“Euskal bidea” eta indarraren legea
“Euskal bidea” eta indarraren legea –
Kataluniako independentziaren kinkak eta Espainiako estatuaren erantzunak puri-purian jarri ditu berriz subiranotasunari eta Espainiaren izaerari buruzko betiko galderak. Ez dut kuttuna, ez naiz bere fana, baina Donald Tuskek, aginduzko Espainiako gobernuaren aldeko aitortza konstituzionala ez ezik, aholkua bota zion Rajoyri: “erabili arrazoiaren indarra eta ez indarraren arrazoia”. Horren ondoan “euskal bidea” ere entzun da gurean, Espainiaren alde biko harremanen aldekoa, alde bakarreko katalanen joera esan dezagun ‘zoroa’ren kontrako aldean. “Euskal bidea” ote da, orduan, arrazoizko bidea?
Bide paralelo eta gurutzatuak egin ditugu katalanek eta euskaldunok azken ehun urteetan. Pi i Margall kataluniarrak bere espainiar federalismoaz ideia berriak erein zituen ausardia pixka batez; 1876an, Las nacionalidades argitaratu zuen. Bertan, (Hego) Euskal Herriak independentziarako eskubidea zuela ere esan zuen (baina ez Alsaziarrek, adibidez…), euskaldunok ordu arteko gure legeei, oro har, eutsi genielako (Nafarroan ere ez zen hainbeste denbora beren legeak/erakundeak galdu zituztela), eta hor zetzan, hain zuzen, nazioaren ideiaren gakoa: legea edukitzea, Frantses Iraultzatik zabaldu zen bezala, lege bakarrak egiten duela nazioa.
Hala adierazi zuten erregimen liberal berriaren apostoluek, ordu arteko jatorrizko nazioaren ideia (berezia, bereizlea) zakarrontzira egotzita, Emmanuel-Joseph Sieyès frantses iraultzaileak proposatu bezala; berari egotzi izan zaio, hain zuzen, frantses departamenduen sistema berdintzailea. Eta, geroago, berdindu ere berdindua izan zen legez Euskal Herria Espainiarekin, 1876an. Gerra legearen pean, espainiar armadak okupatutako Euskal Herriari Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foruak kendu zitzaizkion, 1876ko Madrilgo legea batez. Hori 1877an betearazi zuen Canovas del Castillo ereduzko espainiar konstituziogileak (tortura eta esklabozaleak), euskal gobernu erakundeak, aldundi nagusiak, desegiteko aginduz. Aldundiak desegin egin ziren eta, badaezpada, espainiar agintariak bazuen errezeta armatua ere prest. Ekonomia ituna geratu zitzaigun trukean (Fermin Lasala Mandasko dukea, Donostiako egungo Cristina Enea parkearen jabea zena eta Gipuzkoako Norteko ferrokarrilaren ‘aita’, hor zebilen tartean).
“Indar gertaera batek Zuzenbidea eratzen du, indarra baita eskubidea indarrak Egoera (Estatua) eragiten duenean” Canovas del Castillo
Hori guztia bizi izan zuen Sabino Aranak, bere larrutan probatu zuen Canovas del Castilloren edabe konstituzionala, kubatarren esklabotzaren kontra hitz egin zuenean, eta kartzelan garesti ordaindu zuen. Ordurako, baina, Espainia nazioa zen, legez berdina. Canovas del Castillok, alderdi biko Espainiako estatuaren sortzaileak, argi utzi zuen 1841eko Nafarroako ‘lege hitzartua’ zakurraren putza zela bere irudiko, Espainiako estatuaren aurrean, nafartarrei Madrilgo gorteetan xuxen-xuxen esan zien bezala: “indar gertaera batek Zuzenbidea eratzen du, indarrak Egoera (Estatua) eragiten duenean, indarra baita eskubidea”. Hala ere, espainiar estatu-nazionalismoaren aitak oharra ere eman zuen 1876-1878ko aldian: ezin “euskal herritarrei foruak bat-batean kendu”, pixkanaka baizik, bestela altxatu egingo baitirateke.
Zer da “euskal bidea”? Zerbitzu-hornitzaile zintzo eta efizientea? Benetan, zer sinesgarritasun tarte eskaintzen digu Espainiak? Tuskek bazuen espainiar (indarraren) legearen berri, aspaldi honetan Katalunian dastatua, eta Canovas del Castillok argi utzi zuen zertan zen espainiar alde bikotasuna, baita Rajoy konstituzionalak ere, haren ikasleak.
Inperialismotik sinesgarritasun tarterik? Nik uste dut baietz: gure desagerpena.