Zergatik gizonezkoei ez zaizue feminismoa interesatzen?

Beno, sartu zara albistean. Gizonezko edo emakumezko izan, pozten naiz.

Gutxi izango dira honez gero enteratu ez direnak gaur azaroak 25 genero indarkeriaren kontrako eguna dela. Generoaz, parekidetasunaz, feminismoaz hitz egiteko urteko bigarren eguna, eta azkena. Zergatik gizonezkoek ez dute / duzue generoaz, parekidetasunaz edo feminismoaz hausnartu nahi, hitz egin nahi? Zergatik sentitzen dira / zarete erasotuak? Akaso gizonek ez dute /duzue generorik?

Arrazoi bat begi-bistakoa da. Gaur egungo ereduak (matxista eta patriarkalak) gizonari hegemonia ematen dio, boterea eta prestigioa. Eta gizonak ez du hori galdu nahi, ezta?

Baina GIZONA horren etiketapean sartzen al dira/ zarete gizonezko guztiak? Akaso gaur egungo ereduak ez al zaituzte estutzen, inkomodatzen, mugatzen, aztoratzen, zikiratzen? Ez da kasualitatea diktadura frankistak armadara jo izana GIZON eredugarriaren bila, ezta? Ez dut sinetsi nahi eredu horrekin bat egiten dutenik nire inguruko gizonezkoek!

Zenbat ari zaie /zaizue kostatzen emozioak agertzea? Ze barne-borroka duzu ikasi duzuna desikasten?

Zentzu horretan, uste dut gizonezkoak emakumezkook baino urrats dezente atzerago daudela /zaudetela ahalduntze lanetan. Emakumeok, bederen, ohartu gara ezarri nahi zaizkigun eredu eta rolak ez ditugula maite, kontzientzia hartu dugu eta urratsak egiten ari gara.

Baina non daude / zaudete gizonezkoak? Kasu oso isolatu batzuetatik aparte, genero gaiak emakumeen gaitzat hartzen dira oraindik ere, eta gizonezkoek ez dute euren generoaz hausnartu ere egiten. Akaso ados eta eroso al zaude zuri ezarririko rolekin? Pentsatu, eta esango didazu.

Gizon askori kostatu egiten zaie /zaizue generoaz hitz egitea

Irudia | Gizon askori kostatu egiten zaie /zaizue generoaz hitz egitea | , | LGPL

16 pentsamendu “Zergatik gizonezkoei ez zaizue feminismoa interesatzen?”-ri buruz

  • Artikulu honekin GUZTIZ kontra nago. Baina GUZTIZ… hitz bat ere ez dut ulertzen. Gizonezkoak feminismoaren borrokan inbolukratzen ez garela? Agian portzentaje handi batek ez, ez dut hori gezurra denik esango, baina ASKO eta ASKO gara borroka horren partaide garenok… agian ez gaude barrikadetan, baina bai atzean…

    Gauza bat esan nahi dut, gizona emakumea gabe ez da ezer, ezta emakumea gizonezkoa gabe… eta bakoitzak pentsa dezala nahi duena. Esan dezagun nahi duguna baina batak bestea konplimentatzen dugu…

    Honelako artikuluak lotsagarriak iruditzen zaizkit eta feminismoaren, nahiago dut igualitarismoa esan, alde daudenentzako aurpegian kolpe bat da…

    Pentsa ezazu horretan.

  • Gari Garaialde 2010-11-25 11:10

    Ba egia esan, ni idatzian egiten diren galdera gehienekin sentitzen naiz apur bat deseroso, eta hori mezuan azaltzen diren GIZON horiek baina dexente feministagoa naizela sinesten dudala (zer nahi duzue, denok uste dugu garena baino justoagoak garela).

  • Kaixo Maite,
    Niri etzait ba iruditzen artikulu honekin gizonezko matxista eta patrialkalak feminismoaren bidera gerturatuko dituzunik.
    Gaitzerdi, behinik behin, zure inguruko gizonezko guztiak horrelakoak ez direnaren duda baduzu!
    Ados nago bai gizonezkook lan handia daukagula esaten duzunean. Zoritxarrez, guztiok nahiko genukeena baino geldoago gabiltza, baina bagabiltza.
    Hemen gizonezkoentzat helbide interesgarri bat: ccalaiz@terra.es
    Iruñean, Alaiz elkartea, maskulinitatearen gaineko (barkatu, ez dakit masculinidad hitzaren itzulpen egokia eta) ikastaro interesgarri bat burutzen hari da azken hilabetetan. Gerora ere izango dira gehiago, seguru.

  • Tristea da gizonak mezu honekin erasotuak sentitzea. Ez gaude ohituta ezta? Pozten naiz ba!
    Hala ere mezua kategorikoa dela iruditzen zait. Emakume guztiak ohartu dira jasaten duten indarkeriaz? Eta gizon bakar bat ere ez emakumeek hasitako borroka horretatik irabazteko dugunaz? Ez ditugu gizonak mobilizatuko mezu negatiboekin (errealitatea hori izan arren), asko dugu irabazteko eta hori da erakutsi behar duguna. Hemendik mezu bat gizonei gaurko mobilizazioetan parte hartzeko, baina ez gaur bakarrik, egunero baino, gure harremanetan, jarreretan, hitzetan….. etab, etab…

  • Ai ama, zein erraza dan esatea Maitek idatzitakoa mezu kategoriakoa dela, bat ere ados ez gaudela eta horrela ez dugula inor feminismora hurbilduko norberak ez dituenean egunero baztertu egiten gaituzten jarrerak eta gertaerak bizitzen…

  • Giztxarrak edo Gizatxarrak… hori gara… Emeonak eta Emakumeak daude? Emetxarrak ere akaso?
    Barraskilo jaiotzea nahiago…

  • Gaiarekin zuzen-zuzenki lotua dago egun hauetan Donostiako KM kulturunean aurki daitekeen erakusketa: Kontrabiolentziak

  • Gizona naiz, barkaidazue 2010-11-25 18:49

    Ba niri “gizonezkoei” (orokorrean) idatziriko soflama hauek oso injustoak iruditzen zaizkit:

    “Aizue, ze gaiztoak/matxistak zareten gizonezkoak, egin dezagun gogoeta hori nola konpon daitekeen”.

    Ez dut uste oso abiapuntu egokia denik gizonezko gaizto, zintzo, on, nazkagarri, maitagarri, solidario, insolidario, matxista, igualitario eta abarrekin gogoeta serio bat sustatzeko.

    Ni behintzat ez naute milimetro bat ere hurbiltzen gogoeta horretara.

  • Mezua ez zait erasokorra iruditzen, hausnarketa eta erreakzioa eragiteko borondate argia du eta horretarako interpelazioa eta apika probokazioa ere erabiltzen ditu, zilegi, egoki eta eraginkor.

    Hori argituta, Maite, bota dituzun galdera guztiak hemen erantzuten hastea gaitza litzatekenez, labur esango dut: gizon feminista naiz.

    Bai, “izaten saiatzen naiz”, “feministekin bat nator” edo bestalako esaldiak erabiltzea zuzenago litzateke baina niretzat barne-kanpo borroka hori modu horretan esplizitatzea aurrerapauso garrantzisua izan da eta ez diot indar horri uko egingo… bost axola hau edo bestea eskandalizatzen bada.

    Bestalde, nire borrroka horren alde handi bat eremu pribatua deritzogun horretan gertatzen da eta nago, horrela gertatuko dela ere hausnarketa-ekintza feministan aurreratuago gauden gizon guztion kasu gehien-gehinetan. Batzuk eman dute jauzia antolakuntzara eta plazara, baina bide hori ukatu gabe, garbi dago emozioekin hain lotua dagoen kontua izanik, gehiago garatuko dela etxeko su txikian kaleko manifestu eta pankartetan baino.

    Horrekin lotuta, zure hitzetatik batzuk bai iruditu zaizkidala zurrun samarrak: “Zentzu horretan, uste dut gizonezkoak emakumezkook baino urrats dezente atzerago daudela /zaudetela ahalduntze lanetan. Emakumeok, bederen, ohartu gara ezarri nahi zaizkigun eredu eta rolak ez ditugula maite, kontzientzia hartu dugu eta urratsak egiten ari gara.”
    Hori agerikoa izanik, ezkutatu dezake beste errealitate hau: gizon batek borroka honi lotzeko izan dezakeen oztoporik handiena aipatzen duzun kontzientzia hori hartzetik urrun dagoen emakume batekin elkarbizitzea da.
    Oztopoa ez da emakumea, baizik eta gizon horrek asimilatu behar izatea bere bikotea baino kontzientzia handiagoa duela. Egoera hau lotua dago sektore feminista batzuek gizonei esleituriko “konparsa” paperarekin… “Nola joko dut nire ondoko emakumea baino urrunago edo sakonago?”… Nik egin dut eta askapen ikaragarria bizitzen ari naiz, batez ere gure haurrekiko rolei dagokionez.

    mmm Hementxe utziko dut. Besarkada eta laster arte.

  • Begizta Morea 2010-11-25 19:19

    Badakizue zein dan benetako arazoa honen aurrean? Oraindik biolentzia matxista/faszista honen aurka borrokan egin gura duten gizonok emakume batzuek ipinitako trabekaz topatzen garala: gizonezkoak onartzen ez dituzten mogimenduak, konpartsak, elkarteak etb.

    Animo! Segi pentsatzen gizonok hamen ez dogula lekurik, ez dogula ezer egiterik… segi gu baztertzen..baina gero ez jo telebistara agertzen direzen “txuloputak-sexsymbolak” mirestera.

    Lehen eta behin kausa honen alde borrokan aritzeko munduko emakume guztiek ados jarri behar zarie, (oraindik ikusten dira elkarte feminista desberdinen arteko lehiak, ez baitdira ondo moldatzen euren artean), gero gizonei ongi etorria eman, eta azkenik borroka dezagun guztiok elkarrekin gatazka honen aurka, senidetasun sendo eta indartsua sortuz.

    Besarkada bat guztiontzat.

  • Gizonezko bat 2010-11-25 20:10

    Nik ere, aukeran, mezu positiboak nahiago. Gainera, ziur nago eraginkorragoak direla. Esate baterako, asko gustatu zait gaur goizean metroan ADN egunkarian irakurri dudan zutabe hau (gaztelaniaz):
    http://www.adn.es/blog/mariola_cubells/opinion/20101125/POS-0002-Hombres-vida.html

  • Niri ere ez zaizkit gustatzen “gizonei” bidalitako mezuak. Parekidetasunaren alde nago, ez naiz feminista (zerbait izatekotan, maskulinista) eta ez daukat feminismoaz hitz egin beharrik parekidetasuna defendatzeko.

    Nire amonarekin eztabaidatu behar izan dut niri “ez zaidalako tokatzen” sukaldean aritzea, erosketetan joatea edo harrikoa egitea. Ez zidaten gimnasia erritmikoko ikastaro batean parte hartzen utzi nesken gauza zelako. Eta gainera kontu hauekin oraindik ere barre egingo didate lagunek.

    Aspertu xamar nago feminismoaren diskurtso hedatuenarekin. Aspertu xamar, gauzak normaltzeko, “Emakumearen mahaia” bezalako anormalkeriak egiten direlako herriz herri, eta ematen duelako gainera horrelako ekimenak txalotu behar ditugula parekidetasunaren mesedetan. Nola hurbilduko gara gizonak “Emakumearen Mahaia” deituriko erakunde batera? Ez al dugu ba, horrelakoen defentsarekin, parekidetasuna emakumeen kontu bihurtu? Baiezkoan nago, eta horregatik sentitzen naiz erasotua. Imaginatzen du inork “Gizonaren mahaia” Udal baten diruz eta ekimenez antolatuta?

    Mingarria zait, injustiziak bi aldeetan eman eta ematen direlako. Biolentziaren errepresentazioa genero maskulinotik etorri da, eta horregatik parekidetasunez bizi nahi dugun gizonok guri ez dagokigun karga horri egin behar diogu aurre. Aski da.

  • Lehenik eta behin, gauza bat argitu beharra dago: parekidetasuna eta feminismoa ez dira gauza bera. Parekidetasuna gustatzen zait, eta feminismoa ez.
    Bestalde, gizon asko urrats batzuk atzerago daude, duda barik, baina era berean, feminismoaren izenean hitzegiten duten emakume asko ere koherentziatik pauso batzuk aurrerago daude. Adibide bat gaur bertan: Leire Pajín, PSOE partidu hiper-mega-igualitarioaren ministra denak, tratu txarrengatik prozesatuak izaten ari diren gizonei haurren kustodia kentzea proposatu du, epaia jakin aurretik. Ez dakit zuei, baina niri astakeria galanta iruditzen zait, beldurgarria, eta oso neurri arriskutsua. Hemen jende askok hausnartu beharra dauka. Eta ez bakarrik gizonezkoek.

  • Ados nago aurreko bi mezuekin.

    Bestalde, atentzioa deitzen dit alde batetik “Generoaz, parekidetasunaz, feminismoaz hitz egiteko urteko bigarren eguna, eta azkena.” sinatzen duenak zergatik idatzi duen testua gaur, eta ez, esaterako, Uztailaren 2an.

    Nik ere gizonezko zein emakumezkoek hausnartu beharreko gaia dela uste dut. Onartzen dut emakumezko askok hausnarketa eta ibilbide sakon eta luzea egin dutela, eta gizonezkook bide luzea dugula aurretik. Baina aurrekoak dioen adibidea bezalakoen inguruan ez dut feministarik ikusten berdintasunaren alde eta helburuarekiko eszeptizismoaren moduko sentsazio bat sor arazten dit horrek.

  • ba nik ez dut emakume ala gizon naizenik argitzeko intentziorik, artikuluak berak eta iruzkinetan agertu diren hainbat iritzik lur jota utzi bainaute (pertsona bezala).

    feminista naiz, argi eta altu esan nahi dut, askok feminismoaren ideia eta irudi distortsionatua duzuela iruditzen baitzait feminista ez eta igualitario zaretela diozuenean. eta, nago gaurkoan hemen idatzi den artikuluak uste ustel hori puztu eta puztu besterik egiten ez duela. ez dut uste idazlearen hitzetan intentzio txarrik egon denik, baina, probokazioa lortzetik urrun, aurkakotasuna eta amorrua piztu du.

    okerreko bidea eta okerreko etsaia aukeratu duelakoan nago. batzuek aipatu duzuen bezala, hobe mezu positiboak! idazleak ez du tutik ere idatzi genero, parekidetasun eta feminismoaz, eta gaurkoan, berak esan bezala, urtean bigarren eta azken aldiz bada ere, ikus dezagun gizonezkoez haratago…

  • Maite Olano 2010-11-26 09:56

    Gauza asko daude hemen komentatzeko… baina erantzunetan sartu barik, neure testuan zehaztapenak egingo ditut. Noski ez ditudala gizon guztiak zaku berean sartzen, hurrik ere, baina arrazoi, ziurrenik ez dut zehaztu. Gizonezkoak “aliatutzat” nahiko nituzke, eta beharrezko ikusten ditut erabat, baina ez soilik emakumeen askatasunen bila, gizonezkoen askatasunen bila ere bai… GIZONAren eredu hegemonikoaren “kalteetan” erreparatu nahi nuen, gizonezkoek ere feminismotik asko dutela irabazteko pentsatzen baitut.
    Eskerrik asko ekarpen guztiengatik.