Hau da zirrara!
Albistegi famatu batean idazten dut batzuetan. Bururatzen zaidana osatzeko, idatziari buelta mordoxka ematen dizkiot eta zerbaitera iritsi naizenean, berriz irakurtzen dut nola geratu den ikusteko. Behin eta berriro zuzentzen dut, ustez txukunen geratu den arte. Eta hala ere badakit ontzat eman dudanean hobetu dezakedala oraindik. Beraz beste orraztaldi bat ematen diot bidali baino lehen. Nahiko konforme nagoenean, sartzen naiz erabiltzaile moduan eta betetzen ditut urrats guztiak, urduri xamar argitaratzen dudan arte.
Orduantxe hasten dira zalantza larrienak. Jarriko al didate gaur azalean? Jakin badakit erredakzio taldean idazle trebatuak daudela, eta ikasle nintzela irakasleari idazlan bukatua ematen nionean bezala sentitzen naiz. Nota ona jarriko al dit?
Kezka arintzeko, saiatzen naiz arreta beste zerbaitetan jartzen eta bidalitako horretaz ahaztuta egongo banintz bezala egiten dut. Baina, ohartu orduko hasi naiz begiratzen ea idatzitakoak jaso duen nahiko nukeen onespena. Eta hortxe nago berriz albistegiaren http-a ordenagailuan idazten.
Halako batean, azalera pasa dutela ikusten dut eta azkeneko begiratu bat emateko tentaldia saihestu ezinik, berriki sartzen naiz testua irakurtzera. Eta hara non hobe daitezkeen batzuk (tartean akatsen bat!) azaltzen zaizkit begi-bistan garbi eta ozen. Ez da posible orain arte konturatu gabe pasatzea. Horrela, egindakoari aio esan baino lehen, perfekziotik gertu utziko duen ukituren bat egiten diot eta orduantxe bai, agur esaten diogu elkarri bata bestearengandik aski nekatuak…
Halakoxea da Zuzeun idaztearen zirrara! Ez dakit orain arte nola bizi izan naizen hori gabe.
Lore hoberik eta ederragorik, guretzat ezin.
ze angustia goxoa… hatzetatik kendu didazu sentsazioa.
Goizean esnatu, eta bera bakarrik dator gogora, zuk deitu gabe, bart gauean idatzi zenuen mezua; eta izututa bezela begiratzen diozu, orain erabat hoztuta baitzaude atzoko aldean! Ordenagailuaren aurrean jartzen zera, atzera irakurtzen dezu, eta zalantza pizten zaizu, txukuna, erakusteko modukoa ote dan… Egunak aurrera doaz, ez dezu erantzunik jasotzen… Eta ez duela merezi erabakitzen dezu. Eta hara nun, handik urtebetera, supermerkatuan, edo trenean, aspaldiko ezagun batekin alkartzen zeran, eta esaten dizun emozionatuta: nola gustatu zitzaidan duela urtebete idatzi zenuen mezua! 😉
[…] artikulua jatorrizko publikazioan: https://zuzeu.eus/2010/11/16/hau-da-zirrara/ […]