Urteko azken zinema estreinaldiak!

Estreinaldiak: Abenduak 29

Egilea: Maialen Goñi

.

The Disaster Artist

James Francok zuzendu eta antzeztu du Greg Sestero eta Tom Bissellen lanean oinarritutako obra berezia. Historiako film kaskarrenetakoa den Tommy Wiseauren The Room (2003) lanaren ekoizpena du aztergai, eta Donostia Zinemaldian film onenaren Urrezko Maskorra irabazi zuen. Horrez gain, film onenaren eta gizonezko aktore onenaren (Franco) kategorietan Urrezko Globoa eskuratzeko hautagaia ere izango da urte hasieran.

.

The Greatest Showman (El gran showman)

Jenny Bicks gidoilari eta ekoizlearen istorio batean oinarritutako musikala gidatu du, aldiz, Michael Graceyk, Urrezko Globoa eskuratzeko hiru kategoriatan hautagaia dena, hau ere. Aktore taldean Huch Jackman, Michelle Williams, Zac Efron eta Zendaya bezalako izarrak. XIX. mendean, 1810etik 1891ra, bizi izan zen Phineas Taylor Barnum zirku-munduko enpresariaren bizitzari buruzko filma da, “lurreko ikuskizun handiena” bezala ezaguna zen Ringling Bros. And Barnum & Bailey Circus zirkoa sortu baitzuen.

.

Grüße Aus Fukushima (Recuerdos desde Fukushima)

Fukushima ingurua bisitatzen ari dela, Marie gazteak Satomi agurea ezagutuko du. Bere bizitza aldatzeko asmoz joan da Marie bertara, Clowns4Help erakundearen bidez, hondamendi nuklearretik bizirik irten ziren herritarrei itxaropen apur bat ematera. Baina berehala ohartuko da ez dela horretarako gai, eta etxera itzuli beharrean, Fukushimako azken geisha izan zen Satomi zakarrarekin geratzea erabakiko du. Aldeak gainditu, eta erruduntasuna eta iraganeko oroitzapenen karga alboratu beharko dituzte aurrera egin ahal izateko. Doris Dörriek idatzi eta zuzendu zuen 2016an estreinatutako film alemaniarra.

.

Un sac de billes (Una bolsa de canicas)

II. Mundu Gerran girotutako drama frantziarra da, ostera, Christian Duguay zinegilearen berriena. Bi anaia judutarrek Frantziara ihes egingo dute alemaniarren okupazioaren ostean, eta borrokatik zein kontzentrazio-esparruetatik kanpo bizi zen giroa erakutsiko du lanak. Duguayk berak aktore gisa ere egin du lan Dorian Le Clech eta Batyste Fleurial gazteekin, besteak beste.

.

Final Portrait (El arte de la amistad)

Laguntasunari buruzko film biografikoak Alberto Giacometti margolari eta eskulturgile suitzarraren historia kontatuko du. 1964an, Giacomettik James Lord arte kritikari eta idazle estatubatuarra gonbidatu zuen erretratu bat egiteko. Egun gutxi batzuetako lana zirudiena, ordea, aste luzez luzatu zen margolariaren kontzentrazio faltagatik, eta Lordek itzulerako hegaldia hainbat aldiz atzeratu behar izan zuen. Geoffrey Rush eta Armie Hammerrek antzeztu dituzte bi pertsonaia nagusiak Stanley Tucciren gidaritzapean, eta filma Berlinale eta Sundance jaialdietan aurkeztu zuten.

.

Asteko estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atarian!

Euskal pantailaren gunea