa, arrazismoa, matxismoa. Inor gutxik aitortzen dio bere buruari faxista, matxista ala arrazista izatea (badakizue, hitz-joko bihurri horiek: ni ez naiz arrazista, baina ijitoak-beltzak-txinatarrak-marokiarrak-sudakak-errumaniarrak…).

Baina zenbat eta gorago eurozentrikoa, orduan eta gehiago ipurdi-bistan.

Eurozentrikoak kritika zorrotza egingo dio latinomaerikako zenbait lehendakarien populismoari, islama nagusi den herrialdetan gehiezgizko islamari, Afrikako lehendakarien ustelkeriari, USAko gehiegizko nagusikeriari, Errusiako mafiari…Eurozentrikoa kexatzen da Kilimanjaro igotzeko zerga berezi bat ordaindu behar duelako, islamistek turismoa mehatxatzen dutelako, Paris-Dakar ezin delako Paristik Dakarrera egin edo Kuban jineterak daudelako.

Eurozentrikoak uste du Europara datozen etorkinei laguntza gehiegi ematen zaiela, langabetu asko alper hutsak direla, 3 kotxe eta 3 etxe edukitzea ez dagoela gaizki.

Arazoa al da Europa gehienean ezkerra desagertu izana eta sozialdemokraziaren proiektua bera ere bertan behera utzi izana eta aukerak eskuina ala ultraeskuina izatea? Arazoa al da auzoa, komunitatea, elkartasuna, enpatia… beheraka doazen baloreak eta printzipioak izatea?

Okerrena da eurozentrismoak munduko beste edozein txokoren arazoak lehenago jartzen dizkigula begietan gure zilborrekoak baino.

Ez al da izango Europaren tripazarrak ez digula gure zilborra ikusten uzten?

info +: www.askapena.org