Groenlandia, kraskatzen den lurra
Kulusuk-eko portu txikian, lau inuit –hiru gizonezko eta emakume bat- erretzen eta zerbezak edaten ari dira, kartoien gainean eserita. Ez dute hitzik egiten. Dozena bat lata huts pilatu dituzte lurrean. Lata bakoitzak bi euro balio ditu supermerkatuan, tabako paketeak hamar. Dena garestia da hemen. Dena urrutitik ekartzen dutelako eta urtean behin: uztailean, itsasoa urtu eta Danimarkatik merkantziak dakartzan ontziak honaino etortzeko aukera duen sasoi bakarrean. Baina Kopenhageko Gobernuak diru-laguntzak ematen dizkie langabetuei, eta alkoholikoei ez zaie dirurik falta. Eta denbora sobra dute.
Goiz erdian izotza tantaka hasten da. Putzuak sortzen dira, errekastoak, maldan behera porturantz abiatu eta ozeano zuri gogorraren kontra jotzen duten ur-jauziak. Ozeanoa ere izerditan hasi da.
Maiatza baita.
Eguzkiak hogei ordu dirau zeruan. Tenperatura zerotik gora dabil ia egun osoan eta itsasoa kraskatzen, pitzatzen, urtzen hasi da. Aurreko negua bereziki gogorra izan zen Kulusuken. Lau metroko elurrak estali zuen herria eta orain, pixkanaka, kolore bizietako etxe txikiak izozpetik agertzen hasi dira. Egunetik egunera aldatzen doa herriaren itxura, azaleratu egiten dira umeek etxe atarietan aspaldi ahaztutako lerak, bizikletak, plastikozko kamioitxoak; bidoiak, kutxak, poltsak; ehiztariek zakurrei ematen dizkieten foka puska gogortuak. Bistan dira gantz masa horiak, odol arrasto petrifikatuak, gasolio putzuak, milaka zigarrokin. Eta bukatu gabeko zerraldo baten ohol hautsiak.
Aurten ez dute inor faltan sumatu.
Irailetik fotosintesirik egin ez duten likenez eta belar arreez gain, maiatzean bestelako espezie bat ere azaleratzen da izotz artetik, ekosistema artikoa arrakastaz kolonizatu duena: aluminiozko lata. Tuborg eta Carlsberg zerbeza daniarren lata berde eta distiratsuak milaka agertzen dira Kulusuken. Aluminioaren uzta garaia da: gazteak batetik bestera dabiltza latak poltsa handitan biltzen eta egurrezko leratan garraiatzen. Udalak bost koroa daniar ordaintzen dizkie kiloko (0,6 euro). Handitan zer izan nahi duten galdetzen zaienean, nerabeek hauxe erantzuten dute: aberastu eta Danimarkara alde egin.
Gazte hauen birraitonek uste zuten munduan bakarrik zeudela. Groenlandiako ekialdeko kostalde hau bankisa iraunkor batek ixten du ia urte osoan, eta duela ehun urteko biztanle ehiztari eta arrantzaleak talde txikitan bizi ziren, isolaturik, mendebaldeko kostan zeuden lehengusu inuitei buruz ere tutik jakin gabe. Mendebaldeko kosta hartan bi mende zeramatzaten kolono daniarrek, baina 1884 arte ez ziren irlaren ekialdean menturatu. Orduan aurkitu zituzten iviak, ekialdeko inuitak. Esploratzaileen ondoren iritsi ziren misiolariak, merkatariak, radar estazio itzela eraiki zuten bi mila soldadu estatubatuarrak, Danimarkako ogia, etxe prefabrikatuak, Suediako altzariak, telebista, turistak, internet. Historiaurretik globalizaziora hiru belaunalditan egin dute salto ekialdeko inuitek.
Kaiak-ean bezain nabigatzaile finak dira egungo gazteak interneten. Atzerriko telebistak ikusten dituzte, oporretara Islandiara doaz, Danimarkan ikasten dute batzuek. Mundura atera dira. Munduaren irrikan daude. Baina asko eta asko ito egiten dira jaioterrian, izotz eternaletan eta bost hilabeteko gauetan bilduta dagoen Kulusukeko irlatxo honetan. Groenlandiak alkoholismo, bortizkeria eta sexu-abusu tasa ikaragarriak pairatzen ditu. Herrialde suizidena baino hiru aldiz suizidagoa da. Eta euren buruaz beste gehien egiten dutenak 19 eta 24 urte artekoak dira.
Zabuka doa gizon bat Kulusukeko porturantz. Aldapa behera erortzeko zorian dabil, bidetik sartu eta atera, azkenean eskuak jarri ditu izotzaren kontra eta makurtuta gelditu da. Esertzea lortu du hala nola. Baina ezin du eserita ere egon eta etzan egin da izotzetan.
Portuko lau zurruteroek isilik begiratu diote. Gero kontrako paretari so egin diote batzuek eta itsaso izoztuari besteek.
(Deia egunkariko Ortzadar gehigarrian argitaratutako testua).
Ederra artikulua. Bai jauna!
Eskerrik asko, Konatxe.
Ni ere liluratu egin nau denboraren bertigo horrek. Zorionak! Gehiagoren esperoan.
[…] 2010 (Las madres guaraníes saltan a la cancha), el Premio Essery de relatos de viajes 2010 (Groenlandia cruje) y el Premio Marca de Literatura Deportiva (2005, Plomo en los bolsillos). […]
[…] 2010 (Las madres guaraníes saltan a la cancha), el Premio Essery de relatos de viajes 2010 (Groenlandia cruje) y el Premio Marca de Literatura Deportiva (2005, Plomo en los […]