Artzeren sakontasuna eta grabitaterik eza

Artzeren sakontasuna eta grabitaterik eza –

Amatiñok akorduan du Artze anaiak estreinakoz txalaparta jotzen ikusi zituenekoa.

Hogei urte besterik ez nituen nik Artze anaiak (Jesus Mari eta Joxeanton* Artze), estreinako, txalaparta jotzen ikusi nituenean. Hogei urte eta informazio askorik ez, 1960eko hamarkada ez baitzen garairik onena izan huntaz eta hartaz jakiteko. Bai, ordea, niretzat behintzat, ikasi beharraren beharrez, garairik magikoena eta, Joxan Artze, magorik adierazgarrienetakoa.

Artzeren sakontasuna eta grabitaterik eza
Joxan Artze, 1960 inguruan.

Txalaparta berreskuratu, “Txoria txori” olerkia burutu eta “Isturitzetik Tolosan barru” bilduma argitaratu, besterik egin izan ez balu ere, Joxan Artzek ondo merezia izango luke leku berezi bat euskal letren sorreran eta zabalkundean.

Txalaparta unibertsala da gaur egun, Madonna eta Kalakan taldearen eskutik; “Txoria txori” –Xabier Leteren “Adiskide bat zen” abestiarekin batera–  herri-ereserkirik zabalduenetakoa, eta “IsturitzetikTolosan barru”, Koldo Izagirrek esan bezala, “estreinakoz, liburua objektu artistiko bezala” agertarazi zigun “alor anitzeko lanketa”. Ez dago behar beste hitz liburua zertan den azaltzeko; baina, aldi berean, eskuan hartu eta orriz orri ireki baino ez dago, orain berrogeita hamar urte Artzek burutu zuen mirariaz jabetzeko eta… txunditzeko!

Horrez gainera, ez naiz ni, inondik ere, poesiaz hitzegiteko aproposena, baina beti pentsatu izan dut –nire ezjakintasunean iritzi izan zait—, Artzeren “Arrano beltza” dela euskal poesia politikorik politenetakoa, irudikorrenetakoa. Navas-de-Tolasako nafar abenturaren salaketa bitxia, bitxirik bada.

Baina, laino guztien azpitik… eta sasi guztien gainetik, benetan miragarria zena, Artzeri berari poesia deklamatzen zuzenean entzun eta behatu ahal izatea. Oraindik ere, bere zenbait olerki irakurtzen, gaztaroko Joxanen aldi bereko sakontasuna eta grabitaterik eza datozkit gogora. Une magiko eta ahaztu ezinezko horietakoa.

Artzeren sakontasuna eta grabitaterik eza
Joxan Artze, 1969.

 

Artzeren sakontasuna eta grabitaterik eza
Artza anaiak (Jesus Mari eta Joseanton Artze), Eibarko Astelena frontoian, 1973an.
* Jendaurreko artistari Joxean edo Joxan zeritzan. Baina, Usurbilen behintzat, Joxeanton nonbait, elizkizunetan apaizak behin eta berriz adierazi zuenez.
Artzeren sakontasuna eta grabitaterik eza

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.