Hitza leizezulo (Gorka Arreseren editore lanaz)
Hitza leizezulo (Gorka Arreseren editore lanaz) –
Markos Zapiainek, Susako editore izateari utzi berri dion Gorka Arresez idatzi du.
“Pentsatu behar da gizakiek erabili zituzten lehen hitzek beren izpirituan esanahi askoz ere zabalagoa izango zutela hizkuntza erabat osatuetan izan ohi dutena baino, eta, mintzaldia osatzen duten zatiak ezagutu gabe, hasieran hitz bakoitzari esaldi oso baten esanahia emango ziotela”. (Jean-Jacques Rousseau, Gizakien arteko desberdintasunaren jatorri eta oinarriei buruzko mintzaldia, Juan Kruz Igerabideren itzulpena)
Editoreak liburua hobetzeko proposamenak egiten dizkio idazleari, idazleak editoreari bidalitakoa baino hobea izan dadin argitaratuko den liburua. Gorka Arresek nobela, ipuina, kronika, rapsodia, poesia eta saiakera editatu ditu azkeneko hiru hamarraldietan, beti euskaraz eta beti helduentzat.
Katua panpina elektrikora edo gauzaki ezezagunera bezain erne eta fidagaitz hurbiltzen zaio Gorka liburuari: urrutitik ukitu, usaindu, begirunezko mesfidantzaz zaindu, atzaparra prest badaezpada ere, ustekabean lehertu ahal balitz bezala. Inoiz ez dio utzi liburu bakoitzean zerbait arraro eta baliotsu sumatzeari. Horrela, liburua gero eta senidetasun handiagoz hartu, etxekotu, bereganatu eta, azkenik, idazleari hobekuntzak proposatuko dizkio. Zenbait astez lagunduko ditu liburua eta autorea, esaldi bakoitza borrokatu, autoreak ereindakoa ureztatu, kritikatu, inausi, eman, kendu, txertatu.
Saiakeretako hizkuntzarekin duen harremanetan primitibo bat da Gorka, Rousseauren aipuaren zentzuan: gizakiek erabili zituzten lehenbiziko hitzek askoz ere esanahi zabalagoa omen zuten orain dutena baino, sasoi hartako hitz bat gaur egungo esaldi oso baten pare zen gutxienez. Saiakeretako hitzak horrela hartzen baditu, ez dut pentsatu nahi nola jokatuko duen poemetakoekin: ez esaldi oso bat bakarrik, baizik etxe bana, Ali Babaren leizezulo bana izango zaizkio ziurrenik editore cro-magnonari. Edozein hitzetatik tiratu eta ekosistema osoak desestaltzen dizkizu. Rousseau zaharra euskalduna izatera, Susara joko luke bere saiakerak argitaratzera, baina auskalo hain ondo lo egiten dakien Gorkak ideia bitxi hau onartuko liokeen: “animaliek, gutxi pentsatzen dutenez, lo egiten dute pentsatzen ari ez diren denbora guztian”. Asko pentsatu behar izaten baitu editoreak. Buelta pare bat emateko aginduko lioke apika Rousseauri, eta burutazioa zehazkiago adierazteko.
Gorkaren ibilbide luzean, ekimen bat nabarmentzen da ausardiagatik eta anbizioagatik, bilduma bat: XX. Mendeko Poesia Kaierak. Koldo Izagirreren sarrerak dira ez soilik euskal poesiari buruzko gogoetaren gailurra, baita euskal literatur kritikarena ere. Egundo ez dugu jakingo noraino sartu zuen hor eskua Gorkak, beharbada kakotx bakar bat ere ez zuen ukituko; edozelan ere, horrelako zerbait atera ostean, edozein editore normal jubilatu eta hilko litzateke lasai.
Editore onak izaten du jasotako liburu bakoitzaren aiurriari artez antzemateko dohaina, liburu guztiak baitira desberdinak, eta era berean, ondorioz, liburua hobetzeko bideak. Liburuak hobetzeko orduan Gorkak ez darabil beti akuilu bera, ez ditu parekatzen eta homogeneizatzen, inertziatik libre da. Niri liburu bi argitaratu dizkit, Txillardegi eta ziminoa eta Saizarbitoria eta iragana. Lehenbizikoa hobetzeko jokatu zuen mihisearen gainean pintura eransten duen margolariak bezala, per via di porre, zenbait pasarte eta atal emendatzeko agindu baitzidan: “Max, mon amour iruzkindu, lotu eta txertatu”, “ez ahaztu Philip K. Dick-en Androideek ardi elektrikoekin egiten ote dute amets?”, eta abar; Saizarbitoriari buruzkoan, aldiz, ez margolari baizik eskultore jardun zuen, per via di levare, marmol-bloketik zatiak kenduz sortzen baitu estatua: agindu zidan ez deus eransteko eta bai zenbait paragrafo kentzeko: umore merkea hemen, topiko zoldazua han…
Eskarmentua eta kuraia behar da zenbait idazleri aldaketak proposatzeko, bakana baita, edozein literaturatan, neurotiko obsesioa ez den idazlea. Gurean agian Jose Ramon Etxebarria baino ez. Idazleak bere sorkariarekin duen harremana zaila izaten da, gutxiespen sentimendua da nagusi, eta, desatsegina izan daitekeenez nork bere burua zigortzea, editoreari zuzentzen zaizkio batzuetan jipoiak, agerikoak zein besteak. Ez da arraroa editoreari leporatzea literaturatik ezin bizitzea, gizartetik ez jasotzea merezi omen duen onarpena, ospea, dirua. “Ez du nigan sinesten, zergatik ez du Susaren logistika erabili nire liburuaren propaganda egin eta Euskadi Sarietara katapultaltzeko?”.
Okerrago, editoreak atzera bota behar izaten ditu jasotzen dituen liburu gehienak. Mina bihotzetan, nork ez du “Susa mafia bat da” esamesa entzun?
Bien bitartean, Gorka hodei beltz horiek gorantz zeharkatu eta lanean dihardu eguzkitik hurbil, eguzki izpiak erabiliko balitu bezala liburua irakurri, ulertu eta argitzeko. Tentsioak gorabehera, gaitasun itzela du liburuan buru-belarri murgiltzeko. Horrela, zuk eman diozun ernamuina zurea baino indartsuagoa den adimen batek, zuk baino liburu gehiago irakurri dituen lagun batek, zurea baino goragokoa eta zabalagoa den bizileku batera igotzen du. Han goian aztertzen du esaldi eta hitz bakoitza, kokaera, zentzua eta musika, eta horregatik da goi mailako aldaketak proposatzeko gai.
Lanaz aparte, ezagutzen dudan neurri mugatuan, edertasun fisikoaz gain, txinparta alaia du berezitasun, ustekabeko zirtoa, ateraldi gogoangarriak, edonori baldintzarik gabe eskuzabalki kutsatzen dion bizipoza.
Behin editore lanak utzirik, argazkilari izango ote da Gorka aurrerantzean? Txillardegi eta ziminoa libururako egin zidan argazkia da nire emaztearen ustez inoiz atera didaten onena, bereziki guapo ez nagoen arren. Judua ematen omen dut, Amy Winehouse eta Bob Dylanen lehengusu eta aldi berean dizipulu. Sekula ez diat merezi legez eskertuko, konpai!
.