Lilurak estaltzen diguna

Lilurak estaltzen diguna –

Leire Narbaizari Kalamuatik Txargainera blogetik jaso diogu Gipuzkoako Hitzarako idatzi zuen testua, Kataluniarekiko lilurak estaltzen digunaz mintzo dena.

Aurreko mendean artikuluak idatzi izan banitu folio zuriaren aurreko bertigoa dudala esango nukeen, baina XXI. mendean bizi naizenez pantaila zuriaren aurrean galduta nagoela esango dut. 3000 karaktere idatzi behar, eta kurtsorea etengabe keinuka bertatik.

Lilurak estaltzen digunaEgia esatera, mila ideia dauzkat buelta-bueltaka buruan. Kontua da, ia guztiek ardatz bat dutela: Katalunia. Ardatz okerra artikulu baterako, momentu honetan bertan gertatzen dabilena deskribatuko banu letra bidez, ez lidakeelako balioko artikulua argitaratzen denerako. Egun larregi eta ziurgabetasun guztiak. Horretara, ardatz okerra ganorazko edozer hezurmamitzeko.

Abuztutik hona gabiltza, gutxienez, penintsulako ipar-ekialdean gertatzen den guztiari begira adi. Are gehiago, esango nuke hango informazioak ardazten duela hemengo kazetaritza baten albisteak, eta sare sozialetako gure jarduna.

Saihestezina da han pasatzen dabilena ikaragarria delako. Aitortzen dut ni ere jausi naizela urrunera begiratze horretan; izan ere, aspaldi miretsita nauka herri horrek erakusten duen jokamolde eta indarragatik.

Hala eta guztiz ere, exajeratu egin dugula uste dut. Askotan topikoetan pentsatzen dudanean, iruditzen zait euskaldunok garela mediterraneoko herria, itsas-ertz horretako biztanleei egozten dioten odol-berotasun horrek gidatzen gaituelako sarritan. Gogoko zeozer aurkitu, eta fan sutsuak bihurtzen gara, beti “erlijio” baten beharra izango bagenu bezala.

Kataluniakoarekin ere halako zerbait gertatu zaigulakoan nago. Ez litzateke txarra izango, handik zer edo zer ikasiz gero. Euren esperientzia ikusi, ikasi, hartu, hausnartu, moldatu eta aplikatuko bagenu. Baina hori egitekotan ere, kostata egingo dugu, inpultsoka funtzionatzen dugulako gehiegitan.

Era berean, ekialdera begira egoteak eta atentzio osoa bertan jartzeak beste arazo batzuk lausotu dizkigu, lanbrotu -estali eta ostendu ez esategatik-. Esate baterako, Euskal Herrian dirauen grebarik luzeena, Bizkaiko zaharren egoitzetako zaintzaileena. Denetatik esan diete: euren soldata laguntza bat zela familian, ipurdi-garbitzaile hutsak zirela… Hori guztia pertsona zaharren zaintzan lan egin, eta emakumeak izateagatik. Egia esatera, akordio bat lortu dute patronaleko talde batekin; baina, hala ere, %40 baino ez du ordezkatzen. Lehen ere nahiko zokoratua protesta, baina lehenengo lerrora salto egiteko aukera izanda, egoerak, berriro ere, hirugarren lerroan.

Lan gatazkekin jarraituta, 36 urteko behargin bat hil zen Erandion hilaren 20an Cables y Alambres lantegian. Beste langile bat, 48 urtekoa, hilaren 29an Basaurin, zortzi metroko altuera batetik jausita, Amebil enpresako teilatua konpontze lanetan ari zela. Egia da lan istripuek ez dutela albistegirik zabaltzen, gertakarien atalean agertzen direla, kasualitatez gertatuko balira legez. Ohitu gara halakoak irakurtzera, zoritzarrez, baina oraingoan ia jaramon egin ez zaiela iruditu zait.

Aurrerago, hilaren 28an Noelia Noemi 32 urteko andrea hil zuen bere bikotekideak. Gizonak bere buruaz beste egin zuen ostean. Seigarren emakume euskal herritarra da indarkeria matxistak erail duena. Baina ia oharkabean pasatu da, zurrunbiloan galduta, ia oihartzunik barik. (*Artikulua idatzi eta bidali ostean jakin nuen Ana Belen Jimenez senarrak hil zuela Lantaronen)

Badugu zer pentsatua. Beste hamaika ere izango dira, ziur, lilurak baztertutakoak. Ilusionatzea ondo dago, baina itsutu barik.

Lilurak estaltzen diguna  Lilurak estaltzen diguna  Lilurak estaltzen diguna

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.